Habanako zirriborroak, argitara

Zurrumurruak uxatzearren, hiru gairi buruzko akordioen berri eman dute Bogotak eta FARCek
FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarretako ordezkariak, herenegun, Habanako Konbentzioen Jauregira iristen.
FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarretako ordezkariak, herenegun, Habanako Konbentzioen Jauregira iristen. ALEJANDRO ERNESTO / EFE

Samara Velte -

2014ko irailak 26
Habanako negoziazioetan lortutako akordioen behin-behineko bertsioa argitaratu dute Kolonbiako Gobernuak eta FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrek. Bi urteko elkarrizketa saio «luze eta zailen emaitza» da; eta, hasieran jakinarazi zutenez, «ezer ez dago adostuta, guztia adostuta egon arte». Alegia: itunok ez direla indarrean sartuko agendako gainerako hiru puntuak adostu eta amaierako akordioa sinatu arte.

Bi aldeek aldiro-aldiro eman izan dute negoziazioen berri, baina orain arte ez dute xehetasunik jakinarazi. «Adostutakoari buruzko espekulazio ugari sortu dira», argitu dute elkarrekin kaleratutako adierazpen batean: «Batzuetan, gure komunikatuek eragindako ezjakintasunagatik izan da; baina, beste batzuetan, iritzi publikoa desinformatzeko asmo nabarmena izan dute». Zurrumurruak uxatzearren, negoziazio agendako hiru puntutan hitzartutakoa jakinarazi dute:

LURREN AUZIA

FARCen ustez, gatazkaren erroan dago landa eremuaren auzia: laborantzarako lurren zati handiena latifundista gutxi batzuen esku dago, sarritan narkotrafikatzaile sareen mesedetan. Nekazari txikiak, apurka, euren lurretatik bota dituzte; batzuetan prezio irrigarrien truke, eta besteetan indarrez. Baliabideez desjabetuta, pobreziara kondenatu dituzte landa eremuko hainbat komunitate, besteak beste, indigenak eta jatorri afrikarrekoak.

Arazoa konpontzeko, landa eremuen erreforma zabala adostu dute Habanako negoziatzaileek: «Lurren erabilera egokia sustatu eta haiek formalizatuko ditu, landa guneetako biztanleei jabetzarako bideak bermatuz; bereziki emakumeei eta babes gutxien duten komunitateei». Hasteko, jabetza erregistroak formalizatzea eta lurren prezioak zehaztea izango da lehentasuna. «Lurralde gatazkak indarkeriaren bidez ebaztea eragotzi nahi dugu».

Gatazkaren ondorioz jabetzarik gabe geratu direnentzat, funts berezi bat sortuko du gobernuak, lurrak nekazari txikien artean banatzeko. Oraindik ez dute zehaztu zenbat milioi hektarea izango dituen funts horrek, baina bai nondik hartuko dituzten: narkotrafikoa eta legez kanpoko beste jarduerak erauzi dituzten eskualdeetatik, arrazoitutako desjabetzeetatik eta babes bereziko eremuak berrantolatu ondoren arautu gabe geratuko diren guneetatik.

Diru laguntza eta kreditu bereziak ere banatuko dituzte haiek eskuratzeko. Lehentasuna izango dute lur gutxiegi edo batere ez duten nekazaritzako langileek, familiaburu gisa diharduten emakumeek eta ihes egin behar izan dutenek. Indarkeria sufritu dutenen kasuan, haien eskubideak betetzeko mekanismo bereziak adostu dituzte.

Hiriguneetako eta mendiko bizi-baldintzen arteko aldea murrizteko, pobreziaren aurkako hainbat programarekin lagunduko dute landa guneen erreforma, hala nola oinarrizko hezkuntza zabaltzeko, etxebizitzak eta azpiegiturak berritzeko eta osasun sistema hobetzeko neurriekin.

PARTE HARTZE POLITIKOA

«Bake ituna sinatzeak demokrazian sakontzea ekarriko du, besteak beste, armak alde batera utzi eta indarkeria ez delako gehiago izango ekintza politikorako tresna bat», dio bi aldeek adostutako zirriborroak. Paisaia berri horretan, hainbat aktore politiko sortuko dira: alde batetik, FARCek berak politikagintza konbentzionalean jarduteko asmoa du; eta, bestetik, gatazkaren ondorioz zapalduta egondako hainbat talde ere indartuko dira. Horientzat eta, bereziki, oposizioan arituko direnentzat, babes mekanismo berezi bat sortuko du gobernuak: Politikan Aritzeko Segurtasun Sistema Orokorra. Instituzio hori Kolonbiako presidentetzak kudeatuko du zuzenean, eta oposizioko alderdi eta mugimenduen biltzeko eta adierazteko askatasuna betetzen dela zainduko du.

«Bakea berrezarri nahi badugu, ezinbestekoa da gatazkaren ondorioz gehien sufritu dutenek ordezkari gehiago izatea Kongresuan». Lurralde zapalduenek diputatu gehiago izango dute aldi baterako —ez dira ados jarri zenbat iraungo duen trantsizioak—; ordezkari horiek, nolanahi ere, eskualdeotako biztanleak edo itzultzen ari diren errefuxiatuak izan beharko dute.

Bestalde, bertan behera utziko dituzte oraingo hauteskunde sistemaren hainbat arau; esate baterako, nortasun juridikoari eusteko lortu beharreko gutxienekoa zehazten duena. Neurri horren erruz, Hauteskunde Batzordeak bozetatik kanpo utzi zuen UP Batasun Patriotikoa alderdi ezkertiarra 2002an, eta 11 urtean ez zuen izan berriz parte hartzeko aukerarik. Hemendik aurrera, irizpidea ez da botoen ehunekoa izango, afiliatu kopurua baizik.

NARKOTRAFIKOA

Orain arte FARCi leporatu izan diotenaz beste, legez kanpoko drogen auzia ez da gatazkaren kausetako bat, Habanako agiriak jasotzen duenez: «Pobreziak, bazterkeriak, instituzioen presentzia eskasak eta narkotrafikoarekin lotutako erakunde kriminalek eragin dute legez kanpoko gaien laborantza zabaltzea». Arazoak,ordea, bete-betean zeharkatzen du gatazka, eta estuki lotuta dago lurren auziarekin: indarrez desjabetutako nekazari askori geratu zaien aukera bakarra koka hostoa landatzea izan da, eta narkotrafikoari lotutako ustelkeria «maila guztietako instituzioetaraino» iritsi da.

Trafikatzen diharduten taldeak erauzteaz gain, laborantza mota hori beste gai batzuekin aldatzeko programa adostu dute, handik bizi diren nekazariei bestelako jarduera ekonomiko batzuetan aritzeko aukera emateko. Landa guneetako erreformaren atal berezi baten parte izango da, eta presidentetzaren esku egongo da. Trantsizioak iraun artean, gobernua arduratuko da nekazari horien beharrez, baina oraindik ez dute zehaztu zenbat iraungo duen zerbitzu horrek: gerrillak bi urtekoa izatea nahi du; gobernuak, sei hilabetekoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna