LEKU-LEKUTAN

Tsar indartsua, urduri

Urtzi Urrutikoetxea -

2018ko martxoak 18
Europa eta Asiako iparraldeko mugan, Siberiako taiga eta basoaren eremu mugagabean lur hartu zuten aste hasieran nenets etnia uralikoko nomaden botoak jasotzeko. Autorik iristen ez den eremu horretan petrolio-guneak handitzen ari dira, nenets-en elur-oreinak bazkatu izan diren larreetan, baina kexuak kexu, Vladimir Putinen garaipenerako lehen bozak izan ei dira.

Putinek hauspotutako ideologiak berariaz gainditu edo, hobeto esan, nahasten ditu ezker-eskuin ohiko zatiketak: arazo handirik gabe uztar ditzake Errusiako memoria monarkikoa eta tradizio sobietarra, eta eskuin muturrak ordezkatzen dituen balore kristau kontserbadoreen defentsa dekadentziaren paradigmatzat duten mendebalde liberalaren aurrean, izan gizarte multietnikoa, izan nortasun sexuala, izan mugimendu feministak dakarren ahalduntzea. Bost axola Errusiak mendeak eramatea nortasun multietniko horrekin, Tartariatik Kaukasora hazten doan biztanle musulmanen kopuruarekin, eliza ortodoxoa bihurtzen da gune. Bide berean doaz homosexualen aurkako neurri populistak, indarkeria matxista zigorgabetzen duten arauak (nork du gogoan emantzipazio osoa ahalbidetu zuen emakume langile sobietarra?), eta azkenik, errepubliketako dozenaka hizkuntzak baztertzeko erabaki nazionalistak, errusierazko eskolak inposatuz eta bertako hizkuntzak gehienez ere astean bizpahiru orduko eskoletara utziz.

Putinek sortu eta bere inguruan antolatutako Errusia Batua alderdiarekin egin ohi zuen lehen; orain hura ere sobera duela iritzita, independente gisa doala sinetsarazita herritarrei, mundu osoan indartu den establishment-aren aurkako jarreratik ura bere errotara ekarri guran: alderdiarekin puztutako oligarkengandik apartean eta, behar izatera, aurrean dagoen liderra da. Badaezpada ere, alabaina, 2011ko hauteskundeen osteko esperientziatik lezioa hartuta, bereizi egin ditu hauteskunde parlamentarioak (iaz izan ziren) eta presidentetzarakoak, duela sei urte eta erdi piztutako protestarik ez egotea bermatzeko.

Garaile agertu gura du, Siriako gerra irabazi dio Putinek Baxar al-Asadi, eta horrek agintaldia bermatu dio Ekialde Hurbileko nagusi berri legez. Duela ia bi hamarkada Groznin egin zuen gisan jokatu du, zibilen biziaz erabat ezaxola, airez behin eta berriro erasoz milaka lagun bizi diren guneei. Txetxeniako gerra krimenek ez bazuten inolako ondoriorik izan, normala ere bada orduko kriminala nahi duena egiteko libre sentitzea. Laster faktura kobratu nahiko du Sirian, Teheranek bezala, bai, baina Putinek bizilagunak berdintsu hartuko du biharamunean Benjamin Netanyahu Kremlinean, Ekialde Hurbileko aro berriko figura nagusi bihurtu dela sinetsita.

Mendebaldeko herrialdeen mespretxuan antidekadentziaren presidente gotor agertzeak ere, baditu mugak, horratik. Barregarria ere izan da egunotan, sutsuki eta bihotzez putinzale diren batzuen mezuen aurrean ordaindutako bot gisa burla egitea Mosku eta San Petersburgoko sektore batzuetan, hain dago barneratuta Errusian bertan Kremlinek kontrolatu eta zuzendutako mezu mediatikoen irudia.

Tsar indartsuak ez dauka oposiziorik, itxuraz, eta itxuraz halaber dozena erdi aurkari lehiatu arren. Telebistako eztabaidetan Putin ez besteak agertu dira elkarren aurka, baina presidenteak abstentzioa du gaur aurkari ia bakar. Teknikoki badago oposizioko prentsa ere, legezkoa izanda ere ia klandestinoki funtzionatu behar badu ere; ez dago Turkiako atxiloketa masiborik, baina inork ez daki noiz joko duen beti ezezaguna den baina beti Kremlinen aurkarien aurka erasotzen duten esku hiltzaileak. Boris Nemtsov opositorea izan zen azkenetakoa, baina zerrenda luze horrek beldurra ematen du. Putinen biktimen zerrendan, milaka txetxeniarrekin batera, hor daude Natalia Estemirova edo Anna Politkovskaia, gizarte kritiko batek beharrezko dituen ahots ausart horiek.

Ustezko oposiziorik gabe ere, Aleksei Navalnirekin lehiatzera ez da ausartu Vladimir Putin. Azken agintaldia eskatu du, eta gaur botoek hala berretsiko diote botere hori. Gakoa bat etorri ez eta etxean geldituko diren horiek zenbat diren izango da, eta antolatzerik izango duten. Etsipenaren aroa ere gaindituta baitago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna