Alegazioa da azken aukera

Espainiako Bankuak zirkularra aldatu ezean, Kutxabanken %50ari eustea oso zail dute kutxek
Mario Fernandez eta Ignacio Sanchez Asiain, asteazkenean, Bilbon.
Mario Fernandez eta Ignacio Sanchez Asiain, asteazkenean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Iker Aranburu -

2014ko urriak 31
Azken aukera bat dute BBK-k, Kutxak eta Vitalek Kutxabanken jabetzaren zati handienari eusteko: Espainiako Bankuak beren alegazioak onartzea eta hirurak Kutxabanken bat eginda jokatzen ez dutela esatea. Hala ez bada, oso zaila dute akzioen gehiengoari eustea, banku baten jabetzaren %50tik gorakoari eutsi nahi dioten banku fundazioak praktikan bete ezin daitekeen erreserba funts bat osatzera behartu nahi dituelako Espainiako Bankuak. Kutxabanken kasuan, lehen kalkulu baten arabera, 700 milioi euro, iazko irabazien (108 milioi) halako ia zazpi.

Asteazken arratsean kaleratu zuen Espainiako Bankuak Aurrezki Kutxen eta Banku Fundazioen Legea zehazten duen zirkularraren zirriborroa. Horren zain zeuden kutxak beren etorkizuneko estrategia zehazteko. Zirkularrak susmo txarrenak baieztatu eta itxaropen baikorrenak zapuztu ditu. Horregatik, ostegun arratsean bertan iragarri zuen BBK-k alegazio batzuk egingo dizkiola zirriborroari. «BBK-k espero du Espainiako Bankuarekin hitz egitearen ondorioz zuzendu daitezkeela zirkularrak eragin ditzakeen disfuntzioak, eta banku fundazioaren zein Kutxabanken bideragarritasuna gorde ahal izango direla».

Desadostasun nagusia banku fundazioen kontzertazioari buruzkoa da; hau da, banku baten akziodun diren aurrezki kutxa ohiak indibidualki edo talde gisa hartu behar ote diren. Joan den astean Xabier Iturbe Kutxako lehendakari eta Kutxabankeko lehendakariordeak aldarrikatu zuen hiru akziodun zirela, eta nabarmendu zuen Kutxabanken kontrola, berez, BBKri zegokiola, harena baitira akzioen %57 —Kutxak %32 ditu eta %11 Vitalek—. Hau da, hari soilik dagokiola erreserba funtsa sortzea edo parte hartzea %50etik behera jaistea.

Ihesbide gutxi

Zirriborroaren hamazpigarren arauak, ordea, kolokan jartzen du ildo hori. Horrela dio: «Fundazioen arteko ekintza kontzertatu gisa hartuko dira haien arteko akordio edo itun estatutarioak edo parasozialak, aipatutakoak zein aipatugabeak, hitzezkoak zein idatzizkoak, finantza erakundea gidatzeko estrategiari buruz irizpide komun oinarrizkoak ekartzen badituzte, nahiz eta kudeaketaren gai zehatzetan tartean behin boto kontrajarriak eragin ditzaketen». Idazketa horrekin, zaila dute hiru kutxek batera doazela ukatzea, besteak beste, akordio politiko baten ondotik bat egindakoak baitira.

Espainiako Bankuaren zirriborroak baieztatu egiten du legeak dioena, eta %50etik gorako jabetza dutenei bost urte ematen die erreserba funts bat sortzeko, bankuak izan ditzakeen kapital eskasiak estaltzeko. Osatzeko bidean, urtero dibidenduetan jasotzen dutenaren erdia gutxienez jarri beharko lukete; aurrezki kutxa izanikoen kasuan, dibidendua da gizarte ekintzara doana.

Espainiako Bankuaren aurrean BBK-k eta Kutxabanken jokatzeko daukaten karta EBZk egin berri dion estres azterketa da. «Espainiako finantza sistemako lehen bankutzat jo zuten estres azterketek. Hortaz, uste du frogatuta dagoela entitatea kudeatzeko gaitasuna, lehen, orain eta etorkizunean», dio BBK-k.

Gaitasun hori kontuan hartzeko eskatu zuen atzo Andoni Ortuzar EAJko lehendakariak: «Ulertezina eta izugarrizko paradoxa izango litzateke estatuko finantza erakunde kaudimentsuenari eta haien jabeei trabak jartzea, gauzak gaizki egin dituztenentzat pentsatuta izango beharko litzatekeen legedi baten ondorioz».

Fernandezen asmoak

Alegazioak alegazio, legearen helburua aurrezki kutxa izanikoek bankuen jabetza eta kontrola galtzeko eginda dagoela barneratuta dauka Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak, eta horregatik berretsi zuen asteazkenean Kutxabanken etorkizunari buruz duen ideia: hiru kutxek jabetzaren %30 izango dute, horrekin kontrolari eusteko gai izango direlakoan erreserba funtsik osatu gabe. Bi modu ikusten ditu Fernandezek gaur egungo %100ko parte hartzea txikitzeko: zati bat salgai jartzea —eta horretan lortutako irabaziak inbertitzea gizarte ekintza elikatzeko—, eta kapital handitze bat egitea —«Europako gainontzeko bankuen maila berean jokatu ahal izateko»—.

Kutxabanken akzio salmenta Espainiako Bankuaren araudien ondorio ez dela baizik eta Fernandezen eta EAJren helburua zela du EH Bilduk. «Espainiako Bankuak Kutxabank akzioen %50 saltzera derrigortzen duen berria euskal kutxen pribatizazioaren bidean fartsaren beste urrats bat da», ziurtatu zuen atzo Ainhoa Beolak eta Jone Etxeberriak. Haien arabera, «EAJk eta Fernandezek aldez aurretik jakin behar zuten zer gertatu behar zen, eta euskal gizartea beren gezurrekin engainatu egin dute». Beolak gogorarazi du EAJk PPrekin hitzartu zuela Kutxabanken lehen administrazio kontseilua, biek aldatu zutela Euskal Kutxen Legea udalei batzarretan ordezkaritza mugatzeko, eta EAJ izan zela Espainiako Gorteetan PPren legegaia babestu zuen bakarra. Ildo horretan mintzatu zen Ainhoa Etxaide (LAB) ere: «Espainiako Bankua Mario Fernandezi laguntzen ari da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna