Olatz Arrieta
Gerra Ukrainan. LEKU-LEKUTAN

Putinen amaiera

2022ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Hamar egunetan, Ukrainako inbasioak dagoeneko aldaketa sakonak ekarri ditu Europan, eta aldaketa gehiago bidean daude. Baita Errusian ere, baina ezin ditugu hain erraz ikusi. Geroz eta zailagoa izaten ari da Ukrainako inbasioa Errusian eragiten ari den aldaketen berri jakitea. Errusia bakartuta geratzen ari da munduan, eta atzerriko kazetari, diplomatiko eta ikerlari asko Errusiatik alde egiten ari dira. Gainera, bertan begirada kritikoarekin aberria aztertzen dutenen artean ere ihesaldia gertatzen ari da.

Errusiako presidente Vladimir Putinek zuzentzen duen eta botere ekonomikoan eta errepresioan oinarritutako egituran gertatzen ari dena ikusteko geneukan leihoa txikitzen ari zen azken urteetan, eta orain ia itxi egin da. Aditu askok diote Ukraina Putinen Waterlooa izango dela, bere gainbehera ekarriko duen borroka.

Helene Carrere d'Encausse Errusiako historian adituak dio Ukrainako inbasioa Putinen erregimenaren bukaeraren hasiera dela. Erregimen horren amaiera noiz gertatuko den, nolakoa izango den eta gero zer ekarriko duen asmatu nahian historiari begiratuz gero, ez dago itxaropen handirik. Errusiaren historian aldaketek erregimen absolutista eta autokratikoak ekarri dituzte gehienetan, lurralde gehiago hartzeko gerra eta inguruko herrialdeen inbasioak tartean daudela. Errusiaren historiaren lehen atal nagusietatik hasi eta egungo egunera arte botere absolutisten esku aldaketetan gatazka izan da nagusia.

Kieveko Rurik dinastiaren amaierak eta Romanov errege etxearen hasierak XIV. mendean smutnoe bremia, nahasmenarenedo gatazken garaia bezala ezagutzen dena ekarri zuen. Lehen Mundu Gerrak Romanov errege etxearen gainbehera bultzatu zuen, eta ondoren, 1917ko iraultza boltxebikea. Iraultzatik Sobietar Batasuna eratzeko bidean gerra zibilak milioika lagun hil zituen. 1991. urtean, Sobietar Batasunaren desagerpenaren ondoren, Jeltsinen sasidemokraziaren kaosaren ondoren Txetxeniako gerren sarraskiek Putin sendotu zuten Kremlinen.

Determinismo historikoaren arabera, Putinen erregimena odolarekin bukatuko da, eta hurrengo agintaria ere autokratikoa izango da. Ukrainako gerraren prezioak Putinen gainbehera aurreratu dezake. Errusiaren aurkako zigorrak erregimenaren egitura politiko ekonomikoan kolpatzen ari dira, ekonomikoa bereziki eta milioidunengan duen kontrola galdu lezake Putinek, eta hankaz gora jarri bere ondorengoa izendatzeko duen plana.

Bitartean, Errusiaren historian gosearen mamua agertu liteke, beste behin. Errepresio politikoa goia jotzen ari da egun hauetan. Disidentziaren erabateko anikilazioarekin zaila izango da, ekonomikoki eta moralki gerrarekin ahulduta geratuko den gizarte zibiletik gobernu alternatiba demokratiko bat sortu dezakeen indarra ateratzea. NATOren eta Errusiaren arteko gerra pizten bada, errusiarrek beste erregimen autokratiko bati babes zabala emango diotela aurreikusi dute Errusiaren teoria eszepzionalista defendatzen dutenek; alegia,errusiarrak berez munduan kulturalki bereziak direla eta munduan aktore independente eta indartsu bat izatea nahi dutela beti, eta hori dagoela edozein antolaketa politikoren gainetik.

XX. mendean, autokrazien tradiziotik ihes egiteko saiakerak egon ziren erregimen aldaketen garaian. 1917ko iraultza aurretik, Nikolas II.aren azken urteetako erreforma politikoetan eta 1991. urtean Jeltsinen aurkako estatu kolpe saiakerari aurre egiteko mugimenduan. XX. mendeko lehen bi hamarkadak gatazkatsuak izan ziren Errusian eta XXI. mendeak ere bide hori hartu du. Putinek boterea galtzen edo uzten duenean determinismo historikoaren katea apurtuko duten indarren zain geratuko gara; internetek XXI. mendean ekarri duen iraultzak, Errusian sortu duen belaunaldi berriak egiten duenaren zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.