urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Mediterraneoko mugimenduak

2018ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Bartzelonatik Madrilera 625 kilometro daude, eta eten geografikoki eta kultural erraldoia Mediterraneotik Gaztelako goi lautadara. Bartzelonatik Aiacciura 548 kilometro dira, itsaso beraren eremuan igeri. Katalunia eta Korsika, nor bere estatuan burujabetzarako bidean indartsuen dauden nazioak dira, eta hizkuntza sendoen dutenak. Baina lehenak zazpi milioi biztanle ditu, Europako hiriburu garrantzitsuenetakoa, eta bigarrenak, milioi laurden doi-doi, Espainiako bost eurotik bat Katalunian ekoizten da, Frantziako 200 biztanletatik bakarra bizi da Korsikan.

Korsikako hiri nagusian 20-25 mila lagun kalera irtetea (prefekturak bospasei milara jaitsi zuen kopurua) itzela da. Absolutuki ez eze proportzioan ere urrun dago Bartzelonako deialdi erraldoietatik, zeinetan sei biztanletik bat irten izan den kalera. Korsikan hamarretik batera iritsiko litzateke goi-goitik jotako kopurua. Baina merezi du kualitatiboki ere begiratzea: Pé a Corsica-n bildutako abertzaleek Korsikako lurralde elkargoa sortu eta hilabete eskasera egin dute indar erakustaldia. Ez da edozein une: aski goiz batzuentzat, baina beharrezkoa halaber, alderdi politikoen gainetik herritarren eskari handia dagoenean gizarte zibilaren aktibazioak eragin nabarmena duelako. Eta urtarrilean eginiko bideari eusteko halaber: Paristik esku hutsik eta haserre itzuli ziren Gilles Simeoni elkargoko burua eta Jean-Guy Talamoni biltzarreko presidentea, hizkuntzaren ofizialtasunari, presoak aberriratzeari eta turismoaren eta espekulazioaren aurrean horren beharrezko duten bertako biztanleen estatusa negoziatzeari ere ezezko biribila eman baitzien Parisek. Urtarrilak hori ekarrita, eta Emmanuel Macron uhartera lehen bisita egitear dela Erignac prefetaren hilketaren 20. urteurrenagatik, jokaldia irekitzera jo dute abertzaleek bulegoko negoziazioetan kateatu gabe, erakundea kudeatzeaz gain herritarren zati handi bat atzean dutela erakusteko.

Katalunian, gizarte zibilaren aktibazio erraldoia arranguren ontziak gainez egitean iritsi zen, bide guztiak pausoz pauso beteta ere Auzitegi Konstituzionalak estatutua baliogabetu zienean. Korsikan borroka armatua amaitu eta abertzaleen nagusitasunarekin batera, urratsak sendo emateko unea iritsi dela ebatzi dute. Elkarrekin eta tinko aritzea, horratx bi baldintza ezinbesteko oraingoz pitzatzeko itxurarik ez daukan harresi errepublikanoan gutxieneko eskubide nazionalak lortzeko.

Esan dugun bezala, Katalunian gertatzen denak Espainian daukan pisu nabarmena ez bezala, Korsikan egindako edozein urratsek ez du aparteko eraginik Hexagonoan. Balizko independentzia batek ere ez luke zertan izan, orain bertan agendan egon ez arren. Baina balizko sezesio batek baino gehiago beldurtzen du ideia jakobinoa edozein lurralderi emandako eskubidea zein neurritan ez ote den aurrekari bihurtuko besteentzat. Teorian, botere-maila asimetrikoak posible izan arren; korsikarrek lurralde elkargoa lortu dute, Ipar Euskal Herriak eskari antzekoa izanda ere Hirigune Elkargo xume baina itxaropentsua izan da, baina Bretainiak ez zuen lortu, eskualdeen azken aldaketan ere, Loira Atlantiko berriz beste lau departamenduekin batera egotea. Justu kontrakoa eskatzen zuten alsaziarrek ere ezin izan zioten ordura arteko eskualdeari, eta Champagne-Ardennes eta Lorrenarekin batera Parisko ateetaraino iristen den Grand-Est edo Ekialde Handian urtu zieten eskualdea, hiriburua Estrasburgon atxiki arren. Kutsu administratibo hutsez estalitako aldaketak, kasualitatez ere ez dituzte periferiako nazio batzuen eskarien alde eta besteen aurka egin, denen aurka izan da.

Korsikak arreta handirik piztu gabe egin du orain arteko bidea. Inork ez du zalantzan jarriko Parisen barne-auzia dela. Katalunia Europako arazo nagusietako bat bihurtu da, brexit-arekin batera. Vicent Partalek egunotan aipatu duenez, «Bruselan harrituta gelditu omen ziren espainiar goi kargudun batek, Urriaren 1eko kritiken harira, esan zielarik Espainiak EB utziko zuela Kataluniaren independentzia aitortu aurretik». Pilota ERCk du orain neurri handi baten, batasun errepublikanoari eutsi (esanguratsua errepublikano hitzaren esangura zelan aldatzen den mugaren alde batetik bestera) eta errepresioari aurre egin, ala hauteskundeetara jo berriz ere. Puigdemontik gabeko Gobernu bat ez da errepresioa geldiarazteko bidea; aitzitik, hura zein baliagarria den frogatzen duen eta mendekuari ateak irekiko dizkion urratsa litzateke Madrilentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.