urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Katalunia, atzera-kontuan

2017ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Lehortea hasi da erredakzioetan, albiste gutxien egon ohi den urteko sasoia. Katalunian berriz, egutegia beste era batean doa argalduz: erreferendumerako falta diren egunen arabera (84 egun edo hamabi aste orain bertan). Jakina zen aste garrantzitsua zela, galdeketaren data eta galdera ezagutu genituenetik eta Diada baino lehenxeago deialdi ofiziala egin arte gobernuaren aldetik egongo den ekimen garrantzitsuena ziur aski: erreferendum horren argibideak eta zertzeladak ezagutzea. Estatu demokratiko normal batean (Danimarka edo Kanada, kasurako), deialdiarekin batera gertatuko litzateke. Baina Espainiako Gobernuak botere exekutiboari uko egin eta judizialean ezkutatu duenez estatu gisa daukan auzi politiko nagusia, erridikulu samarrak ere badiren gauzak egin behar ditu Kataluniako Gobernuak, hala nola egingo duen guztia esan, baina behin ere ez idatzi edo ofizialdu, Madrili aldez aurretik aitzakiarik ez emateko.

Batzuek puntu absurdo horri heldu diote Madrilen, Kataluniako egitasmoaren seriotasun falta salatzeko, Espainiaren itxikeriaren ondorio dela aipatu barik. Eta aste hau oso garrantzitsua izan da argi uzteko Generalitatearen helburua errepublika independentea dela. Jordi Baiget sailburuak bazka eman zien astelehenean lehen argudioari heltzen ziotenei. Eta Carles Puigdemont presidenteak unea iritsi zela ikusi zuen, indar eta botere erakustaldia egin zuen Baiget berehala gobernutik egotzita, eta zalantza guztiak uxatu zituen. Artur Masi CUPek jarritako betoaren ondorioz iritsitako agintariak argi utzi zuen berak daramala lema orain, bidea oso argi dagoela datozen asteetarako, eta une honetan ezin dela zalantzarik egin.

Badakit oso maiztuak direla argudio horiek, errezeloa ere badakartela itsu-itsuan segitzera egindako deialdiek, «orain ez da autokritikarako unea», «ez da komeni aurkariari zatiketarik erakustea», baina beste inoiz baino garrantzitsuago da. Ezohikoa da egoera Katalunian, erabateko salbuespenekoa, asteartean aurkeztutako (baina hil eta erdi barru arte ofizialki onartu gabeko) legean adierazten den legez: «Lege honek ezohiko erregimen juridikoa ezartzen du, Kataluniako autodeterminazio-erreferenduma arautu eta bermatzeko helburuarekin. Gatazkan sar litezkeen arau guztien gainetik dago hierarkikoki, Kataluniako herriaren oinarrizko eta kendu ezin zaion eskubide bat arautzen duen neurrian».

Hamabi aste falta dira katalanek bozkatzeko. Handik egun batzuk beharko dira, inpugnazio eta berrikusketen ostean, emaitzak ofizial izateko, baina hortik 48 ordura, urriaren erdirako Kataluniako errepublikaren aldarrikapena etor liteke. Haizea alde dute. Edo asmatzen ari dira haizea alde jartzen. Espainia kontra, baina zatituta. Batzuk Espainiako konstituzioko salbuespeneko neurriak eskatzen ari dira;PSOEk ezetz esan du. PSCko alkateek diote udaletxeak zabalduko dituztela erreferendumerako. Podem-ek ere argi ikusi du demokraziaren alde ala kontra egotea dagoela jokoan. Ezker ez-independentistako beste eremuan, «Comuns»etan, erreferendumaren alde mintzatu diren buruzagiei aurre egin diete militante askok.

Kataluniako agendan hil eta erdi barru dator erreferendumaren deialdia, kanpaina eta prozesua burutzea behingoan, errepublikaren sorrerarekin. Baina Madrilek badaki beranduegi izan litekeela, aldarrikapena gauzatuta, nazioarteko dimentsioa hartuko duelako, eta hasierako jarrerak estatuen aldekoak izan ohi badira ere, aski da estatu txiki batek aitortu eta zurruntasun hori pitzatzea, gainontzekoek ere bide bera hartzeko. Independentziaren aitortza estatuen erabaki politikoa da, baina ondorio juridiko argiak ditu: estatu berri baten benetako sorreraren unea da, besteek euren klubean onartzen zaituztenean. Espainiak badaki oso denbora laburra gelditzen zaiola ezer egiteko. Eta agian, hori ere ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.