Txinako Parlamentuak boterean jarraitzeko bidea ireki dio Xi Jinpingi

Bi agintaldiko muga kentzeko erreforma onartu du ganberak, presidentearen neurriak garatzeko

Xi Jinping Txinako presidentea, herenegun, Beijingen, bozketa baino lehen. HOW HWEE YOUNG / EFE.
ander perez zala
2018ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Xi Jinping Txinako presidentea 1980ko hamarkadaz geroztik izandako politikaririk boteretsuena bilakatu zen herenegun, Txinako Parlamentuak bi agintaldiko muga kentzea erabaki zuenean. 2023. urtean amaituko da haren bigarren agintaldia, baina konstituzioaren erreformak ahalbidetuko dio urte luzez boterean jarraitzea, hala nahi izanez gero. Gaur-gaurkoz, Xik ez du ez etsairik, ez oposiziorik alderdian, eta herrialdea aro berri batean murgiltzeko aukera ireki zaio, urteotako erabakietan sakontzeko eta Txina munduko lehen potentzia bilakatzeko.

Herrialdeko presidente izateaz gain, Xi Indar Armatuen burua eta Txinako Alderdi Komunistaren idazkari nagusia ere bada; hain justu, bi kargu horiek ere ez dute agintaldi mugarik. Txinako sistema «modernizatzeko eta gobernabidea hobetzeko» erabakia dela adierazi du hainbatetan Xik, baina erabakiaren aurkakoek uste dute «diktadura pertsonal» baten hasiera izan daitekeela. Txinako presidentearen aldekoentzat, «beharrezkoa» zen aldaketa, Xik denbora gehiago behar duelako bere neurri ekonomikoak behar bezala garatzeko eta «Amerikako Estatu Batuei aurre egiteko».

Boterean jarraitzeko asmoa zuelako zantzuak eman zituen Xik lehen agintaldia amaitu zuenean. Ohikoa da presidenteak bere ondorengoa hautatzea ordurako, Jiang Zeminek eta Hu Jintaok egin bezala, baina egungo presidenteak ez zuen halako erabakirik hartu, herenegun baieztatu zen aukerari bidea irekiz. Babesa erabatekoa izan zen: ganberako 2.958 diputatuk erreformaren alde bozkatu zuten, bik kontra, hiruk zuri eta bat baliogabe utzi zuten. 1982an Deng Xiaoping presidenteak bultzatu zuen bi agintaldien muga, baina egun lurperatu egin dute haren legatu politikoa.

Pentsamendu politikoa

Agintaldien mugaren erreformaz gain, parlamentuak beste hogei zuzenketa onartu zituen igandeko bilkuran. Esanguratsuena, Txinako Konstituzioan Xiren pentsamendu politikoa sartu duena, «ezaugarri txinatarrak dituen garai berriko sozialismorako» pentsamendua.

Xiren boterea eta rola indartzeaz gain, Txinako Alderdi Komunistarena ere handitu da estatuarekiko, konstituzioan sartuko duten esaldi honen bidez: «Txinako Alderdi Komunistaren lidergoa da botere lokalaren sistema definitzen duen ezaugarria». Horrek ahalbidetuko luke alderdiaren eragina indartzea «herrialdeko gune guztietan».

Aldaketa horiez gain, datozen egunotan aztertu eta bozkatuko dute egungo gobernuaren berregituraketa. Proposamena onartuz gero, estatuaren menpe dauden agentzia batzuk fusionatuko dituzte alderdi komunistaren menpe dauden beste batzuekin. Igandean bezala, espero da proposamenak baiezko zabala izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.