urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Leku izenak

2018ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Mazedoniako errepublikan erreferenduma egingo dute bost aste barru, herrialdearen izena aldatzeko. Bitxia da herritarrei egingo zaien galderak ez duela hitzik esaten izen aldaketaz, horren ondorio ustez onuragarriez baizik: izena izan da urtetan Greziak iparraldeko auzoari betoa ezartzeko aitzakia, eta hori aldatuta, bidea erraztuko zaio Europako Batasunean eta NATOn sartzeko. Hala, atzekoz aurrera egin dute galdera: «EBko etaNATOko kide izatea babesten al duzu, Mazedonia eta Greziaren arteko akordioa onartuz?».

Ekainean iritsi zen Atenasen eta Skopjeren arteko hitzarmena, bi herrialdeetan gobernu aurrerakoiak zeudela, eta oposizioan eskuin nazionalista zegoela. Mazedonia izen helenikoa da, eta oso lotuta dago Grezia klasikoaren tradizioari, baita Alexandro Handia ere. Kosovoren independentzia garaian Balkanetan erreportajeak egiten genbiltzala, bazegoen nazioarteko agentzia bateko operadore greziar bat, beti txantxaka zebilena, Mazedonia aipatzean salbu. Kosovora bidean herrialdea zeharkatzen ematen zituen bi orduak isilik eta haserre ematen omen zituen, eta sutu egiten ei zen Alexandro Handia izeneko aireportuaren ingurutik pasatzean. Orain berriz ere Skopjeko aireportua omen da; gatazka apaltzeko lehen urratsetako bat izan zen. Akordioaren arabera, Ipar Mazedonia izango da herrialdearen izen berria, nahiz eta herritarrei «mazedoniar» deituko zaien, eta NBEn «mazedoniera» deituko zaion herrialdeko hizkuntza eslaviarrari. Hori bai, nabarmenduko dute «mazedoniar» horiek ez dutela zerikusirik Grezia klasikoko mazedoniarrekin.

Skopje ez da hiri ederra, baina atsegin dut, estatu-nazioaren Europaren aurreko burgoen egitura baitu: albaniarrak bizi dira alde batean, eta eslaviarrak, mazedoniarrak bestean. BERRIAn eman genuen eta ETBn hartu ez zuten erreportaje bitxia egin genuen duela hamarkada bat ibaiaren eta zubiaren alde batera eta bestera zeuden desberdintasunez. «Mazedoniarra naiz, hau dut nortasun nazional bakarra, hizkuntza mazedoniera dut, zelan deituko diot beste era batera?»; eta handik metro gutxira, albaniarrak: «Izena gutxienekoa da, baina ezin dugu mundutik blokeatuta jarraitu ergelkeria honekin. Edozein izen izan liteke onargarri... tira, Eslaviar Mazedonia izan ezik, hemengo biztanleen zati handi bat ez gara eslaviarrak, eta estatua gurea ere bada».

Beste albaniar batek azaldu zidan gordinen ikuspegia: «Mazedoniarrak ez dira existitzen, Titok asmatu zituen. Serbiaren menpeko lurraldea zen, baina ez zuen Serbiarentzat hainbeste izatea nahi, albaniarrak zatitzeko ere balio zion, eta euren hizkuntza azken baten bulgariera da». Gainontzeko herrialdeek bere eliza ortodoxoa duten artean, Mazedoniakorik ere ez zegoen. Albaniarrek, hainbat erlijio eta elkarrengandik oso desberdinak diren dialektoak mintzatuta ere, albaniartasuna izan ohi dute denaren gainetik. Eslaviarrek berriz, funtsean bi hizkuntza nagusi baino ez egin arren Balkanetan—serbokroaziera, eta bulgariera-mazedoniera, gehi esloveniera—, sei-zazpi izendapen dituzte, elkar ukatuz sarritan: 1990eko hamarkadan, «bosniera» deitu zioten hango Bosniako mintzairari, eta «montenegroera» ere deitu izan da 2006an herrialde horrek independentzia lortuz geroztik.

Arrazoi dute beraz, nazionalista greziarrek mazedoniarren nortasuna ukatuta eta lurraldearen heleniartasuna aldarrikatuta? Ikuspuntu historiko luzetik ikusita, agian. Baina greziarrek ere ondo dakite duela bi mende otomandar inperiotik askatu zirenean sekula ez zituztela hain iparrera zeuden lurraldeak eurentzat aldarrikatu, ordurako ia ez zegoela greziarrik egungo Salonika eta inguruetan, eta bai albaniarrak, aromaniarrak, eslaviarrak eta turkiarrak. Gero mende batez hizkuntza bakarreko politika etnozida garatu dute, Turkiaren oso antzekoa, baina herrialde kristaua izanik eta EBn egonda, inork ez dio gaztigatu bertako gutxiengoen aurkako jarrera asimilazionista.

Azken baten, duela bi mila urte greziar lurraldea izan, hizkuntzaz bulgarieraren aldaera izan, Titok edo beste edonork asmatu naziotasuna... egun hortxe daude mazedoniarrak, hala sentitzen dira, hala mintzatzen dira, eta hori ezin die inork ukatu. Beste edozein komunitate bezain «asmatua» da. Greziak baino askoz eskubide gehiago dituzte aromanieraz (Balkanetako hizkuntza latinoa) diharduten komunitateek. Badakite Belgikaren bidetik joan beharko dutela albaniarrekin, hamar herritarretatik hiru edo beharbada lau ere badira jadanik. Eta Greziarentzat konponbide egokia bada, «iparraldeko» jartzea, fenomeno. Hegoalde bat ere badagoela gogorarazten du.

Nahiko nuke Euskadi hitza hogei kilometro koadroko nazioa izatetik, zazpi milako erkidego autonomo bihurtu dutenek, eta Basque Country-rekin krimen bera egiten ari direnek, «mendebaldeko Euskadi (=Euskal Herria)» eta «Western Basque Country» izena erabiliko balute. Estatua izan aurretik, aukeran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.