urtzirrutikoetxea
Atentatuak Katalunian. Iritzia. LEKU-LEKUTAN

Errepublikako hizkuntza

2017ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Kataluniak terroreari emandako erantzunak erakutsi du prest dagoela independente izateko», The Guardian britainiar egunkarian zalantzarik uzten ez zuen artikulua argitaratu zuten ostegunean. Wall Street Journal-ek ere heldu dio gaiari. Atentatua gertatu eta astebetera, Kataluniara begiratzeko era aldatu egin da nazioartean: ordura arte auzi politiko nahasi eta sakona zen, Espainiaren barne auzia nahi baduzue, baina erasoaren aurrean Kataluniako gizarteak eta gobernuak erakutsitako jarrerak Mediterraneo ertzean Mesetara begiratu gabe bizi den nazioa agerian jarri du. Erantzun zibiko paregabea izan da, biktimekiko elkartasunetik musulmanen babes eta kohesiora eta probokazio faxistei atea itxiz; Generalitatearen menpeko erakundeek komunikazio-lezioa eman dute, gardentasunean, bizkortasunean eta katalanetik abiatuz beste hizkuntzetara jauzi eginez.

Mossoen efikaziak (mila ñabardura behar dira, badakit), bere poliziarekiko harrotasuna piztu du gizartearen eremu zabal batean, etakatalan erakundeen eta herritarren arteko loturak estutu ditu. Bere burua Kataluniako erakundeekin identifikatzen duen nazio bat, eta Kataluniako segurtasun indarren efikaziaren miran den nazioarteko komunitatea. Erakundeek herritarrei galdeketa eragotzi gura dien Espainiako gobernuak parez pare ikusi du nola funtzionatu duen estatu bezala Kataluniak, errepublikarako estatu-egituren entsegu orokorra balitz bezala, presio handienaren pean ezin hobeto erantzun duen erakundea izan baita, muturreko estres faktore eta guzti. Eta Madrilgo alarmak piztu ditu horrek. Katalanek, urrats guztiak eman eta independentzia aldarrikatuta ere, hura gauzatzeko haustura fisiko bat gertatu behar da: lurraldearen kontrola lortzea. Horraino iritsi aurretik prozesuarekin amaitu nahiko luke Madrilek, baina jakinik beti indarraren monopolioa den azken karta hori ere badaukala eta egunotan mossoek egindako indar erakustaldiak hori ere zalantzan jarri du, Vicent Partalek gogora ekarri duenez, «hori da Madrildik azken bi egunotan datorkigun kontrolik gabe izu exajeratuaren jatorria».

Tentsio guztia lehertuko den irailean sartzear gara, eta Kataluniako erakundeak indartuta ageri dira independentzia aldarrikatzeko. Estatu egiturak prest daude, baita hizkuntzari dagokionean ere. Kataluniako errepublika eratzeko ardura daukan gobernu honek, katalanez egin ditu adierazpen nagusiak, eta gero itzuli beste hizkuntzetara. Espainolak trataera berezia izan badu ere «beste» horien artean, supremazismo espainolari jasangaitz egin zaio katalanaren hegemonia. Marcel Haenen kazetari nederlandarrak Josep Lluis Trapero mossoen buruaren solasa eten zuen lotsarik gabe, espainolez ez egitea aurpegiratu eta alde egiteko. «Bueno, pues molt be pues adios» inprobisatu zuen mossoak hizkuntza biak nahastuz. Baina traola biral bihurtu den esaldiaren atzekoari gutxik erreparatu diote, eta are esanguratsuagoa da: «no ens impossaran tampoc a…». Hor Traperok mihiari eutsi egiten dio. Erraz irudika dezakegu zer zetorren «ez diguzue inposatuko…» horren atzetik. Egonarri handiz beretzat gorde zuen «ez diguzue inposatuko Katalunian ere katalanez ezin egitea».

El Español egunkarian azaldu du Haenenek bere ikuspegia, harroputz, iraingarria ere baden inozotasun inpostatu batekin. Lankide katalanei galderak katalanez egitea aurpegiratzen die, «espainolez egiteko ere badira gai, kortesia pixka bat, ezta? Zergatik ez hitz egin denek ulertzen duten hizkuntza batean? Biktima gehienak atzerritarrak ziren, beraz, zergatik ez hitz egin mundu guztiak uler dezakeen hizkuntza batean?». Italiar, belgikar edo estatubatuar.

Baina demagun baietz, arrazoi dutela puntu batean, ez dela gauza bera lekuko kazetariek egunero jarraitzen dituzten agerraldiak, eta mundu eta albistegiak zabaltzen dituen albiste bat, hedabide handienetako dozenaka kazetari Bartzelonara joatea dakarren breaking planetario bat. Ingelesez eman beharko litzateke informazioa orduan, ezta?

Bartzelonako erasoaren biharamunean, beste eraso bat izan zen Finlandiako Turku hirian, eta bi emakume hil eta zortzi zauritu zituzten. Berariaz erreparatu diet Finlandiako poliziak egindako agerraldien bideoei: finlandieraz dira denak. Biktima gutxiago izanik, litekeena da nazioarteko hedabide gutxiago egotea, baina egon balira ere, inork ez zukeen zalantzan jarriko agerraldia finlandieraz egitea. Kanpoko kazetariren batek galderak egiterakoan, erantzungo lukete ingelesez, baina hizkuntza nagusia etxekoa izango zen. Finlandiera-hiztunak katalan-hiztunen erdiak dira.

NRC egunkariak Haenen espainolez zekielako bidali zuen Bartzelonara, erasoa Espainian izan zelako. Kataluniako errepublikako hiriburuan izan balitz atentatua, birritan pentsatuko zuten... agian. Edo agian ez, Katalunia independentean ere denek espainolez jakingo baitute, hasieran behinik behin. Katalanaren hegemonia (normalizazioa), estatu berriko hizkuntza bihurtzeaz gain —hegemonia politikoa—, espainolak hegemonia soziala eta mediatikoa galtzearekin lotuta baitago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.