400 lagun hil dira Kurdistanen, 7,3ko indarra izan duen lurrikara batean

Aurten munduan hildako gehien eragin duen lurrikara izan da. 7.000 zauritutik gora izan dira

400 lagun hil dira Kurdistanen, 7,3ko indarra izan duen lurrikara batean.
Iosu Alberdi.
2017ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
400 lagun baino gehiago hil dira Kurdistanen, eta 7.000 baino gehiago zauritu, Richter eskalako 7,3 graduko indarra izan duen lurrikara baten eraginez. Lurrikararen epizentroa Penjwin barrutian kokatu dute, Irakeko Kurdistango (Hego Kurdistan) Sulaimaniya probintzian, baina Irango Kurdistango (Ekialdeko Kurdistan) Kermanxah probintzian izan dira kalterik handienak, eta hango Sarpol Zahab barrutian 400 lagun baino gehiago hil dira. 2017an munduan hildako gehien eragin duen sismoa izan da.

Igandean gertatu zen lurrikara, Irango Kurdistanen 21:18 zirela —18:48 Euskal Herrian—, Iranen eta Iraken arteko mugatik gertu, eta 23 kilometroko sakoneran, AEBetako Zerbitzu Geologikoaren arabera. Iraneko eta Irakeko lurraldetik kanpo, dardarak Kuwaiten, Qatarren, Palestinan, Israelen eta Turkian ere sentitu dira.

Epizentrotik gertu dauden hirietan, ura eta argindarra moztuta geratu dira, eta Ilargi Gorria erakundeak adierazi du Iranen bakarrik 70.000 lagun inguruk aterpe beharra dutela. «Suntsipen egoera handitzen ari da», azaldu du Gurutze Gorriaren eta Ilargi Gorriaren nazioarteko erakundeak. Izan ere, zifra horrek gora egin dezake, Irango Barne Ministerioak adierazi baitu hainbat errepide itxita daudela eta hainbat herri blokeatuta geratu direla.

Irna Irango Albiste Agentziaren arabera, 396 hildako eta 6.650 zauritu daude Iranen bakarrik, gehienak Sarpol Zahab barrutian, eta, batez ere, izen bereko hiriburuan —Hego Kurdistango mugatik hamabost kilometrora—. Hiriko eraikinen erdiak-edo erori dira han. Kermanxah probintziako gobernadoreorde Mojtaba Nikerdak adierazi zuen atzo oraindik jendea zegoela etxebizitzen hondakinen artean harrapatuta: «Espero dugu hildakoen eta zaurituen kopurua asko ez handitzea, baina handituko da».

Ugari izan dira igandetik astelehenerako gaua kalean igaro zutenak ere, errepliken eraginaren beldur —batzuk Richter eskalako 4,7 mailara iritsidira—, Kurdistango eremu menditsu horretako etxe ugari lokatzezko adreiluekin eraikita baitaude.

Irango lider goren Ali Khamenei aiatolak azpimarratu du beharrezkoa dela estatuaren «gaitasun guztia» biktimei laguntzeko erabiltzea.

Irango presidente Hassan Rohani eremura bidaiatzekoa da, eta Abdolreza Rahmani Fazli Barne ministroa buru duen delegazio bat han dago jada. Rohanik erakunde ofizial guztien elkarlana eskatu du, erreskate lanak aurrera eramateko, eta segurtasun indar guztiak mugiarazi ditu eremura.

Armadak, Iraultzaren Guardiak, Boluntario Islamikoen Indarrak eta Ilargi Gorriak igande gauean abiatu zituzten erreskate lanak, baina erreplikek moteldu egin dute eroritako eraikinen artean harrapatuta egon daitezkeen herritarrak ateratzeko lana. Erreplika batzuk Teheranen ere sentitu dira —Sarpol Zahabetik 600 kilometro ingurura—.

Lan horiek aurrera eramateko, Irango Krisi Egoeren Kudeaketarako erakundeak azaldu du hiru hegazkin, hemeretzi helikoptero eta 140 anbulantzia ere mugiarazi dituztela, «zaurituak artatu eta lekualdatzeko». Izan ere, Sarpol Zahabeko, Eslamabad Gharbeko eta Ghasr Xirineko —kalte handienak izan diren hiriak— ospitaleak gainezka daude.

Herritarrak, arriskuan

Mugaren bestaldean, Irakeko Kurdistango Eskualde Autonomoko Osasun ministro Rekawt Raxidek adierazi duenez, gutxienez zazpi izan dira eskualde autonomoan hil direnak. Irakeko Osasun Ministerioaren arabera, beste hildako bat dago Diyala probintzian, eta 535 dirazaurituak guztira, denak Irakeko Kurdistanen eta horrek beretzat aldarrikatzen dituen lurraldeetan.

Eskualde Autonomoko gobernuaren arabera, Darbandikhamen izan da kalte gehien; gutxienez hamar etxe erori dira, eta barrutiko ospitale bakarrak kalte larriak jasan ditu.

Darbandikhamgo urtegia ere arriskuan jarri du lurrikarak, Irakeko Ur Baliabideen ministro Hassan al-Yanabik adierazi duenez. Diyala ibaian dagoen urtegi horrek «ageriko kalteak» ditu, eta ur depositua husteko erabakia hartu dute, «inguruko bizilagunen segurtasunerako». Al-Yabadik herritarrei eskatu die ibaiaren ibilgutik aldentzeko.

KCK Kurdistango Herrien Konfederazioak Hegoaldeko eta Ekialdeko Kurdistango biktimei laguntzeko deia egin die Kurdistango herritar guztiei. «Gure jende guztiari dei egiten diogu lurrikararen biktimei laguntza emateko. Gure zeregina da, pertsona eta aberkide gisa», adierazi dute mezu baten bidez.

Nazioartea ere Kurdistanera begira jarri da. NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek bere doluminak adierazi dizkie Iraki eta Irani, eta hango erakundeak egiten ari diren lana goraipatu du. Guterresen esanetan, NBE prest dago Irani eta Iraki laguntzeko, «beharrezkoa izango balitz». Europako Batasuneko Atzerri eta Segurtasun Politikarako goi ordezkari Federica Mogherinik ere Batasunaren prestutasuna adierazi die Teherani eta Bagdadi: «Horrelako lurrikara bati aurre egitea zaila da, eta gure elkartasun guztia dute».

Lurrikara eremua

Aurten munduan hildako gehien eragin duen lurrikara izan da igandekoa. Herrialdea, ordea, lurrikarak ohikoak diren eremu menditsu batean dago, Alpeetako eta Himalaiako gerriko orogenikoan.

Azken hamarkadetan eremu horretan gertatutako gogorrenetakoa ere izan da. 2014an izan zen azken lurrikara handia lurraldean, 6,6 mailakoa. Kasu hartan ez zen hildakorik egon, baina 250 zauritu eragin zituen. Azken urteetan eremu hartan hildako gehien eragin dutenak 1990ekoa eta 2003koa izan ziren, hurrenez hurren 37.000 eta 31.000 hildako eragin baitzituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.