Elkargoa ekonomia «itotzen» ari dela diote enpresaburuek

Zergen emendatzea Ipar Euskal Herriko enpresentzat «kaltegarria» izanen dela salatu dute ekonomia alorreko ganberek, patronalek eta sektore nagusietako ordezkariek

Andre Garreta Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako presidentea eta enpresaburuen beste ordezkariak, atzo, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2021eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Indar erakustaldia egin nahi izan dute Ipar Euskal Herriko enpresaburuek. Prentsaurreko bateratu bat egin dute ekonomiako hiru ganberek, patronalaren sindikatuek eta sektore ekonomiko nagusietako ordezkariek, Euskal Hirigune Elkargoak enpresen zergak emendatuko dituztela salatzeko. Ezohiko argazkia, argazki sinbolikoa, Jean Rene Etxegarai lehendakariari presio egiteko. Ekonomia «itotzea» leporatu diote, eta gutun bat idatzi diote denen haserrea adierazteko.Frantziako Estatuko ordezkariekin ere harremanean eman dira.

Atzoko agerraldian diskurtso bera errepikatu zuten denek, behin eta berriz, bakoitzak bere hitzekin. Krisi ekonomiko «larri» batean daudela, enpresak «perfusiopean» direla, eta haienganako zergak emendatzea «oso kaltegarria» izanen dela. «Ulergaitza da», Gerard Gomez ofizialeen ganberako buruaren hitzetan; «garairik okerrenean dator; eragina izanen du enpleguan eta lurraldean».

«Zentzugabea» da, Jean Pierre Istre UMIH Ostalaritzako Industria eta Lanbideen Batasuneko buruarentzat. «Airea falta dugu, eta burua urpean sartzen digute», salatu zuen Frantziako eraikuntzako federazioko Pirinio Atlantikoetako ordezkariak. «Zergekin zanpatzen bagaituzte, ez dugu iraunen», Joelle Darricau turismoko enpresak biltzen dituen GOazen klusterreko zuzendaritzako kideak. Sindikatuei dagokienez, enpresak «sufrimenduan», «agonian» direla erran zuen Caroline Philipps Lantegiak kolektibokokideak. «Ez gara esne behiak», salatu du Philippe Neys Medef sindikatuko buruak. «Dirurik ez denean, ekonomiak egin behar dira», Georges Strullu CPME sindikatuko buruak.

Hori baita, funtsean, Euskal Elkargoari leporatzen diotena: aurrekontua aitzina ateratzeko instituzioak dituen zailtasunak enpresen kargu eman nahi izatea. Joan den larunbatean bozkatu zuten aurrekontuan, lur zergaren emendatze bat onartu zuten—%0,29tik %2,79ra pasatuko da—, baina ez da hori haserre gehien piztu duena. Aurki onartzekoa duten garraio zergaren emendatzeak asaldatu ditu, duela bi urte bezala. %0,95etik %1,5era pasatu beharko litzateke, erran dutenez; enpresa bakoitzeko 3.800 euroko emendatzea aurreikusten dute batez bestean.

Euskal Hirigune Elkargo bakarraren «alde» dagoela nabarmendu zuen Andre Garreta Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako presidenteak, baina azken urteetako kudeaketa «txarra» deitoratu zuen:«Hamar elkargoak batuta indarrak mutualizatu eta ekonomiak eginen zirela pentsa genezakeen, baina, horren ordez, gastu finkoak emendatu dira». Horren ordez, langile kopurua emendatu dela deitoratu zuen, arlo batzuetan lan berdina egiteko bizpahiru pertsona daudela erranez. Elkargoaren langile kopurua apaldu beharko litzatekeela iradoki du.

«Beharrik gabeko» inbertsio batzuk ere aipatu zituen; horien artean, Aturri ibaian dabilen joan-jinkaria. «Badakizue zenbat kostatu den? Ez dute nehor garraiatzen, prezio merkean turismo pixka bat egin nahi duten gutxi batzuk izan ezik. Hori al da logika ekonomiko efiziente bat?».

Dena elkargoak egin nahi izatea salatu zuen Garretak. «Bizpahiru animatzaile hartuko dituzte enpresen mintegiak laguntzeko. Hori lehenago guk egiten genuen, hobeki, eta merkeago. Elkarrekin lan egin behar dugu; argazkia nahi badute, guk eginen dugu lana, eta horiek har dezatela argazkia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.