urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Iparra galdu barik

2021eko uztailaren 4a
00:00
Entzun
PEN Internationaleko Itzulpen eta Hizkuntza-Eskubideen bilera izan genuen joan den astean; lehen aldiz, Euskal PENek talde gisa batzorde horren ardura hartu genuenetik. Filipinetatik Txileraino, mundu osoko lagunekin euren herrialdeetako egoeraz, ekimenez eta beste hainbat gauzari buruz hitz egin genuen: kurdueraz irakasteko eta, oro har, bizitzeko duten zailtasunetatik, Afrikako zenbait herrialdetan bertako hizkuntzak hauspotzeko eta mintzaira kolonialen presentzia ia erabatekoan lekua egiteko ekimenetaraino. Horrela, dozenaka taldetako ordezkariekin, benetako mundubira birtuala egiten.

Europan ere izan da mezurik. Balkanetan, mazedoniarrak kexu dira Bulgariako Gobernuaren jarrerarekin. Mendebalderago, ordezkari okzitanoak estu eta larri jakinarazi zigun bezperan talde bakoitzak zeukan denbora tartea baino luzeagoa behar zuela Molac legearen ondotik Konstituzio Kontseiluarekin iritsi den lurrikara azaltzeko.

Lehen ere lan egin izan dugu PEN Okzitaniarekin euskaldunok, eta elkarrekin eraman dugu ebazpenen bat edo beste kongresuetara. Orain ere, elkar hartzeko unea izango da. Esanguratsua egin zitzaidan, horratik, salaketarekin batera egindako laguntza eskeak. Espainiaren menpeko herrien artean, hizkuntza gaietan, katalanak dira sarritan gidari, beste hizkuntza guztiek baino hiztun gehiago dituztenez. Haren ahaide hurbilenak, aldiz, katalanak bezala, tradizio literario luzeko hizkuntza izan arren, ezinean dirau, transmisioa etenda gainbehera Hexagonoko 30 departamentuetan.

«Bretoi ta korsikar, kanak ta okzitandar, nor bedera izaiteko har dezagun indar» irakatsi zigun Txato Renteria txiki bezain handiak Arrosako Zolan. Halaxe bada, euskaldunen babesa jaso zuen okzitanoen eskaerak, eta Galesko PEN taldeak ere bat egin zuen ekimenarekin: garrantzitsua izango da, batetik, ingelesezko bertsio txukunena egiten laguntzeko eta, bestetik, PEN taldeetan hizkuntza zeltikoek, bretoiak batez ere, daukan ahaide hurbilena direlako (bidenabar, gaur euskaraz eta galesez poesia emanaldi interesgarria izango da online Mererid Hopwood, Elen Hywiel, George Jones, Kirmen Uribe, Itxaro Borda eta Leire Bilbaorekin batera, plazer baduzue, arrastiko zazpiak eta erdietan).

Diwanen eskolen aldarrikapenarekin iritsi zen Paul Molacen legea Bretainiatik; eta Okzitanian legez, nabarmena da azken mendeko atzerapausoa: galesarekin batera hizkuntza zeltikoetan indartsuena izatetik, galera handia jasan duena da, eta aitortza ofizialean ere makalena; inork ez du ukatuko britainiar inperioaren ankerkeria zapaldutako herri eta hizkuntzekin, baina Frantziako Errepublikaren oldarraren okerrena da oraindik ere ekinean diharduela.

Okzitanian atzera, Bretainian ezinean, Korsikan indartsuago baina hutsune nabarmenekin: aurten dira korsikerazko murgiltze ereduan abiatzekoak. Esan nahi baita, kontzientzia indartsua izanda ere, orain artean ez dela halakorik izan Mediterraneoko nazioan. Bidenabar, korsikerazko beste ekimen batek ere gaur du abiapuntua: lehen aldiz hizkuntzaren aldeko Korrika antolatu dute gaur.

Korsika, Bretainia eta Okzitania, baina, erabat edo ia erabat Frantziaren menpe daude, Euskal Herriak, aldiz, Espainiaren aurkako erresistentziatik edan duela argudiatu dezake norbaitek. Baina ikuspegi horrekin, katalanak are indartsuago beharko zukeen Ipar Katalunian, are gehiago, kontuan izanda ez duela, Ipar Euskal Herriaren gisara, Biarnoarekin departamendurik banatu behar, lurraldeak ia guztiz bat egiten du Ekialdeko Pirinioetako departamenduarekin.

Sarritan deitoratu dugu Euskal Herriko Bartzelonarik ez izatea, Katalunian hiriburuak daukan rola bete dezakeen hiririk ez dela gurean: ezaguna mundu osoan, kiroletik kulturara zein turismora eta Kataluniako zalantzarik gabeko metropoli bakar. Gurean Iruñea dugu hiriburu historiko, Bilbo gune ekonomikoa, kultura edo turismoa Donostialdearekin lotu dugu, Gasteizek, Arabako eta mendebaldeko gune administratibo eta XXI. mendeko egitasmo interesgarrienetakoak gauzatu ditu —ez soilik hizkuntzan—, baina ezin ahaztu hirian eta inguruetan, Lautadan bereziki, nola biziberritu den euskara, Europan beste edozein hizkuntza gutxitu ez bezala. Baiona da inork zalantzan jartzen ez duen Iparraldeko hiriburuan eta, askoz eskala xumeagoan, argi du Maulek ere rol hori Zuberoan. Donibane-Garazi da zazpietan txikiena eta, ziur aski, besteen aldean hiriburu rola hain nabarmen betetzen ez duena, Baigorrik zein Donapaleuk biztanle gehiago izanik.

Eta hara non, Baxenafarroako bazterrotan garatzen diren egunotan gure herriko dinamika interesgarrienak. Donapaleuko ikasle zein irakasleek emandako leziotik, Arrosatik Irisarrira doazen EHZko 25 urteotan. Euskara, ikastolak, euskalgintza eta beste hainbat herri dinamika ispilu eta eredu bihurtu ziren Euskal Herri osorako aspaldi, eta Frantziako herri gutxituen amets liluragarri ere badira. «Munduko erronkak, herrien borrokak, bildu gara hausteko zapalkuntzen sokak, dantza ta irria, kantuz ilargia, gau hontan zoriontsu da Euskal Herria». Biba zuek!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.