LEKU-LEKUTAN

Kito AEBek Siriako kurduei laguntzea?

urtzirrutikoetxea
2017ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Bi datu aipagarri iritsi dira Washingtondik, Siria hizpide: batetik, esan ez baina espero zen bezala, herrialdean dituen soldadu kopurua ez dela 500ekoa, lau aldiz gehiago baizik: bi mila dituela aitortu du Pentagonoak. Beste informazioa oso iturri interesatu batek eman du, eta hala hartu beharko da: Mevut Çavusoglu Turkiako atzerri ministroaren hitzetan, Trumpek agindua eman omen du «Siriako kurduei arma gehiago ez emateko».

Goizegi da esateko historia errepikatzen ari ote den: munduko potentziei lan zikina egin, eta gero haiek abandonatu: Mahabadeko errepublika Stalinen itzalean —ez babesean— sortu zen 1946an, eta britainiarren eraginpean ziharduen xa-rekin akordioa eginda, hondoa jo zuen lehen estatu kurduak. Mahabadetik Sobiet Batasunera ihesi joandako Mustafa Barzanik Washingtonen eta Teheranen laguntza hartu zuen bi hamarkada beranduago, baina Saddam Husseinen lehen urteetan antolatutako lurralde autonomoarenak ere egin zuen Henry Kissingerrek realpolitik-aren sasoia zela hobetsi eta Aljerreko akordioan Bagdadekin akordioa bideratu zuenean (orduantxe jaio zen Jalal Talabanik gidatutako PUK Kurdistango Alderdi Patriotikoa, Barzaniren tribalismo kontserbadorea salatuz eta kutsu ezkertiarragoarekin).

Gerokoa ezagunagoa da: Irango iraultza, hasierako ametsak berehala zapuztea komunistentzat eta, oro har, xiita edo persiar ez ziren herrientzat, 80ko hamarkadan Saddam Hussein hauspotzea Khomeiniren aurka (Halabjako bonbardaketa kimikoa, Anfal kanpaina genozida), eta 90ekoan Tikriteko semea berrizere etsai bihurtzea, eta kurduek burujabetza lortzea beren lurraldean. 2005etik estatu federala da Irak, berriki argi gelditu bada ere federalismoa zeinen kontzeptu ahula den arabiar herrialdeetan. Good Kurds, Bad Kurds (kurdu zintzoak, kurdu gaiztoak) filmean nabarmen utzi zuten hipokrisia: Iraken aurka AEBen alde ziharduten kurduak «zintzoak» ziren; Turkiaren aurka zihardutenak, aldiz, «gaiztoak».

Siriako gerrak buelta berri bat eman dio horri guztiari: 2014 eta 2015 bitartean, Abdullah Ocalanen ideiak jarraituz eratutako talde hori, ordura arte beraien herriak defendatzera mugatu zena eta politikoki eta diplomatikoki Errusiaren babes mugatua zuen, AEBentzat aliatu baliagarriena izan zela jabetu ziren, bai Sinjarren yezidien alde eta jihadisten aurka erakutsitako adoreagatik, baita Kobaneren defentsa irmoagatik ere. Turkia, NATOko bigarren armada jendetsuena daukan estatua, sututa dabil ordutik: Irakeko Kurdistango Kandil mendietatik bere armadari erasotzen zioten gerrillariak Siriako lautadetan nagusi dira orain, eta Washingtonek emandako armak dauzkate. Badaezpada, Siriako Indar Demokratikoak (SDF) berrizendatu zituzten, eta arabiar komunitateetatik ere borrokalariak gehitu zaizkie.

Kurduek Manbij askatu zutenean, Eufrates ibaia igarota, Turkiak amesgaiztoa betetzear zela ikusi zuen: Siria iparralde osoa kurduen menpe, Mediterraneo inguruko Afrinen hasi eta Irakeko mugaraino. Turkiak orduan aldameneko Jarabulus ia tirorik egin gabe hartu zion EIri, eta AEBen bi aliatuen arteko gerra pizteko zorian izan zen. Baina Washingtonen apetei erantzunez, Raqqarantz jo zuten SDFek, Rojava (mendebaldeko Kurdistan) erabat askatzeko egitasmoan aurrera egiteko balioko zuelakoan.

Turkiaren urduritasuna Irakeko Kurdistanera ere heldu da: Barzani eta Erdogan petrolioaren negozioak eta ideologia kontserbadoreak lotuta daude. Barzanik ahal izan duen beste itxi du Rojavako muga, Kobani berreraikitzeko hornigaietarako esaterako (bistan da, AEBetatik datorrenari ezin dio ezetzik esan). Barne oposizioa ere gainezka zihoakion Barzaniri, tribalismoaz eta klientelismoaz haserre. Eta independentzia-erreferendumera deitzea izan zen aurkariak indargabetzeko bidea, Washingtonek zein Ankarak ezetz esanda ere. Baietza gailendu zen, parte hartzea oso apala izan arren, PUKen eta oposizioaren lurraldeetan. Eta handik gutxira, erreakzioa, eta hondamendia, Kirkuk eta mugako postuak galdu ditu Irakeko Kurdistanek, eta aireportuak itxi dizkiete. Iranen garaipena nabarmena da: Bagdaden Teheranen leial den gobernua, Sirian gerra irabaztear, eta Libanon Saudi Arabiak Saad Haririrekin egindako jokaldia desaktibatzea lortu du Hezbollahek. Testuinguru horretan egin dituzte asteon bilerak Errusian, eta ikusteko Genevakoak ezer gehiago ematen duen datorren astean. Kurduek, badaezpada ere, badakite beren indarra baino ez dutela, beste edozein babes unean uneko interesen arabera dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.