Yeray Alvarez Athleticeko jokalariari tumore bat atzeman diote barrabil batean

21 urteko atzelariari probak egin dizkiote azken bi egunetan, eta gaitza aurkitu diote eskuineko barrabilean. Datorren astean bertan egingo diote ebakuntza

Yeray Alvarez, denboraldi honetan Europa ligan Rapid Vienaren aurka jokatutako joaneko partidan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2016ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Yeray Alvarez Athleticeko jokalariari tumore bat topatu diote eskuineko barrabilean, eta, ondorioz, ebakuntza egingo diote asteartean. Josu Urrutia Athleticeko presidenteak eta Josean Lekue taldeko medikuak atzo iragarri zutenez, ebakuntzaren ondoren jakingo da zer-nolako bilakaera duen gaitzak. Dena den, eta, medikuak azaldu zuenez, «neurri batean» baikorrak dira, eta jokalaria ere animoz ondo ikusi dute.

Urrutiak presaz deituriko prentsaurrekoan azaldu zuenez, joan den astean hasi zen atzelaria mina sentitzen, eta klubeko osasun zerbitzuak kasua aztertzen aritu dira ordutik. Egunotan probak egin dizkiote minaren jatorria aurkitzeko. Horrenbestez, herenegun ez zen sartu Espainiako Kopako partidarako deialdian. Presidenteak argitu zuen jokalariak berak erabaki zuela klubak ematea gaitzaren berri. «Berarekin hitz egin dut, eta baikor nabaritu dut. Partida hau ez du berak bakarrik jokatuko, indarra emango diogu denok».

Tumoreari aurre egiteko lehen pausoa orkiektomia bat izango da, alegia, barrabil bat erauztea. Lekuek azaldu zuenez, asteartean bertan egingo diote, eta ebakuntza horrekin batera egingo dizkioten bestelako probek argituko dute zein izango den egin beharreko hurrengo urratsa. Jokalariari ekografia bat egin zioten herenegun goizean, eta proba horretan atzeman zioten gaitza.

Epe labur zein luzerako pronostikoa zein den zehatz jakiteko, beraz, ebakuntzara arte itxaron beharko da. Eskaner bidez proba gehiago egingo dizkiote barakaldarrari, barrabil inguruko egiturak aztertu, eta gaitza gorputzaren beste ataletara zabaltzeko arriskua dagoen jakiteko. Hala ere, Lekue itxaropentsu agertu zen, eta gaitza oso larria ez izatea espero du. «Baikorrak gara, neurri batean. Gazteen artean tumore ohikoenetako bat izaten da Yerayk daukana».

Puntako futbolari askok pairatu dute gaitz bera. Esaterako, Arjen Robben herbeheretarrak,Lubo Penev aurrelari bulgariarrak eta Jonas Martinez argentinarrak. Gaitza gainditu ondoren futbolean bikain jokatzen jarraitu zuten hirurek. Oraingoz, baina, ezin da zehaztu zenbat denbora egingo duen Yerayk zelaitik kanpo.

Sasoi honetan hasi da Yeray Athleticen lehen taldearekin lanean. Erdiko atzelari postuan jokatzen du, eta funtsezko bihurtu da Ernesto Valverderen eskeman. Gaztea da, 22 urte beteko ditu urtarrilean, eta hamazazpi partida jokatu ditu dagoeneko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.