Ander Gebara. Realeko jokalaria

«Ez naiz izar bat, eta oraindik luzea dut hobetzeko prozesua»

Debuta iragan sasoian egin arren, Realaren lehen talderako jauzia udan egin du Ander Gebarak. Ligari begira ilusioa pizteko «arrazoiak» badaudela uste du, baina lanean jarraitzeko beharra dutela zehaztu du.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
Donostia
2019ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Ander Gebarak (Gasteiz, 1997) ez du presarik. Patxadaz mintzo da, eta, entrenamendu ondorengo lanak amaituta, luze solastatzeko modua duela esan du. Gogotsu dago aurki hasiko den sasoia iristeko; lehendabizikoa izango du Realeko lehen taldeko jokalari gisa, baina postu batengatik lehiatzeko prest agertu da. Horretarako ere, lasai: «Jarraitutasunak ekarri nau honaino».

Abuztuan sartzear gara, eta geroz eta gertuago dago liga hasiera. Nola doa denboraldi-aurrea?

Pixka bat gogorra izaten ari da. Hala dagokigu une hauetan, baina ondo doa. Uste dut ahalegin handia egiten ari garela, baina egia da orain artean jokatuditugun partidetan emaitzak ez direla izan hain onak. Azken finean, ondo sentitzea eta joko erritmoa hartuz joatea da garrantzitsuena.

Asko estutzen ari al zaizue Imanol Alguacil?

Bai. Sobera ezagutzen dugu, eta badakigu nolakoa den. Lehenengo egunetik estutzen ari zaigu.

Prestaketa aldiko partidetan emaitza onik ez duzuela lortu aipatu duzu. Garai honetan garrantzi handia du horrek?

Ezetz uste dut. Garrantzitsua da partidak irabaztea, baina baita Imanolek nahi dituen kontzeptuak hartuz joatea, gauza berriak probatzea eta egiten ari garen horretan sakontzea ere.

Zein analisi egin duzue Ingalaterran jokatutako lagunarteko neurketei buruz? Berdindu egin zenuten bietan.

Bi proba on izan dira, aurkariak aste honetan hasten baitira haien ligan lehiatzen. Gure aldean, eginda zeuden. Ondo aritu ginen, baina defentsan hobetzeko tartea dugu oraindik, geldikako jokaldietan gehienbat. Gauza onak ere ikusi dira, ordea, eta horretan segitu beharra dugu.

Haiek eginago iritsi izana gako izan da, orduan, partida horiek ez irabazteko?

Gako ez dakit; baliteke. Bi partidek beren faseak izan dituzte, baina erritmoz ez dut taldea gaizki ikusi. Oraindik badugu hobetzea, baina alde horretatik ondo aritu gara.

Zer eskatzen dizue Imanolek?

Gure nortasuna nahiko zehaztua dugu. Atzetik jokatzea eskatzen digu, eta baloirik ez dugunean hura azkar berreskuratzea. Baloiarekin, ahalik eta bertikalen jokatzea eta partidan ahalik eta gehien nagusitzea.

Azalberrituta dago taldea: jokalari berri asko dituzue.

Bai. Hasieratik zenbait aurpegi berrirekin ekin diogu. Denok ari gara saiatzen Imanolek eskatzen diguna ahalik eta azkarren barneratzen.

Realera iritsi berriak diren jokalariak egokitze prozesuan ariko dira oraindik.

Noski, baina nahiko ondo egokitu dira lehen egunetik. Oso jende langilea da, eta guztia ematen ari dira lehendabiziko egunetik. Profesional bikainak direla erakutsi dute.

Odegaard, Isak… haien lana aldeak markatzea izango da.

Bai. Bi horiek eta Portuk aurrealdean jokatzen dute, azken metroetan, eta, han jokatuta, garrantzitsua da ahalik eta gauzarik ezberdinenak egin eta atezainaren bila joatea.

Azken urteetan harrobitik jauzia egin duzuen jokalari asko zaudete. Zer esan nahi du horrek?

Behin baino gehiagotan esan dut: hori garrantzitsua da, kluba izugarrizko lana egiten ari delako harrobian. Lan izugarria da atzetik egiten dena, eta emaitza hor dago. Geroz eta harrobiko jokalari gehiago agertzen ari gara lehen taldean, eta gure klubaren bereizgarria da hori. Oso indartsu dago Zubieta.

Lehen taldera lotzen zaituen kontratua sinatu berri duzu. Amets bat bete duzu?

Noski. Hona iristen zaren lehen egunetik pentsatzen duzu ea noiz helduko den lehen taldera ailegatzeko eguna, eta, iristen denean, hasieran ez duzu ondo barneratzen. Gerora hasten zara ulertzen nolakoa den guztia, eta amets bat da.

Gauzak asko aldatzen dira harrobitik lehen taldera igarotzean?

Beste gauza bat da. Lehen taldearengan foku gehiago daude, eta zuregan arreta jartzen duten zaleak askoz gehiago dira. Haiek ordezkatzen ditugu.

Iragan sasoian egin zenuen estreinakoa Realarekin. Behetik gorako jauzia prozesu natural baten emaitza da, hala behar zuen?

Baliteke. Familian askotan hitz egin dugu: hona iritsi nintzenetik nahikoa jarraitutasun izan dut. Urtero pausotxo bat eman dut. Badakit zer motatako jokalaria naizen. Ez naiz izar bat, eta hobetzeko prozesu luzea dut oraindik. Ni hemen egotea jarraitutasunaren emaitza da.

2024ra arteko kontratua duzu. Bost urtean denbora duzu prozesu horretan jarraitzeko.

Bai, eta eskertu egin behar dutzuzendaritzakoek nigan jarria duten konfiantza. Babes hori oso adierazgarria da niretzat.

Zeintzuk izan dira bide horretan lagundu dizuten prestatzaileak?

Argi dago Imanol dela horietako bat, azken bultzada eman baitit. Halere, lehen urtetik entrenatzaile asko izan ditut, eta guztiek lagundu didate bide horretan.

Zure postuan lehia handia egongo da jokatzeko. Jokalari asko eta garrantzitsuak daude zelai erdian.

Azken urteetan, oso jokalari onak egon dira Realaren zelai erdian. Halere, nire prozesu horretan lagungarri egingo zait bai haiekin egunero entrenatzea eta bai postu baten bila aritzeko lehia.

Zuen arteko lehia estua izan arren, esperientziadunek hortik kanpora lagunduko zaituzte, egokitzen eta…

Bai noski. Denok gaude albokoari laguntzeko, baina lehen taldean urte gehiago daramatzatenak beti daude guri laguntzeko prest.

Zelaian, nortasuna da zure ezaugarri nagusietako bat. Horrek lagundu dizu jokalari gisa hazten?

Bai. Edozein postutan jokatzen duzula, garrantzitsua da harro jokatzea, ausarta izatea, baina are garrantzitsuagoa da zelai erdian aritzen zarenean.

Mallorcaren (Herrialde Katalanak) zelaian jokatuko duzue ligako estreinako partida. Talde igo berria da, eta aldaketa asko izan ditu jokalariei dagokienez. Horrek zaildu egiten du hasiera?

Gaur egun denok ezagutzen dugu ondo elkar, nahiz eta bigarren mailatik igotako taldea izan. Lehenengo partida iristen denerako, ziur ez zaigula hura prestatzeko informaziorik faltako. Irabaztera joango gara hara, baina oso zaila izango dela pentsatuz joan behar dugu.

Lehendabiziko hiru neurketak Anoetatik kanpo jokatuko dituzue, estadioko eraberritze lanak direla eta. Horrek ere ez du zail egiten hasiera?

Hasiera ezberdina izango da. Zaildu egingo duen ala ez? Argi dago lehendabiziko partidetan gure zaleen babesik ez izatea ezohikoa izango dela, eta litekeena da zailagoa egitea, bai. Baina hiru partidetan irabaztera aterako gara, eta ez du garrantzi berezirik alde horretatik.

Zein da talde honek hastear den sasoirako ipinia duen helburua? Non egon nahiko zenuke sasoiaren amaieran?

Hasteko, partida guztietan lehiatu egin behar dugu. Helburuak ahalik eta emaitzarik onenak eskuratzea izan behar du, logikoa da hori. Hortik aurrera zer datorren, ikusi dugu. Ea zer-nolako liga hasiera egiten dugun, eta kontuan hartu behar da denboraldi batek fase ezberdinak izaten dituela. Orduan, ikusi egin beharko litzateke non geundekeen, eta horren arabera ezarriko genuke helburu jakinen bat. Baina lehiatu egin behar dugu horretarako. Europaz ari bazara, ba tira... Hori litzateke onena, baina ikusi egin beharko dugu. Nahiago dut pausoz pauso joan.

Nolanahi ere, talde asko egon litezke goiko postuetarako lehian. Ondo bidean, Realak zeintzuk lituzke horretarako aurkari?

Ez dakit. Zaila da denboraldia hasi aurretik horrelako gauzez hitz egitea. Noski, urtero badakigu gutxi gorabehera zeintzuk izango diren goian ibiliko diren taldeak, baina ikusiko dugu. Espero dugu denboraldiaren amaieran horien artean egotea gu ere.

Gaur-gaurkoz ia 32.000 bazkide ditu Realak. Bere historiako zifrarik handiena da. Iruditzen zaizu zaleek ilusio berezia dutela sasoi honetan?

Uste dut baietz. Anoetako eraberritze lanak direla eta, jendeak oso ilusio handia du, eta, gainera, klubak ikaragarrizko esfortzua egin du aurten fitxaketekin. Arrazoiak badaude jendeak ilusio hori izateko. Hori bai, gero gure eskuetan egongo da jendeari ilusioa oraindik eta gehiago piztea.

Anoeta berritzeak zaleengan ilusioa piztu duela diozu. Jokalariei laguntza berezirik ematen al dizue harmaila guztiak eraikita egoteak?

Argi dago jendea askoz gehiago egongo dela gure gainean, eta garai txarrak datozenean asko igarriko dugu hori. Alde horretatik, ziur nago hori guretzat bultzada bat izango dela egoerari buelta emateko, eta jokalariok nabaritu egingo dugula.

Lehen Mailako bost euskal taldeek akordio bat egin dute, eta derbietan 25 euroan salduko dituzte bisitarientzat gordetako sarrerak. Jokalariek zer iritzi duzue horretaz?

Nik uste dut erabaki oso-oso ona dela guztiontzat. Azken finean, badakigu derbiak oso bereziak direla, eta, neurri horri esker, askoz ere gehiago gozatuko dute zaleek. Ez haiek bakarrik: guretzat ere oso berezia izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.