urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Faroeraz bizi

2019ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Faroe uharteetako lagun batekin hitz egiten dut tarteka. Kazetaria da, duela urte pare bat bisitatu gintuen Kataluniako egoeraren aitzakian, eta noizean behin han goian gauzak zelan doazen galdetzen diot. Lortu ote duten buxadura politikoa gainditzea behingoan erreferendum batera deitzeko —independentziatik oso hurbil jartzen zituen estatus bati buruzkoa iragarri zuten, baina gero alderdiek ez zuten horretarako beharrezko adostasunik lortu—.

Faroeetako unibertsitateko irakasle baten kontaktua eman dit egunotan, eta hizkuntza normalizazioaz aritu gara. Faroetarrek badute euren hizkuntzarekiko harrotasuna eta hari eusteko sena, baina ez dute euren burua hizkuntza gutxitua duen nazio gisa ikusten, faroera nagusi baita uharteetan. Arnasgune handi bat da artxipelagoa; uharteen subiranotasuna daukan estatua urrun daukate itsasoz beste aldean. Historikoki garrantzia izan badu ere, egun daniera ez dago munduko hizkuntza aipatuenen zerrendan, nahiz eta eskandinaviarren artean jokatu izan duen zubi-lanen bat.

Arriskutsua ere bada nagusitasun irudipen horrekin bizitzea, minorizazioaren kontzientzia galtzea eta egoeraz ezin jabetzea ere ekar baitezake. Bai, faroeraz bizi dira uharteetan ia erabat. Baina umeek danieraz ikasi behar dute eskolan, eta telebistan eta zinemetan eta literaturan daniera dute mundurako zubi. «Danimarkako telebista guztiak ikusten ditugu hemen, eta nazioartekoak ere, Netflix eta abar, Danimarkako sistematik datoz», esan dit. Hau da, danieraz azpidatzita. Umeentzako marrazki batzuk faroerara bikoizten badituzte ere, beste askotan zuzenean danieraz emititzen dute, telebistan zein zineman. Umeak txikitatik danierarekiko igurtzi horretan hazten dira, aisialdirako hain garrantzitsu zaien tresna horretako gehiena beste hizkuntza batean datorrela barneratuta lehen urteetatik. Kopenhagetik 1.300 kilometrora daude airez zein itsasoz, baina «natural» itxura daukan era horretan murgiltzen dira faroetar umeak Danimarkako kulturan.

Egia da, lehen begiratuan, horrek guztiak ia ez diola higadurarik ekarri Faroeetako hizkuntzari: uharteetako lehen hizkuntza da, bertako guztiek dakite eta egunerokoan nagusi da leku gehienetan. Baina txikitatik hedabideetan ikasitako jokabideak eta hizkuntzen mailakatze horrek badu eraginik danimarkarrak Faroeetara doazenean, bai bisitan baina baita bizitzera ere. «Asko kexu dira zail zaiela ikastea, hizkuntza-familia berekoa izan arren, askotan errotulazioak danieraz direlako eta jendeak danieraz egiten dielako».

Horratx Islandiarekiko aldea: Kopenhageren menpeko kolonia ziren duela mende bat, baina islandiarrek lortu zuten independentzia gauzatzea 1946an (Faroe uharteetan ere orain arteko ahalegin serioena egin zuten II. Mundu Gerraren osteko testuinguru horretan: han ere erreferenduma egin eta irabazi egin zuten, baina ozta-ozta lortu zuten garaipena, Islandian ez bezala. Kopenhagek onartu ez, hauteskundeetara deitu, eta unionistek irabazi zituzten). 73 urtez estatu independentea dauka Islandiak, eta ia mende batez egon da Danimarkatik bereizita, I. Mundu Gerra ostean burujabetza eskuratu baitzuen. Ordutik islandierak bere bidea egin du, danieraren morrontzatik kanpo. Agian arriskutsuago den ingeles hegemonikoarekiko herrena erakusten du azkenaldian, bertara bizitzera joan direnetako batzuek islandieraz ikasi ez eta ingelesez egiten ote duten. Edozelan ere, islandiarrek jakin bai baina nekez egiten dute ingelesez elkarrekin norvegiarren edo nederlandarren antzera-.

Faroeetan ere danierari bizkar ematea ingelesaren bidetik omen dator, gazte askok ez dutelako danierazko bertsiorik nahi, eta gurasoek ere, danierara bikoiztutako marrazki bizidunen ordez, ingelesezko jatorrizkoa hobesten dutelako. Datozen asteetan udalerri euskaldunenetako gurasoek ere espainolik ez dakiten umeak poz-pozik eramango dituzte herriko zinemara, gurasoei errazago zaien hizkuntzan murgiltzera. Euskaraz beharko lukete, baina inork ez du exijitzen, Katalunian ez bezala. Eta gurean egon ezean, igurtzi hispanikoa mugatu eta europar gehienekin hitz egiteko balioko liekeen hizkuntzara hurbiltzeko aukera ere galtzen dute.

Azken ohar bat: behin baino gehiagotan kritikatu izan ditut bazterrotan diren zinemaldiek euskararekiko duten jarrera. Mendi Film Festivalen programa begiratuta, itzelezko urratsak egin dituzte, hizkuntza-egoera konplikatua daukan herrialde bateko errealitatera egokitzeko: euskarazko eta espainierazko azpidatziekin proiektatu filmen erdiak, jaialdia bera arduratuta ingelesez edo beste erdara batzuetan igorritako testuak euskaratzeaz. Beste erdia dago egiteko, baina borondate argiaren adierazle da; orain arteko jaialdiek, zinema aretoek, eta udal euskaltzaleek ere erakutsi ez duten legez. Bejondeiela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.