urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Estrasburgoko kontuak

2020ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Gutxitan halako aste interesgarririk Europako Parlamentuan. Jakinik parlamentuek duten zeregin nagusietako batean oso antzua dela Estrasburgoko ganbera, Europako legediaren zati handi bat gobernuek eurek osatzen duten Batzordeak egiten du, eta boto zuzenez hautaturiko diputatuek estatuengan eragin txikia dutela. Baina hemiziklo erraldoi horretan gertatzen den edozerk badu balio sinbolikorik

Asteon, 2020ko saioen irekiera ere izan da: Erresuma Batuko eurodiputatuen agurraren ordua izan da. Nigel Farageren brexit-aren alderdikoak ez dira berriz Estrasburgon izango, baina Martina Anderson errepublikano irlandarra ere ez. Ipar Irlandak beste inon baino gehiago uzten du agerian ingeles nazionalismoaren jarrerak nola eragiten dien haiekin egonarazten dietenei... irlandarren kasuan, gogora dakarte Ostiral Santuko akordioek britainiar zein irlandar naziotasuna hautatzea ahalbidetzen diela. EBko herritar izaten jarraitzea, alegia.

Eskoziar ordezkariak ere badoaz. Ezingo dute irlandarrek bezala hautatu europar pasaporte bat (Irlandako Errepublikakoa), baina berandu baino bizkorrago Europako erakundeetan bueltan egoteko asmoa dute, euren eskoziar pasaportearekin, gainera. Boris Johnson lehen ministroak ezetz esan dio, espero bezala, Nicola Sturgeonen eskaerari. Inork gutxik espero du auzia hemen amaitzea, noski. Eskoziar independentistek ekinean segiko dute, Downing Streeten ezezko bakoitza independentziaren aldeko bultzada bat gehiago dela jakinik.

Auzitegietan katramilatzea izan liteke orain bideetako bat, Eskoziako Parlamentuak jada onartua baitauka erreferendum legea, eta horren bidez Sturgeonen gobernuak independentziari buruzko galdeketa egitea legezkoa ote den zehazteko. Tory-ek beto eskubiderik ote duten argitzeko, alegia; aintzat hartuta, Erresuma Batuan gehiengo osoa izan arren, Eskozian gutxiengoan daudela. Edozelan ere, hainbat hedabidek nabarmendu dute SNPk ez duela «katalan bidea» jarraitzeko asmorik, hau da, ez direla talka konstituzional eta demokratikora iritsiko. Ez dute horren beharrik, izan ere.

Sturgeonek 2020an bertan egin nahi du erreferenduma, baina hala ezin balu, ezin ahaztu 2021eko maiatzean direla Eskoziako hauteskundeak. SNPren erreferenduma egiteko konpromisoak herritar gehienen babesa lortuko balu, nekez ukatu ahalko lioke halakorik Londresek. Hori du kultura demokratikoak, onerako zein txarrerako balio duela.

Oraingoz, argudioen eta motiboen zakua betetzeko, une sinbolikoekin jokatu beharko dute, hil amaieran Erresuma Batua EBtik irteten denerako. Bruselako egoitzatik Union Jack-a eraitsiko dute, eta Eskoziako Parlamentuan ere Europako bandera kendu behar dela ebatzi dute ganberako arduradun juridikoek, diputatu independentisten iritziaren aurka. Ingeles gehiengoak eskoziarren borondatea urratzen duen sinbolo argietako bat izango da.

Erresuma Batua ordezkatzen duten diputatuek alde egitean, paradoxikoki, eskoziarrek bozkatu ez duten baina nolabait eskoziarrak ordezkatu ditzakeen eurodiputatu berri bat egongo da: Clara Ponsati Kataluniako hezkuntza sailburu erbesteratua. Geroz eta argiago ari da geratzen erbesteko estrategia zela zuzena. Inori leziorik emateko asmorik gabe, euskal independentistek ezer argi utzi badiete, gauza bakarra izan da: espetxetik ezinezkoa dela inongo mugimenduren zuzendaritza izatea.

Carles Puigdemont eta Toni Comin parlamentuan ikustea izan da, ziur, asteko irudirik nabarmenetakoa. Eta immunitate horrekin itzuliko dira aurki Kataluniara, Perpinya inguruan egin asmo duten ekitaldi erraldoira. Ponsati ere eurekin dela, agian. Esanguratsua izan da hitza hartu dutenean ez dutela espainieraz egin ez Puigdemontek ez Cominek, teknikoki herrialde horretako ordezkariak izan arren. Europarlamentuan ez dago katalanez egiterik —Espainiak ez duelako uzten, Madrilgo Kongresuaren jarrerarekin konparatu ahalko litzatekeelako—, eta ingelesez egin zuen berba Puigdemontek asteartean Kataluniako kasua azaltzeko. Espainiako ordezkariei erantzuteko baliatu zuen espainiera, eta europarrekin ingelesa. Izan zen nagusiki ingelesez egiten zuen euskal eurodiputaturen bat ere aspaldi baten, baina azkenek espainieraz egin dituzte adierazpen gehienak. Sinn Feineko Martina Anderson joanda, aukera polita du Pernando Barrenak lagun irlandarrei keinuren bat egiteko, Derryko azentua darion bere ingelesarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.