Egonkortasunaren bila

Baionak eta Miarritzek asteburuan ekingo diote Frantziako Pro D2 ligari, kanporaketak jokatzeko xedearekin. Bientzat ezinbestekoa izango da ez gertatzea berriro ere iragan sasoiko krisi instituzionalik
Baionaren aldeko alboko sake bat, iragan sasoian Aguileran jokaturiko derbian.
Baionaren aldeko alboko sake bat, iragan sasoian Aguileran jokaturiko derbian. ISABELLE MIQUELESTORENA

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko abuztuak 16
Baionak eta Miarritzek asteburuan hasiko dute Frantziako Pro D2 liga. Miarritzek Nevers hartuko du lehen partidan, bihar (20:30), eta Baionak Brive, larunbatean (20:45). Lehen partida hori froga ona izango da bi euskal taldeen egitasmoaren sendotasuna neurtzeko. Zelaian maila eman aurretik, baina, biek beste erronka bat dute, bulegoetan ustez lortu duten egonkortasunari eustea.

Baionan eta Miarritzen hainbat urtez hain ohikoa izan den bezala, iragan sasoian ere bulegoetako aferek zelaikoek baino zeresan gehiago eman zuten. Ez zen izan bat egitearen kontua hauspotu zelako, bi etxeetan presidente aldaketak egon zirelako baizik, eta agintari berriek antolaketa berriak diseinatu zituztelako. Ia zerotik hasitako bi egitasmo dira. Ohituta daude horretara.

Euren burua suntsitzeko joera, baina, ez da Baiona eta Miarritze elkartzen dituen ezaugarri bakarra, estatus eta helburu bera baitute Pro D2an. Estatusa, aberatsa dute biek, Baionak mailako aurrekonturik handienetan bigarrena baitu (11,78 milioi euro) eta Miarritzek hirugarrena (10,57). Estadioen gaitasunaren zerrendan ere oso goian daude biak: Jean Dauger da eserleku gehien dutenetan bigarrena (16.934) eta Aguilera, laugarrena (13.400). Helburua da batzen dituen beste ezaugarri bat: Top 14ra igo nahi dute biek, edo, gutxienez, euren agintariek nabarmendu duten bezala, igotzeko kanporaketak jokatzea. Hori lortzeko, lehen sei sailkatuen artean bukatu beharko dute hamasei taldek osatutako liga.

MIARRITZE

Hogei jokalari berri ditu

Agintariak aipatzean, baina, ez da erraza zeintzuk diren argitzea, iragan sasoian bi taldeek presidentea aldatu baitzuten, eta biek kalapitaz betetako prozesuetan. Miarritzeren kasuan, plurala erabiltzea ezinbestekoa da, lau presidente ezberdin izan zituelako, eta hiru akziodun nagusi. Azken orduan pasatu zuen Frantziako ligaren kontuen ikuskaketa, Luis Vincent Gave eta Jean Baptiste Aldige enpresariek jarritako hiru milioi euroei esker. Bi enpresari horiek irabazi zuten sasoi osoa iraun zuen akziodunen arteko sokatira dema.

Aldigek Arroxela taldea hartu du eredu kudeaketarako. «Soldatetan erabiltzen den euro bakoitzeko, beste bat bideratu beharra dago harrobira», esan zuen egitasmoa aurkeztu zuenean. Esan bai, baina, azkenean, Miarritzek hogei jokalari berri ekarri ditu, hots, talde erdia baino gehiago aldatu du. Entrenatzailea ere berria da, baina ezagun zaharra da, Jack Isaacek bete baitu Gonzaldo Quesadak utzitako tokia. Hirugarren aldia izango du Miarritzen Isaacek. Kirol zuzendaritza, berriz, Matthew Clarkinen esku gelditu da. Hura ere berria da karguan.

Miarritze seigarren izan zen iragan sasoian, baina mailaz igotzeko lehen kanporaketan geratu zen aukerarik gabe. Ligako partida guztiak irabazi zituen etxean, eta horretan oinarritu zuen denboraldia. Eta hori guztia giro ezin nahasiagoan arituta. Beraz, ez da eromena pentsatzea taldeak beste pauso bat eman dezakeela. Jokalariei dagokienez, Nephi Leatigaga, taldeko izarretako bat, ez da ariko lehen hilabetean, lesioa baitu izter batean. 1,92 metro eta 145 kiloko harroinaren hutsunea nabarituko da, iragan sasoian maila bikaina eman baitzuen. 23 urte baino ez ditu, baina Leicester Ingalaterrako talde indartsuak jada lotua du heldu den sasoirako. Kontratua lehenago hausteko 150.000 euro ordaintzeko prest zegoen Leicester, baina Miarritzek ez zuen eskaintza onartu.

BAIONA

Bru da apustua

Baionan ere sasoi zalapartatsua izan zen. Historiarako geldituko da azken akziodunen batzarreko irudia, bat egitearen aurkako zaleek, suziak eskuan hartuta, aretoa okupatu zutenekoa. Azkenean, segurtasun zaindariek kaleratu behar izan zituzten eta bi ordu eta erdi geroago hasi zen bilera. Apirilaren 21a zen, eta egun horretan izendatu zuten Pierre Olivier Thoumieux administrazio kontseiluko buru.

Thoumieuxek Yannick Bruren esku utzi du kirol arloko ardura guztia. Jokalari handi izandakoa Frantziako selekzioko teknikari izan da urteotan, eta Baiona du lehen esperientzia talde batean. «Jokalari multzo honekin lehen seien artean egon behar dugu», esan du. Mailako aurrekonturik handienetan bigarrena edukita, ez dirudi langa handiegia, baina ez da ahaztu behar iragan sasoian Baiona zortzigarren izan zela.

Bulegoetako iraultza, dena den, ez da zelaira iritsi. Baionak hamahiru jokalari ekarri ditu, baina hamazazpiri berritu die kontratua. Taldeak behetik gora egin zuen sasoian, eta bide horri eutsi nahi izan dio Bruk. Hori bai, beste maila batera eraman nahi du, eta ikustekoak izan dira denboraldi-aurreko lan saioak. Prestaketa fisikoarekin itsututa, Baionako jokalariek franko izerditu dira.

Jokalari berriei dagokienez, batek sortu du ikusmina, urtebetez jokatu gabe egon ondoren, Abdellatik Boutaty Baionara itzuli baita, 35 urterekin —2010tik 2014ra egon zen, Top 14an—. Taldearen aurkezpenean hark jaso zuen txalo gehien. Taldearen azken lagunarteko partidan entsegu bat lortu zuen. Sasoiko dago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna