Austriak zazpi meskita itxi ditu, eta dozenaka imam kanporatuko ditu

Kurz kantzilerrak esan du «islam politikoak» ez duela lekurik. Turkiak «arrazistatzat» jo du neurria

Komunitate islamikoaren imamek muturreko islamismoaren kontra iaz egindako agerraldia, Vienako Zentro Islamikoan. CHRISTIAN BRUNA / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Austriak Ramadanaren bete-betean hartu du erabakia. Sebastian Kurz kantziler kontserbadoreak iragarri du zazpi meskita itxi dituztela, eta datozen egunotan dozenaka imam deportatuko dituztela: «Elkarte paraleloek, islam politikoak eta erradikaltasunak ez daukate lekurik Austrian». Heinz-Christian Strache harago joan da esanez hartutako neurriak «hasiera baino ez direla». Gobernu koalizioko eskuin muturreko alderdiko buruaren hitzetan, ezin daitezke onartu «erlijioaren izenean zabaltzen diren gorrotoaren mezuak».

Immigrazioaren eta islamaren kontrako politikak bihurtu dira kontserbadoreek eta eskuin muturrak osatutako koalizio gobernuaren ikur. OVP Austriako Herri Alderdiak eta FPO Austriako Askatasun Alderdiak iazko abenduan osatu zuten gobernua, urriko bozetan kontserbadoreek botoen %31,5arekin irabazi ostean. FPOk, muturreko populismoa ordezkatzen duen alderdiak, botoen %26 eskuratu zituen, baina erabat baldintzatu du gobernuaren jarduna, eta aurreko agintaldian —2015ean— onartutako legea aurrenekoz ezartzea sustatu dute: imamek atzerriko finantzaketa jasotzea debekatzen duen legea.

Meskitak ixteko erabakia apirilean zabaldutako irudi batzuen harira egindako ikerketaren ostean etorri da. Irudi horietan hainbat haur ikusten dira, uniforme militarrez jantzita, batzuk meztituta, bataila historiko bat antzezten: Gallipoliko bataila.

Irudi polemikoak

Gudu horrek I. Mundu Gerraren norabidea aldatu zuen. Otomandar Inperioak britainiarrak eta frantsesak garaitu zituen, eta, 1915. urteko otsaila eta abendua bitartean, borroka hartan 100.000 lagun hil ziren. Ataturk bera borrokatu zen han, eta, independentzia gerraren buruzagi militarra izan zenak 1923an eratu zuen Turkiako Errepublika.

Apirilean zabaldutako irudietan, herrialde horretako ikurrekin tapatuta zeuden haur meztituak ageri ziren. Horrek eztabaida eragin zuen meskitetan zabaltzen diren ideien inguruan.

Austrian 8,8 milioi biztanle daude, eta horietatik 700.000 inguru dira musulmanak. IGGiO da herrialdean dagoen elkarte islamikorik handiena, eta, haren hitzetan, itxi behar dituzten meskitek ez dituzte beharrezkoak diren baimenak. Gurtu Musulmanaren Komunitateak berak gobernuak bideratutako ikerketan lagundu zuen.

Berez, Viena hiriburuan daude itxi dituzten meskitetako lau. Austria Garaian daude beste bi, eta Carintian bestea. Gobernuak iragarri du desegin egingo duela zazpi meskitetako sei kudeatzen dituen elkartea ere: Komunitate Erlijioso Arabiarra. Elkarte horrek salafismoarekin lotutako ideiak zabaltzen ditu, antza; Koranaren interpretaziorik zorrotzena egiten duen ildoa da salafismoa.

Meskita horietan ari ziren imamak ere deportatu egingo dituzte. Herbert Kickl Barne ministroak jakinarazi du 60 bat predikatzaile kanporatuko dituztela, euren senideekin: guztira, 150 bat lagun. ATIB Austriako Kultura eta Gizarterako Batasun Turkiar-Islamikoak 100.000 kide ditu, eta 60 meskita kudeatzen ditu herrialdean, antza. Hainbat iturrik diote lotura estua daukala Turkiarekin; Recept Tayyip Erdoganen AKP Justizia eta Garapenerako Alderdiarekin. Elkarteak berak onartu du atzerriko finantzaketa jasotzen dutela, baina zehaztu du han predikatzailerik ez zegoelako eraman zituztela Turkiatik.

Turkiaren erantzuna

Ankaratik, bada, gogor kritikatu dute neurria. Ibrahim Kalin Turkiako Gobernuko bozeramaileak adierazi du meskitak ixtea eta imanak kanporatzea «politika populista, arrazista eta islamofoboen» ondorio dela. Hainbat adituren ustez, neurriak mesede egingo dio Erdogani. Turkian heldu den ekainaren 24an dituzte hauteskundeak eta islamistek uste dute auzi hau kanpainan baliatuko dutela.

Erabakiak polemika piztu du Austrian bertan ere. Liberalek eta sozialdemokratek exekutiboaren neurria babestu dute, baina ekologistek neurria deitoratu dute. Hain zuzen, kontserbadoreek sozialdemokraten sostenguarekin atera zuten aurrera 2015eko legea. Lege horrek atzerriko predikatzaileak debekatzen ditu, baita atzerriko finantzaketa ere, neurri horien bidez saihestu egingo delakoan komunitate musulmanaren atzerriko eragina.

Baina meskitak ixtea ez da herrialdean hartu den erabaki polemiko bakarra. Gobernuak berriki iragarri zuen legezko egitasmo bat hasiko duela haur eskoletan eta lehen hezkuntzako geletan beloa debekatzeko. Berdintasuna bermatze aldera hartutako neurria izango dela aurreratu dute, neskatoak baztertu ez ditzaten, baina askok bestelako interpretazio bat egiten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.