Ziklismoa ereiten

Kutsu israeldarra izango du aurtengo Giroak: Israelen hasiko da, eta Israel Txirrindularitza Akademia taldeak parte hartuko du. Bertan bigarren urtea du Oscar Guerrero kirol zuzendariak.
Oscar Guerrero, taldearen autoan, denboraldi honetako lasterketa batean.
Oscar Guerrero, taldearen autoan, denboraldi honetako lasterketa batean. BERRIA

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko maiatzak 4
Aurtengo Italiako Giroan, hiru itzuli handietako bat, estreinakoz, Europako mugetatik kanpo abiatuko da, Israelen hain zuzen. Bertan jokatuko dira lehen hiru etapak. Ekialde Hurbileko estatuak bere burua mundu mailan saltzeko baliatuko du aukera; baita txirrindularitza sustatzeko ere. Hain justu, helburu horrekin dihardu lanean Israel Txirrindularitza Akademia taldeak. Saskibaloia eta futbola aski errotuta daude Israelen, baina ziklismorako tradiziorik ez dago. Hala, eta txirrindularitzaren haziak ereiteko asmoz, Sylvan Adams eta Ron Baron filantropoek 2015ean sortu zuten taldea. Kontinental mailan aritu zen bi urtez —Peter Saganek babestu zuen orduan—, eta iaz Kontinental Profesional mailara egin zuen jauzi. Orduan sartu zen proiektuan Oscar Guerrero (Altsasu, Nafarroa, 1975), kirol zuzendari lanetan jarduteko.

Egoi Martinez txirrindulari ohiaren bidez iritsi zitzaion aukera. Altsasuarrak hiru urte luze zeramatzan ziklismotik at, Euskaltel desagertu zenetik. «Egun, ordezkaria da Egoi. Hark esan zidan taldeak Kontinental Profesional taldean aritzeko asmoa zuela, eta jarduna Gironan zentralizatu behar zuela. Berehala bidali nuen curriculuma. Denboraren poderioz gorenera iritsi den jende gaztearekin asko lan egina naiz, eta balio handia eman zioten horri». Israelgo taldeak garrantzi handia ematen dio gazteen trebakuntzari. Horretan pozarren dabil Guerrero. «Oso gustura eta eroso nabil, lanerako askatasuna ematen baitidate. Gazteekin nahi bezala ari naiz lan egiten».

Ba omen dira maila txukuneko ziklista israeldarrak; halere, Guerrerok azpimarratu du kopuruan dagoela arazoa. «Haiek talentuaz hitz egiten didate, eta nik esaten diet Euskal Herrian, kadete edo gazte mailan, 200 ziklista aritzen direla lasterketa bakoitzean; eta, beraz, normala dela Landa eta enparauen mailako jendea ateratzea». Zaletasuna piztu eta oinarri sendoa eratu nahian dabil Israel Txirrindularitza Akademia, eta, xede horri begira, biziki lagungarria izango da Italiako Giroa Israelen hastea; baita talde israeldarra hasierako marran izatea ere. Aurrenekoz ariko da itzuli handi batean, eta ez zaio ilusiorik falta.

Gonbidapena lortzeko, asko hazi da. Bikoiztu egin du aurrekontua —sei milioi eurokoa du aurten—, 24 ziklistako taldea osatu du hamasei zituen iaz, Ben Hermans, Ruben Plaza eta Kristian Sbaragli fitxatu ditu… «Gaur egun, World Tour mailako azpiegitura dugu. Taldeak ez zuen galdu nahi aurtengo Giroan izateko aukera, eta urrats handia egin du». Aurrerapausoa emateko, funtsezkoa izan da proiektua sostengatzen duten bi mezenasen ahalegin ekonomikoa. «Aurrekontuaren %95 jartzen dute haiek, eta esfortzua egiteko motibazioa izan dute. Apustu handia egin dute taldeari dagokionez, eta, neurri handi batean, haiei esker hasiko da Giroa Israelen».

Anbizioz ekingo dio Giroari Israel Txirrindularitza Akademiak, etapa bat irabazteko helburu irmoarekin. «Zailtasunaz jakitun gara. Irabazteko aukerak ez dituzu egun guztietan, etapa jakin batzuetan baizik. Baina halako egoeretan eskarmentua duen jendea daukagu. Hor ditugu Plaza, Hermans edota Sbaragli». Hermans sailkapen nagusirako hautagai izan liteke, baina nahiago dute arreta etapa garaipenetan jarri. «Postu ona errebotez badator, ongietorria izango da, baina gu etapa irabazteko ahaleginean ariko gara buru-belarri». Lehen hiru etapetan taldeak zeresana ematea nahiko lukete. Hirugarren etapak jokoa eman omen dezake: «Negeveko basamortutik pasatuko da, eta haizea badabil, kontuz. Alboz joko bailuke denbora guztian».

Hazten segitzeko asmoz

Israelek Ekialde Hurbileko geopolitikan duen jarrera ikusirik, bertan lan egiteak zalantzarik sortzen al du? Ezetz dio kirol zuzendari nafarrak: «Nik sekula ez dut nahastu kirola politikarekin. Gainera, hau ez da gobernuaren proiektu bat, finantzaketa pribatua duen talde bat baizik. Horretaz gain, 24 herrialde ezberdinetako jendea gaude, denetariko kultura eta erlijioekin, eta bizikidetza primerakoa da». Giroa bertan hasteak haserrea ezinegona sortu du hainbatengan, baina Guerrerok uste du ez dela arazorik egongo lasterketan. «Arrunta da hango bizimodua. Barruan zaudenean, etxean bezala zaude. Lasaitasuna erabatekoa da, eta ez zara ezertaz jabetzen».

Taldearen etorkizunari dagokionez, ez daki non egon daitekeen sabaia. «Pausoak hain azkar ari gara ematen, ezen edozer gauza sinesten baitut. Orain bi urte iritsi nintzenean, helburua zen 2020ko Frantziako Tourrean parte hartzea Israelgo txirrindulari batekin. Oso urruti ikusten nuen. Ordea, ordutik asko aldatu dira gauzak. Hazten jarraitzeko intentzioa dugu». Hurrengo urratsa World Tourrera igotzea izan liteke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna