Katalunia. LEKU-LEKUTAN

Ziklo berria Katalunian

Urtzi Urrutikoetxea -

2018ko urtarrilak 14
Parlamentua eratuta, Kataluniako prozesuak aro berri bati ekingo dio datorren astean. Urriko gertakariek ekarri duten oldar errepresiboak autogobernua galtzea eta Generalitat-eko, gizarte zibileko erakundeetako eta Parlamentuko kideak espetxeratzea, erbesteratzea edo auzipetzea ekarri du, eta 155. artikuluarekin autogobernua kentzea. Abenduaren 21eko hauteskundeetan Espainiako Estatuaren estrategiak kale egin zuen, eta errepublikaren aldekoek irabazi; orain, orduan erabakitako Legebiltzarra batu eta presidentea hautatzeko egunak datoz. CUPek Parlamentuko mahaian egoteko asmoa azaldu du asteburu honetan egindako biltzarrean.

Behin eta berriz egindako jokaldia egin da Espainian berriz ere, ohiko estrategia erabilita: arazoari heldu beharrean, hori nola konpon daitekeen eztabaida gutxienean sortu ordez, basoaren ordez zuhaitz bati, detaile bati heldu eta etengabe horra bideratu solasa, horrela auzi garrantzitsua, atentzioa desbideratze soilez, desagertuko balitz bezala. Eta hala katramilatu dira asteotan ea espetxean dagoenak diputatu lana egin ote dezakeen, inolako zigorrik gabe, are epaitu ere egin duten pertsona baten behin-behineko espetxealdiaz ari garela ahaztuz erabat —zeresanik ez, espetxeratzeko motiborik edo are deliturik ba ote dagoen—. «Legedia urratu dute» abstraktua da aitzakia. Azkena, berriz, erbestetik ez dagoela gobernatzerik. «Madrildik gobernatzen dute botoen %4 dituztela, eta ezin omen dugu egin erbestetik, botoen %47 izanda ere» gaztigatu die Puigdemontek. Legedi horren ertzak ezin gehiago zorroztuz, irteten ere, bozkatuko luketenaren arabera ukatu diete Junqueras eta enparauei Parlamentura joatea. Eztabaidagaia ez omen da politikariak espetxeratzea edo presidente bat erbesteratu izana, lana «normal» egiterik ez dutela baizik. Normaltasun hori nork eta zergatik ukatzen dien, aipatu ere ez.

Etzi hiru hilabete egingo dituzte preso Jordi Sanchezek eta Jordi Cuixartek, eta ANCk protestara deitu du. Prozesuan zehar txundituta egon ginen legez, une nahasi honetan Euskal Herriko bultzada eta, zertan ezkuta, esperientzia, baliagarri izan dakieke Katalunian. Begirunez eta nagusitasunik gabe, bistan da, baina azken hamarkadetan Espainiako Estatuaren errepresio eta mendeku-politikaz inork baino gehiago dakienaren lekutik. Azken egunetan gertatutakoak agerian utzi du bi herrialdeotan sarritan oso desberdin bizi izan direla, gurean azkenean gatazka armatu batek baldintzatu eta hari erantzuteko aitzakian gauzatutako neurriak izan direlako, salbuespeneko bide horiek gerora Espainiako Estatuko eskubide-murrizketa orokorrerako erabili badira ere. Hau da: beti jakin dugu edukiontzi bat Durangon edo Malagan erre, oso desberdin epaitu eta zigortutako ekintzak direla. Baina adierazpen askatasuna murrizteko hartutako urratsak, gero sare sozialetako kontrol eta elementu zentsuratzaile gisa, gurean hasita Espainiara zabaldutakoaren adibide argia dira. Katalunian kolore horia debekatzeraino iritsi dena. Berdin katalan politikariak auzipetu eta espetxeratzeko orduan: frankismotik datozen eta euskal gatazkan erabilitako salbuespeneko tribunaletara bideratu. Eta giltzapetutakoen kasuan, Kataluniatik urrun espetxeratu. Gurean tamalez gehiegizkoa den esperientzia hori era positiboan baliatzea da atzo Mario Zubiagak Vilaweb-i emandako elkarrizketa, adibidez: «Ez da errepresioaren aurkako markoan harrapatuta gelditu behar; hor Espainiako Gobernua oso eroso dago [...]. Errepresioak normaltasuna lausotzen du, independentistak gizartetik bereizten/zokoratzen ditu. Hesia altxa nahi du prozesu politikoa geldiarazteko».

Aste garrantzitsua izan da, ez hainbeste katalan presoek epailearen aurrean esan omen dituztenengatik. Espainiar hedabideek argitaratutakoaren kontrara, Inkisizio berriaren irudia agertu da, oinaze handiak gatibuak ordura arte esandakoa aldarazteko gai dela erakutsita. Baina Artur Masek PDeCAT-eko buruzagitza uztea, Carles Mundok ere uko egitea aro berrirako esanguratsua da. Batzuk badoaz, beste batzuk etorriko dira, baina orain bertan Madrilekiko inolako negoziaziorik ezinezko dela argi gelditu da; ez du zer proposatu, orain artekoari eutsi baizik. Autogobernua itzultzea ez dago mahai gainean ere, eta errepublika erbestean baina hortxe dago, etengabeko buruko mina eragiten errepresioa beste biderik erakusten ez duen estatuari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna