Demirtasek uko egin dio HDPko presidente kargua berriz betetzeari

Turkiako justiziak hamasei urteko espetxe zigorra ezarri dio Kurdistango diputatu bati

Iosu Alberdi.
2018ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Kurdistango HDP Herriaren Alderdi Demokratikoak otsailaren 11n egingo du alderdiaren kongresua, eta aldaketak egongo dira bertan. HDPko presidentekide Selahattin Demirtasek uko egin dio presidente kargua berriz betetzeko aurkezteari, 2014tik izan duen postua. Bere aurkako epaiketan zer gerta daitekeen ikusirik hartu du erabakia. Izan ere, HDPren aurkako errepresioa gogortu dute 2016an estatu kolpea jotzeko saio bat izan zenetik. Azken adibidea Idris Baluken diputatuaren aurkako epaia izan da. Turkiako auzitegi batek hamasei urte eta zortzi hilabeteko espetxe zigorrera kondenatu du, PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin lotura izatea leporatuta. PKK «erakunde terrorista bat» da, Turkiako Gobernuaren, AEBen eta EB Europako Batasunaren arabera.

«Gure bidean gogotsu jarraitzeko, eta borroka politikoak pertsonentzat egiteko kultura hobetzeko, eta ez postuak lortzeko, ez naiz aurkeztuko presidente kargura», adierazi zuen Demirtasek, alderdiari bidalitako gutun batean. Izan ere, Turkiako legediak ez du onartzen «terrorismoa» leporatuta kondenatutako norbait alderdi politiko bateko kide izatea. «Gure aurkako propaganda zikina, eta oinarririk gabeko akusazioak eta erasoak egon arren, ez gara ez separatistak, ez terroristak», gehitu zuen lider kurduak gutunean.

Bere aurkako epaiketa hasi eta hilabetera hartu du erabakia. HDPko liderra 2016ko azaroaren 4tik dago preso, behin-behineko espetxealdian. Fiskaltzak 142 urteko kartzela zigorra eskatu du harentzat, «erakunde terrorista bat sortu eta erakunde terrorista bateko kide izateagatik». Demirtasi ez zioten aukerarik eman epaiketara joateko, eta uko egin zion bideokonferentziaz deklaratzeari. Lider kurduari «zuzenean defenditzeko eskubidea» ukatu zitzaiola salatu zuten orduan HDPko diputatuek.

Demirtasekin batera, alderdiko beste buru Figen Yuksekdag eta beste hamar kide atxilotu zituzten 2016ko azaroan, PKKrekin kolaboratzeaz akusatuta. Horien artean zen Idris Baluken ere, atzo hamasei urte eta zortzi hilabeteko espetxe zigorrera kondenatu zuten diputatua. Baluken 2017ko urtarrilean askatu zuten, baina hilabete geroago espetxeratu zuten berriz ere. Diyarbakir probintziako (Turkiaren menpeko Kurdistan) diputatua «propaganda terroristagatik», «erakunde terrorista bateko kide izateagatik» eta «Turkiako estatuaren osotasunari kalte egiteagatik» kondenatu dute. Ez da era horretako kondena bakarra izan. 2017. urte amaieran, Burcu Celik eta Selma Irmak diputatuak zigortu zituzten, sei urteko espetxe zigorrera lehena eta hamar urtekora bigarrena.

HDPk Turkiako Parlamentuan duen bozeramaile Serpil Kemalbayk erabaki politikotzat hartu du Balukenen aurkako sententzia: «Zigor hau erabaki guztiz politikoa da, legea hiltzeko erabakia. Itzulerarik gabeko puntu bat da Herriaren Alderdi Demokratikoarentzat». HDPk 54 diputatu ditu Turkiako Biltzar Nazionalean, eta hirugarren indarra da.

Turkiako Gobernuak eta eskuin muturreko oposizio nazionalistak PKKren adar politikoa izatea leporatzen diote HDPri, alderdiak gerrillari indarkeria uzteko eta bide politikoetatik jotzeko eskatu arren. Demirtasek Turkiako Gobernuaren eta PKKren arteko negoziazioetan parte hartu zuen, eta behin baino gehiagotan bisitatu zuen gerrillako buru Abdullah Ocalan espetxean. Ocalanek su etenaren alde egin zuen 2014an, baina 2015eko ekainean amaitu zen hura.

Kurdistango Langileen Alderdiak 1984an hasi zuen borroka armatua, Turkiaren menpe bizi diren hamabi milioi kurduen eskubideak babesteko asmoz.

Atxiloketa gehiago

Hamalau lagun atxilotu dituzte Diyarbakir probintzian, PKK finantzatzea leporatuta. Atxilotuen artean dago probintziako Turkiako segurtasun indarren ibilgailuak konpontzeaz arduratzen den enpresa baten jabea.

Probintziako gobernazioak herenegun kaleratutako txosten baten arabera, 53 dira 2016ko azaroaren 23tik 2017ko abenduaren 1era bitartean «terrorismoa finantzatzeagatik» atxilotu dituztenak Lice barrutian —Diyarbakir probintzian—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.