urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Trantsizioa zehazten

2017ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Sartu gara zurrunbilo osoan. Katalan independentisten asmoak betetzera, lau aste barru bozkatu, eta egun gutxira Kataluniako Errepublika aldarrikatuko dute. Datorren astean, Diada nazionalaren bezperan, azken urratsak egitekoak dira Parlamentuan, eta hortik aurrera, ingelesez esan ohi denez, unchartered waters-etan barneratuko gara, itsas-mapetan ez dauden uretan. Terra incognita.

Kataluniako Gobernuak, bai, bide-orria argi dauka datozen asteotan Errepublika aldarrikatu arte. Eta handik aurrera egin beharrekoa ere arautu du. Espainiatik begiratuta, gutxiespenaren gradu gorenarekin hartu dute: burua erabat galdu duen talde baten ameskeria baino ez da. Baina honaino iritsi gara, 28 egun barru erreferendum bat egiteko borondate irmoa dauka Kataluniak. Eta horren ondorioz, errepublika aldarrikatzeko. Indarkeriaren bidez baino ezingo dutela eragotzi esana du Generalitateak, gobernuko kideak atxilotuz edo kargugabetuz edo zuzenean operazio polizial izugarri baten bidez hauteslekuetara joanda. Baina horren ondorioa ere iragarrita dago: Parlamentura deitu eta hark aldarrikatzea amaitu dela Espainiarekiko menpekotasuna, dependentzia, eta menpekotasunik gabeko arora, independentera igaro direla, Errepublika eratuz.

Urtebeteren buruan konstituzioa egiteko asmoa dago, eta, horretarako, trantsiziorako legeak hainbat neurri eta berme iragarri ditu. Horrelakoetan ohi denez, ezin denak ase, agian ezin inor ase ere: espainiar ikuspegi unionistatik zorakeria hutsa dena, planteamendu independentista batetik, ohiko independentismo abertzaletik behinik behin, herren samarra ere bada. Vicent Partalek nabarmendu ditu ahul samar iritzi dien bi puntu: automatikoki espainiar naziotasuna izatea katalanarekin batera hasiera batean, eta espainiera ere ofizial izendatzea Kataluniako Errepublikan.

Lehenari dagokionez, ez zait hainbesterako iruditzen: Espainiak izango lukeen ezintasunaren adierazle da. Edozein sezesio arrakastatsuk, goiz ala berandu, ordura arteko estatuarekin negoziazioa dakar. Eta de facto Errepublika sortzeko gai bazara, lurraldearen kontrola lortuta, ahalik bizkorren Madril eserarazteko bidea hori da: ez baduzu Katalunia independentea aitortzen, katalan herritarrak espainiar herritartzat dituzu, eta haiekiko betebeharrak dituzu, pentsioei dagokienez, esaterako, nahiz eta ez zaren Kataluniako zergak batzeko gai. Espainiaren bideragarritasuna zalantzazkoa izango litzateke hartara iritsita. Eta estatu gisa aitortza lortuta, egoera normalduta, normalena herritar gehienek espainiar naziotasunari uko egitea litzateke, batzuek hari eutsi gura baliote ere.

Hizkuntzarena deigarriagoa zait, aspalditik baitator eztabaida: ERCko buruek aspaldi iragarri zuten espainierak ere ofizialtasuna izango zuela, eta horren antzeko adierazpenek abertzaletasunetik urrun egon den sektore handi bat independentismorantz ekartzea lortu dute. Identitatearen gainetik, Espainiatik bereizitako errepublika propioa behar duela sinetsi dute milaka herritarrek. Partalek berak eta beste hainbatek nabarmendu dute espainierak ez duela behar inolako lege-babesik, bestela ere nagusi dela eta Espainiako hizkuntza-ereduaren gainetik estatu berrian eredu berriak beharko liratekeela. Esaterako, hizkuntza ofizialik ez izendatzea, eta katalanari «estatu-hizkuntza» izaera ematea, eta lekuko erakundeen esku uztea beste hizkuntzak zelan arautu. Espainiar jatorriko jende asko dagoen lekuetan babestu beharko dira haien hizkuntza-eskubideak, baina ez du zentzurik ofiziala izatea Gironan, esaterako.

Zer gerta ere, inbidia ematen du estatu-egitasmo zehatz horrek, trantsizioa zelan gauzatuko den irakurgai izateak. Errepublika aldarrikatuta, urte oso bat izango dute aurretik behin betiko konstituzioa eztabaidatu eta bozkatzeko.

Hilabete barru egitea espero dute aldarrikapen hori. Espainiaren bideragarritasunaren berme den lurralde garrantzitsuenak Espainia utziko duela iragarri du. Eta bideragarritasunik gabe geldituko litzatekeen estatu horretako gainontzeko herritarrek ere pentsatzen hasi beharko lukete zer egin hortik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.