urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Lurraldearen kontrola

2017ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Lurralde bat ordura arte zegoen estatutik bereizita estatu berri bat sortzea, eta lurraldeko biztanleak herritartasun berri horretako kide izatea da, gutxi asko, sezesio bat. Definizio horretan daude prozesio independentista arrakastatsu baten elementu gehienak: lurralde sezesionista—eta biztanleak—, eta jatorrizko estatua, zeinarengandik sezesioa gauzatzen duen.

Printzipioz, horiek dira estatu berri baten sorrerarako elementuak, nahiz eta egia den, munduko lurraldeak estatuka bereizita daudenez gero, elkarrekin eragina dutela eta, ondorioz, lurralde bateko erakundeek ordura arteko estatutik bereizita estatu berri bat sortuta ere, haren arrakasta neurri handi batean gainontzeko estatuen onarpenaren araberakoa izango dela. Besteek haien klub-ean onartutakoan esan ahalko duzu estatu independentea duzula; horren adierazpidea, bistan da, Nazio Batuetan aulkia izatea da, gainontzeko estatuen aldamenean. Badira kasuak, zeinetan estatu bati ez zaion, oro har, beste lurralde batekiko subiranotasuna aitortzen, nola Marokori Sahara Mendebaldean edo Israeli lurralde okupatuetan, eta eremu okupatu horiek nazioarteko aitortza mugatu bat izan arren, ezin esan estatu independenterik dutenik. Aurkakoa gertatu den kasuak ere badira, lurraldea jatorrizko estatutik erabat bereiztea, baina NBEn aulkirik ezin lortu: Abkhazia, Somaliland edo Transnistria gatazka konpondu gabeak dira, baina hor dago, 100 estatuk baino gehiagok aitortu arren, oraindik aulkirik ez duen Kosovoren kasua ere, edo gatazka egoera berezirik ez daukan Taiwanena.

Nazioartea deritzogun elementu abstraktu —baina guztiz erreal eta ezinbesteko— hori gatazka sezesionista batean murgiltzeko, egonkortasuna kolokan egon ohi da: estatuaren baitan, eta inguruko eskualdean. Gaur-gaurkoz, ezin esan Katalunia puntu horretan dagoenik. Baina uste dut denok jabetzen garela uste baino lehenago egon gintezkeela egoera horretan.

Beste estatuek estatu gisa aitortzen zaituztenean esan liteke estatu baten sezesioa benetan gauzatzen dela. Eta horretarako, beharrezko da besteek estatutzat har zaitzaten. Hau da, alde batetik herritarren borondatea alde duzula, zure biztanleen legitimazioa daukazula, zeu zauzkatela estatutzat, eta ez ordura arte izan duten estatua. Ez maila ideologikoan soilik, baita eremu praktikoetan ere: zergak nori ordaintzen dizkiozun zuk pertsonalki, zure lantegiak estatu berriari ematen ote dion zure gizarte-segurantzaren dirua, diru hori gordetzen duzun bankuak aitortzen ote duen estatu berria, eta harekiko ote dituen betebeharrak, ordura arte beste estatu batekin legez. Gordinago esanda: erakunde berriak herritarrei betebeharrak betearazteko gaitasunik ote daukan, estatuei dagokien indarraren monopolioa bere esku gelditu ote den. Laburbilduz: lurraldearen kontrola erakunde sezesionistak hartu ote duen, aurreko estatuari kenduta edo hark borondatez emanda.

Kataluniako prozesua irribarretsua, parte hartzailea, baketsua eta irudimentsua izan da orain arte. Independentista askok irudikatu dute beren borondatea, herritar gehienen babesa lortzea, aski direla, bozkatu eta Espainiatik bereizitako errepublika bat sortzeko. Horiek ezinbestekoak dira, noski. Baina horren ostean, borondate onez lurraldearen kontrola galdu nahi ez duen estatu bati hura kendu beharra ere badator. Horregatik dauka hain garrantzi handia egunotan Espainiatik behin eta berriz hauspotu duten gaiak: barne sailburua eta Esquadra Mossoen buruzagiak prozesu independentistarekiko konpromiso osoa agertzeak eta argi izatea deskonexioa aldarrikatzean Polizia Kataluniako erakundeen aginduetara egongo dela. Prozesuak bizi duen abiadurarekin, irudikatu zitekeen urria baino lehen, irailean-edo, legitimitate eta botere-gatazka horren irudiren bat egotea. Baina uztailean gertatu da. Ostegunean izan zen: Euskal Herrian ondo ezagutzen dugun harrokeriarekin, aurpegia estalita agertu ziren guardia zibileko agenteak Bartzelonan, Parlamentuan eta Generalitateko egoitzan, epaileak agindutako agiriak eskuratzeko. Beti bezala, aski zuen epaileak eskatzea eta erakundeek ematea, baina berariaz lortu gura zen irudia zen: Guardia Zibila Kataluniako herritarren borondatearen ordezkari diren egoitzetan sartzen, argi utzi nork daukan agintea. Baina Katalunia noraino iritsi den adierazten duen mugimendu argi batean, ez zieten sukalderaino sartzen utzi. Gela batean itxaronarazi zieten, ezer miatu gabe, eta katalan ordezkariek eurek helarazi zieten epaileak eskatutakoa. Parlamentuan, armak entregatzera behartu zituzten, «hau armarik gabeko gunea da» esanez. Ez dakit zer deritzozuen, baina gauzak guztiz aldatu diren seinale argia iruditzen zait Espainiaren ordezkari armatu horiek horren erraz geldiarazi izana. Errazago irudikatu liteke orain, deskonexioa zelan gauzatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.