Trumpek demokraten aurkako eraso arrazistak berretsi ditu

Igor Susaeta.
2019ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Alexandria Ocasio-Cortez, Ilhan Omar, Ayanna Pressley eta Rashida Tlaib kongresukide demokratek maiz kritikatzen dituzte Donald Trumpen erabakiak; batez ere, migrazio politikarekin lotutakoak. AEBetako presidenteak, horrenbestez, haien kontra egin zuen, herenegun, Twitterren, nahiz eta ez zituen izen-abizenekin aipatu. «Oso interesgarria da ikustea kongresukide demokrata progresistek— zeintzuen jatorriagobernu katastrofikoak dituzten herrialdeak diren— zein modu biziotsuan kontatzen dioten AEBetako herritarrei nola zuzendu behar den gure gobernua. Zoazte etxera, eta lagundu ezazue delituengatik birrinduta dauden toki horiek konpontzen». Ordezkarien Ganberako lau ordezkari horietatik Omar da AEBetan jaio ez den bakarra. Somalian munduratu zen, eta errefuxiatu gisa heldu zen AEBetara, 1997an.

Kritika zaparrada bat eragin zuten Etxeko Zuriko maizterraren komentario arrazistek. Ocasio-Cortezek, adibidez, gogorarazi nahi izan zion nongotarra den: «Presidente jauna: ni nator denok zin egin dugun herrialdetik, eta horiek AEBak dira». Trumpek, ordea, bezperako eraso arrazistak berretsi zituen atzo ere, eta kongresukide horien esanek «gorroto arrazista» hedatzen dutela nabarmendu zuen.

Nancy Pelosi demokraten Kongresuko liderraren eta Ordezkarien Ganberako lau ordezkari horien arteko harremanak ez dira onegiak —«eskuadroia» osatzen dutela dio Pelosik—, baina Pelosik berak Trumpek jokabide «xenofoboa» izan zuela adierazi zuen.

Theresa May Erresuma Batuko jarduneko lehen ministroaren hitzetan, AEBetako presidenteak Twitterren idatzitakoak «erabat onartezinak» dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.