Irati Urdalleta Lete.
ANALISIA

Itunak iruten jarraitzeko garaia

2022ko maiatzaren 11
00:00
Entzun

Mahai bueltan EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos-IU, hezkuntza akordioak emandakoa aletzen. Gutxitan ikusi ohi den irudia atzokoa, ezohiko adostasun baten seinale. «Historikotzat» jo dute zenbaitek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza akordioa. Eusko Legebiltzarreko lau alderdi nagusiak ados jarri dira, ondutako testuarekin legebiltzarkideen %90 pasatxok bat egin dute, baina jakinekoa da baten bat argazkian ez agertzekotan egon dela eta eztabaida biziak eduki dituztela, —hezkuntzan nagusi izan beharreko hizkuntza ereduaren inguruan, batez ere— .

Lana erruz egin ostean, mahai gainean dago akordio politikoa, eta babes politiko zabala jaso du. Entzute ariketa baten ostean iritsi da, aurrekaririk gabeko prozesu baten fruitua: ehun eragile inguruk eman zuten haien iritzia, helarazi zituzten dauzkaten beharrak, ituna ontzeko legebiltzarrean propio sortutako lantaldean.

Orain, erronka Eusko Legebiltzarreko adostasuna kalera ateratzea izango da. Gaurkoz, oro har, ez da halakorik. Bereziki kexu agertu dira sare publikoaren bueltakoak, itunpeko hezkuntza sustatzen dutela esanez. Euskararen alorrean ere zalantzak sortu ditu «euskara ardatz duen sistema eleaniztunak». Baina bada bestela pentsatzen duenik ere: altxatu dira aniztasuna sustatuko duela dioten ahotsak ere, eta testuak ikastetxeen itunpekoei mugak jarriko dizkiela ere nabarmendu dute.

Hor daude sindikatuak ere: behin betiko testua publiko egin aurretik grebarako deia egin zuten, eta bertan behera laga zuten deialdia, akordioaren nondik norakoak ezagutu zituztenean. Baina ez dira isildu kritikak, eta ez diete atea itxi mobilizazioei.

Kritikak kritika eta adostasunak adostasun, legearen sustraiak ezarrita daude, baina prozesua hasi besterik ez da egin: lege aurreproiektua ontzen ari da Hezkuntza Saila, eta Eusko Legebiltzarrera itzuliko da berriz bueltan, politikarien eta eragileen hitza jasotzeko, datozen hiru bat hamarkadetan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntzako jarduna arautu nahi duen legea onartu aurretik.

Erabakigarriak izango dira datozen hilabeteak, mugituak segur aski. Ikusteko dago akordioan idatzitakoari fidel izango zaion legea, baita horrek hezkuntza eragileen artean zer harrera daukan ere. Haiek esateko dutena entzutea eta legera eramatea ezinbestekoa izango da, haiek baitira paperean idatzitakoa ikasgeletara eramango dutenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.