Donostiako 69. Zinemaldia

Sariek bereganatu dute arreta

Ikusmina dago sexu bereizketarik gabeko interpretazio sarien inguruan, eta Deppen Donostia sariak zeresana emango du jaialdian ere. Egitaraua iaz baino zabalagoa da, eta sarrera gehiago saldu dira

Sauraren 'Rosa Rosae' filmeko irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Andoni Imaz.
2021eko irailaren 17a
00:00
Entzun
Ez da lehengoa, baina ari da suspertzen. Donostiako 69. Zinemaldiak orain dela bi urtekoak baino 29 film eta 124 saio gutxiago izango ditu, eta iaz baino 33 film eta 28 emanaldi gehiago. Segurtasun neurriak iazkoen antzekoak izango dira: maskarak jantzita eta zalerik ez alfonbra gorrietan. Berrikuntzarik nabarmenena sarietan egongo da: Sail Ofizialeko epaimahaiak ez ditu sexuaren arabera bereiziko aktoreak. Hala, saria «sinpleagoa eta berdinzaleagoa» izango da, Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak BERRIAn adierazi duenez. «Arretaz jarraitzen diegu mugimendu feministaren barruan gertatzen ari diren eztabaidei», esan zuen erabakiaren berri eman zutenean. Hain zuzen, mugimendu feministarenkritika zaparradak ere markatuko du aurtengo zinemaldia: Johnny Deppi Donostia saririk ez emateko eskatu diote jaialdiari, tratu txarren akusazioak jaso dituelako. Gaur hasiko da zinemaldia, hilaren 25era bitarte.

SAIL OFIZIALA

Iciar Bollainen Maixabel filmak izango du arreta mediatikoa jaialdiaren hasierako egunetan. Maixabel Lasaren bizipenetan dago oinarrituta, eta Euskal Herrian filmatu dute. Sail Ofizialean maiz parte hartu du Bollainek, baita harekin lehian izango diren beste zenbait zuzendarik ere: Laurent Cantetek Ar-thur Rambo filma aurkeztuko du; Terence Daviesek, Benediction; Lucile Hadzihalilovicek, Earwig; Fernando Leon de Aranoak, El buen patrón; eta Jonas Truebak, Quién lo impide.

Eskarmentudun zuzendari gehiago izango dira sailean: Ines Barrionuevo (Camila saldrá esta noche), Claudia Llosa (Distancia de rescate), Thierry de Peretti (Enquête sur un scandale d'état), Paco Plaza (La abuela), Michael Showalter (The Eyes of Tammy Faye) eta Claire Simon (Vous ne désirez que moi). Baita hiru opera prima ere: Alina Grigoreren Crai Nou, Tea Lindeburgen Du som er i himlen eta Zhang Jiren Ping yuan shang de mo xi.

Bi filmek abiatuko dute saila: Carlos Sauraren Rosa Rosae. La Guerra Civil laburrak eta Zhang Yimoiren Yi miao zhong luzeak. Itxi, berriz, Daniel Monzonen Las leyes de la frontera-k egingo du, lehiaketatik kanpo. Horrela emango dituzte, halaber, Alejandro Amenabarren La fortuna telesaila eta Manuel Martin Cuencaren La hija pelikula.

Sail Ofizialeko epaimahaiaren burua Dea Kulumbegashvili zuzendaria izango da; iaz lau sari irabazi zituen Dasatskisi / Beginning bere lehen lanarekin. Harekin batera, Maite Alberdi eta Audrey Diwan zuzendariak zeinak Urrezko Lehoia irabazi zuen joan den astean Veneziako Zinemaldian L'événement filmarekin, Ted Hope ekoizlea eta Susi Sanchez aktorea izango dira epaimahaian. Haien esku izango dira 69. Zinemaldiaren sari nagusiak: filmik onenaren Urrezko Maskorra, zuzendaririk onenaren Zilarrezko Maskorra, interpretazio nagusi onenaren eta taldeko interpretaziorik onenaren zilarrezko maskorrak, argazkirik onena eta gidoirik onena.

EUSKAL ZINEMA

Apenas erakutsiko duten euskal filmik Zinemira sailetik kanpo. Berlingo Zinemaldian eta Veneziako Zinemaldian parte hartu eta gero, Mikel Gurreak Heltzear film laburra aurkeztuko du Zabaltegi-Tabakaleran. Zinemiran, dokumentalak dira gehien-gehienak: Iñaki Alforjak eta Iban Toledok Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren kasua kontatuko dute Bolante baten historia-n; Josu Martinezek eta Samara Veltek Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako operazioari buruzko ikerketa bat egin dute Paperezko hegoak lanarekin; Aitor Merinok familia batek gurutzaontzi batean egindako bidaia batekin osatu du Fantasía; Maider Oleagak Kuartangoko (Araba) herritar batzuek western bat nola sortu zuten erakutsiko du Kuartk Valley-n; Hernan Zinek Belako musika taldearen iazko bira jaso du Pandemic Tour 2020 Belako-n; eta Maru Soloresek haurtzaroari buruzko Aztarnak lanarekin itxiko du saila. Xabier Erkiziak idi gurdien soinuari buruzko film esperimental bat egin du: O gemer. Aretoetan estreinatu dituzten bi pelikula ere emango dituzte: Mireia Gabilondoren Erlauntza eta Igor Legarretaren Ilargi guztiak.

Euskal Zinemaren galan, Asier Altunaren Hondalea dokumentala emango dute, eta EITB galan, berriz, Irabazi arte telesailaren lehen atala; Javier Garcia de Vicuñak zuzendu du.

PERLAK ETA BESTE

Iazko etenaren ondoren, nazioarteko jaialdiek uzta oparoa jaso dute aurten; pilaketa hori nabarmena izan da Cannesko Zinemaldian. Perlak sailak bilduko ditu handik ateratako film batzuk: Julia Ducournauren Titane, Urrezko Palmaren irabazlea; Ryusuke Hamaguchiren Drive My Car, gidoirik onenaren eta Fipresci sariaren irabazlea; Sean Bakerren Red Rocket; Charlotte Gainsbourgen Jane par Charlotte; eta Paul Verhoevenen Benedetta, besteak beste. Hamaguchik beste film bat ere aurkeztuko du: Guzen to sozo, Berlinen saritua.

Berlingo Urrezko Hartzaren irabazlea Zabaltegi-Tabakalera sailean izango da: Radu Juderen Babardeala cu bucluc sau porno balamuc. Sail horretan lehiatuko dira, besteak beste, Joanna Hogg (The Souvenir: Part II) eta Gaspar Noe (Vortex).

Zuzendari Berriak sailean hamahiru lehen eta bigarren lan ariko dira sariaren lehian, eta Latinoamerikako hamar ekoizpen erakutsiko dituzte Horizontes Latinos sailean.

DONOSTIA SARIAK

Zinemaldiak bi aktoreri emango die Donostia saria aurten; lehenengoa, gaur bertan, inaugurazio galan: Marion Cotillard aktore frantziarrak jasoko du. Frantziako zinemagintzan azken bi hamarkadetan gehien nabarmendu diren aktoreetako bat da. Bigger Than Us dokumentala aurkeztuko du zinemaldian; ez du aktore lanik egin han, baina ekoizleetako bat da.

Beste saria Johnny Depp aktore estatubatuarrari emango diote, datorren asteazkenean. Deppek karrera oparoa du: ia 40 urteko ibilbidean, 90 filmetan antzeztu du. Sariak asaldu handia eragin izanaren arrazoia zera da, ordea: Amber Heard aktore eta emazte ohiak tratu txarrak egotzi dizkiola. Horregatik, hainbat eragilek adierazi dute desegokia dela saria ematea; besteak beste, (H)emen ikus-entzunezkoetako eta arte eszenikoetako emakumeek osatutako elkarteak. Deppen egoera profesionala ez da ona: akusazioen ondorioz, zenbait estudiok harekin zituzten kontratuak eten dituzte. Ez du filmik aurkeztuko Donostiako Zinemaldian. Rebordinosek «errugabetasun presuntzioa» aldarrikatu du aktoreari saria emateko justifikazio gisa.

SEGURTASUNA

Edukiera iaz baino handiagoa izango da: areto nagusiak —Kursaaleko auditoriuma, Antzoki Zaharra eta Viktoria Eugenia— erdiraino bete litezke; besteak, %60. Iaz bezala, saio gutxiago antolatu dituzte, eta tarte handiagoarekin, aretoak desinfektatzeko. Maskara derrigorrezkoa izango da; lau ordutik gorako emanaldietan, profesionala (FFP2 edo KN95).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.