urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Washington-Mosku

2022ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
EB Europako Batasunak 2004ko maiatzean egin zuen inoizko hedapen handiena, hamabost estatu izatetik 25 izatera igarota, tartean Sobietar Batasunaren menpe egondako hiru errepublika baltikoaksartu ziren EBn. Handik gutxira, letoniar kazetari batekin berbetan, esan zidan askoz gertaera garrantzitsuagotzat zutela NATOn sartu izana urte bereko martxoan.

Inoiz zentzurik izan bazuen, hura aspaldi galdu zuen erakunde zaharkitua zela erantzun nion, eta harro aipatu zelan esan zion ezetz Hego Euskal Herriak AEBek gidatutako erakunde militarrean sartzeari. «Baina zuek ez zarete Errusiaren muga. Berriz ez inbaditzeko bermerik garrantzitsuena da guretzat», esan zidan Rigako berriemaileak.

XX. mendeko hondamendi handiena Sobietar Batasunaren desagerpena izan zela dio Vladimir Putinen esaldi ezagunenetakoa batek. Gutxiago aipatzen da horri lotuta erantsi zuena: egun ergelkeria zatekeela halakorik berpizten saiatzea.

Ez, Putinek ez du mirarik mundu bipolarrean, bere akats eta krimen guztiekin ere, mendebalde kapitalistaren aurrean erreferente zen estatuaz. Galdutako inperioaren hutsunea da sentitzen duena.

Gainbehera etorritako inperio guztiei gertatu zaie: Turkian, esaterako, eta antzeko zerbait gertatzen zaio Espainiari ere, iraganeko loria gogoan. Gibraltarren hasi eta 1898ko gerrara, anglosaxoniar munduarekiko ezinikusi berezia dago, Gibraltarren hasi eta 1898ko gerrako memoriatik XX. mendeko Latinoamerikarekiko jarrerara; Euskal Herrian ere oso errotutako jarrera hispanikoa da, bidenabar esanda.

SESBeko hamabost errepublikek estatu independenteak eratu zituzten. Gainerako lurraldeek ez zuten zori bera izan: Tatarstan edo Txetxenia adibide. Lehena promesa handiekin ekarri zuten atzera artaldera 1994an, gerora eskualde arrunt bihurtzeko; bigarrena gerrarik ankerrenarekin, Ramzan Kadirov psikopata Putinen sheriff gisa utzita, nahieran torturatu eta hiltzeko. 2018tik bertako dozenaka hizkuntzen murgiltze-ereduaren ordez errusierazkoa ezarri zuen Dumak, Putinek aginduta.

Kaukaso iparraldea kontrolatuta, Hegoaldeari kontuak eskatzeko ordua iritsi zen. Mikheil Saakaxvili inportante sentitzen zen, Kaukasoko biztanleen tragediarako: Hego Osetian Putinen tranpan erori zen; Roki tunelaren beste aldean ziren blindatu errusiarrek Kaukasoren hegoalderantz jo zuten, Tbilisiko ateetaraino. Irakeko konpainiaren ordainetan AEBek lagunduko ziotela egindako kalkulua zeinen okerra izan zen berehala ohartu zen Saakaxvili.

Armak saldu eta laguntza diplomatikoa bai, baina ez zen haren erreskatean joan Errusiako armadaren kontra. Ezin uka, Putinek baduela Olinpiar Jokoekin zerbait: Pekinekoen bezperan inbaditu zuen Georgia 2008an, Sotxiko Neguko Jokoen biharamunean konkistatu zuen Krimea «gizontxo berdeekin», eta berriz ere Pekingo Negukoen atarian pilatu du armada Ukrainako mugan.

Putinen arranguraren jatorria ezaguna da: Alemaniako batasunaren testuinguruan agindu zion James Baker AEBetako Estatu idazkariak Eduard Xevardnadze sobietar Atzerri ministroari NATOk ez zuela ekialderantz egingo.

Une hartan, Alemania batuak ere NATOtik kanpo egotea zirudien zentzuzkoena. Horiek guztiak ahoz eta egun existitzen ez den estatu bati esandakoak dira, horratik. Moskuren eraginpetik irten zirenek Washingtonen babesa hartu nahi izan zuten, historia hurbilari begira, Kubak Moskuren abaroa bilatu zuen bezala.

Halaxe zegoen kazetari letoniarra, Washingtonera begira Bruselara baino gehiago. Poloniaren edo errepublika baltikoen jarreratik urrun, NATOtik kanpo bizi daitekeela erakutsi izan duten herrialdeetan (Finlandia, Suedia), tristea da ikustea nola doan gorantz doa erakunde militarrean sartzearen aldeko iritzia. Putinen inperialismo onartezinak, eta auzoen subiranotasuna errespetatu gabe etxeko patiotzat erabiltzeak ekarri du ahal izan duenak NATOra hurbildu nahia. «Atzerri hurbilean» bizi diren errusiarren defentsa izan da Putinen aitzakia nagusia bere eraginpean behar dutela irizten dien herrialdeen subiranotasunaren gainetik aritzeko. Errusiak auzo dituen sobietar errepublika ohietan muturrik sartu ezin izan duen bakarrak dira Baltikoko errepublikak.

«Eta Washington zer, aktore neutrala da akaso?» galdetzea normala da. Hori da arriskutsuena: oraingoz, Bidenen administrazioari onuragarri izan zaio alarmismoa: hauteskundeak gutxitan irabazten dira atzerri politikarekin -etxeko ekonomia da balantza mugitu ohi duena-, baina lortu du polarizazioa apurtzea eta alderdi errepublikanoa presidentearekin bat etortzea.

Salbuespenak, ezagunak dira: Donald Trumpek sekula kritikatu ez duen lider bakarra da Putin. Errepublikano eskuindarrenak ere eskuinerago ekartzeko gai den Fox Newseko Carlson Tucker izan da Ukrainaren aurka eta Putinen alde agertu den bakarra.

Geopolitika eta nahi duzuena, baina demokratek oso maldan gora dituzte azaroko hauteskundeak, eta ez diote berehalakoan barkatuko Putinek Trumpen alde eta AEBetako hauteskundeetan muturra sartzeko egindako ahalegina ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.