Parisek dudak ditu Akize-Hendaia AHT zatia egiteko, 2032tik aurrera ere

Proiektuaren bideragarritasun ekonomiko eskasa agerian utzi du beste txosten tekniko batek

Iñaki Petxarroman -

2014ko azaroak 6
Frantziako Gobernuarentzat, Akize eta Hendaia arteko abiadura handiko trena (AHT) ez da lehentasunezko proiektu bat, eta, gutxienez, 2032ra arte ez die ekingo zati horretako obrei. Alabaina, urte horretatik aurrera ere ekingo ote dion zalantza ez da uxatu. Areago, Frantziako Gobernuaren eskariz aditu batzuek egindako txosten tekniko batek ohartarazi du tarte horrek ez duela bideragarritasun ekonomiko ñimiñorik ere. Eta hala jakinarazi du, txosten hori jaso ostean, ministerio arteko proiektuei buruz ebaluazioak egiteaz arduratzen den Inbertsiorako Komisariatu Nagusiak: «Zuhurtzia handia behar da Akize eta Espainia arteko zatia 2032tik aurrera egiteko iragarpenari buruz».

Izan ere, erakunde horren arabera, Frantzia Ipar Euskal Herriarekin lotuko lukeen zati horren eraikuntzaren kostua eta salgai garraioaren bolumenaren gaineko azterketak oso konplexuak dira. Horregatik, ikerketa gehiago egin beharra nabarmendu du Inbertsiorako Komisariatu Nagusiak, izatekotan ere, legokiokeen garaian lanak abiatzeko.

Inbertsiorako Komisariatu Nagusiak Frantziako lehen ministroaren aginduz lan egiten du, ministerio bat baino gehiago ukitzen dituen proiektuen inbertsioen bideragarritasuna aztertzeko.

Kasu honetan, Frantziako hego mendebaleko tren lasterren inguruko txosten bat eskatu zion komisariatuak hainbat adituri. Besteak beste, Bordele-Akize eta Bordele-Tolosa zatien bideragarritasuna aztertu du. Bi proiektu horiek bai jo ditu lehentasunezkotzat gobernuak. Bi zation onura sozioekonomikoen Balio Garbi Eguneratua (VAN) 2,6 miliar euro da, baina, hari gehituz gero Hendaia bitarteko zatia 0,4 miliarrera jaitsiko litzateke.

Datu horiek Hego-Mendebaldeko Trenbide Proiektu Handiaren Ebaluazio Sozio-ekonomikoaren Kontrol Azterketan bildu dituzte Claude Abraham, Michel Bellier, Guillaume Lamy, Aude Rigard-Cerison eta François Vielliard adituek. Txostenean agerian utzi dute Hendaia arteko zatiarekiko erreparoa: «Proiektu horrek inbertsio ahalegin handiagoak exijitzen ditu (eta erakunde publikoen finantzazio zati garrantzitsuagoa), Akize-Espainia arteko zatia ez eginda baino».

Datu horiek denak eman zituen Victor Pachon CADE ingurumenaren aldeko elkarteko bozeramaileak atzo, Baionan. Pachonek ohartarazi zuen txosten tekniko horiek nabarmen utzi dutela proiektu horien bideragarritasun eskasa, bereziki Hendaia arteko zatiarena, baina baita Bordele-Akize eta Bordele-Tolosa artekoena ere.

Oregi, plangintza eske

Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak Espainiako Gobernuari eskatu dio egiteko Euskal Y-aren obren plangintza bat, hasieratik bukaerara arte. Hala erantzun die Oregik herenegun Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroak Bilbon egindako adierazpenei. Pastorrek «estatu proiektutzat» jo zuen tren lasterraren Euskal Herriko zatia, eta iragarri zuen Gasteiz eta Burgos arteko tartearen proiektua egiten ari direla.

Pastorrek jakinarazi zuen 2020rako amaituko direla lanak, etorkizunean egungo obren erritmoari eusten bazaie. Iragarpen hori kontuan izanik, Oregik «plangintza zehatz, zuzen eta argia» eskatu dio Pastorri, «hasiera eta amaiera» zehaztu eta bidean sor daitezkeen oztopoak aurreikusi ahal izateko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna