urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Itzulpenaren zubiak

2020ko urriaren 25a
00:00
Entzun
«Gure hizkuntza espainiera da, eta ez diegu utziko hori aldatzen. Hemen espainieraz bizi gara». Lehengo astean mundu osoko 80 bat lagunek egindako bilera batean bota zuen ordezkari batek. Harrotasun eta erresistentzia aldarrikapena izan zen. Euskal irakurleak lehen begiratuan irakurtzean iruditu zaion tonutik oso desberdin hartu genuen bileran geundenok; Patricia Schaefer PEN Puerto Ricoko ordezkariak esan zituen, harro, luzaroanAEBetatik ingelesa inposatzeko egindako politikari aurre egin diotela gogora ekartzean.

Hizkuntzak, berez, komunikazioa dira; berdin balio du elkartasun mezuetarako zein gorrotoa adierazteko. Komunikazioa da hizkuntza, baina ez hori bakarrik. Ordezkari kurduak honako hau nabarmendu zigun: Dario Foren antzezlana arazorik gabe eman berri dute Turkian, turkieraz. Kurduerazko bertsioa, berriz, debekatu egin dute. Obra bera, bertsio ezberdinak, jarrera ezberdinak.

Ez da komunikazioa soilik, baina komunikazioa ere bada. Hizkuntzak komunikatzen digu. Eta gurean ez badugu, ondoen ulertzen dugun horretan bilatu ohi dugu. Etxean eta lagun artean euskaraz biziko gara, kexatu ere kexatuko gara pediatrak euskaraz ez dakienean, eta poz-pozik eramango dugu zinemara euskaraz baino ez dakien seme-alaba Trolls2 espainolez ikustera.

Argi diosku Itzuliz usu begiak saiakeran Anjel Lertxundik: «Itzulpenik gabe, beste hizkuntza batetik jasotzen ditugu munduak munduaz esandakoak, beste hizkuntza batean asetzen dugu gure egarri kultural noranahikoaren guztiz gehiena». Euskaldunak Europa mendebaldeko herritar arruntak dira, haien antzeko kultur ohiturekin -espainiarren antzekoegiak, baina beste baterako utz dezagun hori. Ez dira eskaintza horretatik kanpo geratuko euskaraz ez dagoelako, erdararen baten jasoko dute.

Margaret Atwooden Testamentuak (Neskamearenipuinaren jarraipena) ia aldi berean argitaratu zuten jatorrizko ingelesezko bertsioan eta Europako hizkuntza handienetan; eta katalanez ere handik gutxira. Euskaldunok erdaraz baino ezin dugu irakurri. Asteko berri pozgarrienetakoa (Neskamearen ipuina 1985ekoa da) egunotan eman duela argitara Txalapartak, Zigor Garrok itzulita. Urriko albisterik pozgarrienetakoa izan da. Ziur Testamentuak ez dela hiru hamarkada berandu euskaratuko.

Haur katalanek katalanez ikusiko dute Trolls2. Iazko Eguberrietan ere hala ikusi zutenFrozen2. Guk goizean zegoen emanaldi bat hautatu genuen, Bilboko Alondegian, jatorrizko bertsioan, ingelesez. Umeek berdin gozatu zuten. Trolls2 ere udaberrian ikusteko aukera izan genuen, konfinamenduan, norbaitengandik lortutako kopia bati esker. Euskaraz bizi izan gara konfinamenduan gurean; mundura leihoa zabalik, baina hispanitatearen zubitik pasatu gabe. Alaba aurten ez dugu ingeles akademian sartu, askoz gozagarriago zaio telesailak dualean ikustea. Guk behar ditugu dagoeneko azpidatziak berak baino gehiago. Euskaraz ez bada, zer axola duen espainieraz edo ingelesez, galde dezake norbaitek. Baionako haur euskaldun batentzat agian bai. Hegoaldekoarentzat, etengabe espainieraren itsasoan igeri, dibertsio ordu horiek ere hizkuntza horretan emateak, gurasoentzat errazago delako, badu ondoriorik. Berdin Bilbon, Iruñean zein Lekeition bizi.

Gauzak aldatzen ari dira. Pandemiak eta konfinamenduak askoz bikoizketa gutxiago egotea ekarri du, telesail asko jatorrizko bertsioan soilik estreinatzea Espainian esaterako, eta hor euskarak izan du zirrikiturik:Fargo-ren laugarren denboraldia euskarazko azpidatziekin eskaintzen du Movistarrek, esaterako (Euskaltelen ez dago halakorik dagoenik, bidenabar). Zinebin ere dena euskaraz azpidatzita egongo da aurten, azkenean, bazen garaia. Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialeko film bakar bat ez zuten euskaratu.

Gauzak aldatzen ari diren beste seinale bat: geroz eta film eleaniztun gehiago daude. Aspaldi entzuten dira espainierazko pasarteak AEBetako filmetan. Hizkuntzen ukidura, inkomunikazioa, elementu narratibo bihurtzen dira. Polizia agente ilehoriak ez dio ulertzen espainolez ari den etorkinari baina bikoiztutakoan ez du zentzurik, biek hizkuntza bera egiten dute. Zero Zero Zero-n italieraz, espainieraz, ingelesez, woloferaz zein frantsesez dabiltza. Gangs of London ingelesez da, baina kurdueraz, danieraz, albanieraz eta urdueraz ere egiten dute. Teheran Mossadeko agenteei buruzkoa da, baina Iranen denez, farsieraz egiten dute hebreeraz baino gehiago. Hori da Patria-ren porrot nabarmenenetakoa. Intxaurrondon torturatzailea euskaraz jartzea bezain artifiziala.

Errealitatea bezain konplexuak diren istorioak ditugu, nork bere hizkuntzan jaso eta emanak eta besteenak gurera ekarrita. Eta gurean ez dugunean, saiatu espainolaren makulu erraza ez erabiltzen. Hori ere badelako euskaraz ez egotearen motibo: galdetu zeure buruari zergatik zaizun erosoago Fargo espainolez bikoiztuta euskaraz azpidatzita baino. Badakizu geroz eta azukre gehiago bota ez dela goxoago geratuko, menpekotasun handiagoa sortuko dizula baino. Saiatu beste zapore batzuekin ere, etxean luzaro egoteko hilabeteak datozen sasoi honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.