urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Indigenak estatu bila

2021eko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Herri indigenen nazioarteko eguna izan zen astelehenean. Aspaldion zintzotasun politikoz hedatutako basati zintzoaren irudiaren ondoan, ekologiaren antzera zaindu eta babestu beharreko elementu gisa erakutsiz erabat soziala den fenomeno bat, herri indigenak beste ezeren aurretik gizataldea baitira. Eta ahaldundu ahala, protagonismoa eta erabakimena hartzen dute, eta hitzarekin batera, eztabaida eta kontraesana ere badatorkie taldeari, noski, zelan ez, baina ezinbesteko pieza da hori, iragan mitiko batean galdutako basati gizajoa denean alternatiba.

Bide horretan herri batek baino gehiagok dihardute. Esanguratsuenak ziur aski, planetaren bi muturretan dauden herri bi dira, eremu polarrean bata, Pazifikoko gune tropikalean bestea.

Groenlandiako inuitak dira lehenak noski —edo inuitak, oro har—, Kanadan egin dituzten urratsei erreparatu, baina Groenlandia are laborategi interesgarriagoa bihurtu dela esango nuke: independentziaren beharra geroz eta zabalago ulertzen da, horrek norbere burua ahalduntzea dakarren neurrian. Herri indigena batek estatu baten ardura hartzeak, ordura arteko ardura zeukanak lan hori kendu eta zeu horretarako gai zarela erakustea da. Berez ez da erraza, estatu hori munduan demokrazia indizeetan goi samar ageri ohi den eskandinaviar herrialde bat bada. Eta hori guztia, zure esku egon litezkeen baliabide guztiak erabilita erraz izan baliteke ere, horietako batzuei uko egitea, zure lurzorua meatzeetarako baliatzea, adibidez.

Beste adibidea, bistan da, kanak herria da, eta Kaledonia Berrirako dakarten proposamen independentista, horretarako urterik erabakigarrienean. Inuiten antzera, urrats sendoz doaz independentziara bidean, ustez aurten bertan burutuko den prozesu baten amaieran. Noumeako akordioek iragarritako balizko hirugarren erreferendumerako lau hilabete baino gutxiago falta dira; hilaren 12an zirt edo zart egiteko unea izango da, eta akordioan adostutako bidearen amaiera izan liteke. Hortik aurrera, lurralde ezezagunean sartuko litzateke artxipelagoa, ezetza gailenduz gero, paperaren gainean Parisek diseinatutako bide-orri zabalera iristeko abiapuntua litzatekeenez gero. Oraindik definitu gabeko estatus bat landuko litzateke, beste erreferendum bat, eta Kaledonia Berriko artxipelagoko herri nagusia izan den kanakentzat mehatxu kolonial demografikoa: Noumeako akordioek aintzat hartzen zituzten ezaugarri indigenak —batez ere, kanak herritar guztiei erreferendumean parte hartzeko gaitasuna—, baina gainerakoen kasuan, bertan denbora luzea daramatela frogatzerik badute, XX. mendeko gutxitze demografikoa orekatzeko neurri gisa. Horrek tentsioa ekarri du, geroz eta eskuinerago eta arrazistago jo duten unionista askoren eskuetan, bozketan baztertuta zeudela salatzen. Eta presio horrek gora egingo du, zalantzarik gabe.

Horren aurrean, kanak independentismoak ere bere burua berrasmatu behar du, neurri handi batean. Abagune historikoan, lurraldeko erakunde garrantzitsuenetakoen agintea lortu dute, Gobernuan gehiengoa, exekutiboan presidentetza Louis Mapouk eta, azkena, Kaledonia Berriko Biltzarreko presidentetza Roch Wamytanek. Hala, FLNKSeko kideek gidatuko herrialdea datozen hilabeteetan. Esan liteke, noski eguneroko kudeaketari dagokiola ardura hori, ez herrialdearen estatusari, baina horrek ere berebiziko garrantzia du Frantziako Errepublikatik bereizitako Kaledonia Berri independente baten normaltasuna erakusteko.

Frantziaren itsasoz besteko lurralde askotan egoera dramatikoa da azken egun eta asteotan, Covid-19a sekulako txikizioa ari da egiten Guadalupen eta Martinikan esaterako, eta derrigorrezko konfinamendua ezarri dute. Ozeanian, Frantziaren menpeko Polinesian itzel hazi dira egunotan kutsatzeak, Emmanuel Macron presidentearen bisitaren ondotik. Eta horren aurrean, bi neurri garrantzitsu melanesiar artxipelago «ahaidean»: berehalako laguntza bidaltzea Papeetera, hasteko, osasun-langileak dagoeneko Polinesian dira, hondamendian laguntzen. Bigarrena, Kaledonia Berriaren itxiera Urtezahar egunera arte luzatzea, erreferenduma igaro arte, alegia. Orain arte, emaitza bikainak eman dizkie itxierak, osasunari dagokionez, eta bakarrik ibiltzeko gaitasuna ere agerian utzi du. Izan den agerraldi garrantzitsuena ere, aste batzuetan kontrolatzeko gai izan ziren; Wallis eta Futunan jatorria zuten langileren batekin iritsi ote zen zabaldu zen. Batzuen oldar xenofoboaren aurrean, mugimendu independentistak mezu integratzaile garrantzitsua bidali zuen; Kaledonia Berrian erabateko garrantzia izango du tonu horrek: kanak herriaren arragoan, denentzako estatu hobe bat eraikitzea. Baliteke europar jatorriko askorengan eraginik ez izatea mezuak, baina hortik kanpoko eremu zabal horretako biztanleak, polinesiarrak kasu, erakarriz gero, erreferenduma irabaztea benetako aukera bihurtzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.