urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Alemaniako istorio bat

2018ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Gernikako bonbardaketaren 65. urteurrena izan zenean, 2002an, Berlinen bizi nintzen. Guernicaplatzen egin genuen telebistarako grabaketa. Hiriaren mendebaldean dago, Spanische Alleeren erdi-erdian. Berez, Alemanian Espainiako etorbide bat egoteak ez du ezer txarrik, haren jatorria ez balego Kondor Legio naziaren itzuleran, 1939an. Berariaz izendatu zuten plaza bide lotsagarri haren erdian. Hala esan zidan nire etxetik hurbil bizi zen eta harresia jausi ostean Friedrichshain auzuneko alkate sozialdemokrata izandako Helios Mendiburuk. Familia komunista zeukan, aita euskalduna, Espainiatik erbesteratu eta Frantziako erresistentzian zebilela fusilatu zuten okupatzaileek,1944an. Amak Alemania Ekialdera jo zuen. Semea, baina, Budapesteko 1957ko gertakarien aurkako protestetan nabarmendu zen, eta komunisten aurka egon zen aurrerantzean. Kontuak kontu, harrituta zegoen Espainiako Gobernuak ez zuelako barkamenik eskatu Gernikako bonbardaketagatik. Bost urte ziren Bundestag edo Parlamentuak Alemaniaren errua onartu zuela, eta handik urte pare batera barkamen eskea etorri zitzaion Gernikari. Faxismoaren marra oso argia da Alemanian, ezker muturretik kristau demokraziaraino. Alemania Ekialdea edo bloke sozialista oro har eredu autoritarioa eta demokraziarik gabea zela esango dizute (orduko onurak ere gogorarazi batek baino gehiagok), baina inork ez du alderatu nazien erregimenarekin.

Berlindik iparrera Oranienburg herrian Sachsenhausen kontzentrazio-esparrua dago. Ez zen eliminazio-esparru bat, Auschwitz izan zen legez, baina Arbeit macht frei seinale bera dago sarreran, eta han gertatutako izugarrikeriak oso hurbil senti daitezke. Bisitaren amaieran, kontatzen du nola gerra amaitutakoan sobietarrek ere atxilotze-eremu gisa erabili zuten, eta orduan ere izan zela gehiegikeriarik, baina inolaz ere ez aurrekoarekin konparagarri. Besteak beste, Sachsenhausenen 1938tik hildako 30.000 lagunetatik 10.000 inguru gerraren amaieran masiboki exekutatutako sobietar soldaduak izan zirelako. Sachsenhausen hainbat aldiz bisitatu nuen, Berlinera zetorren bisita bakoitzarentzat. Denentzat zen aztoratzen zintuen bisita interesgarria. Nik, baina, judu, sobietar, homosexual, erromani eta beste hainbati egindako oroitarrien ostean, baten falta sumatzen nuen.

Urte pare bat lehenago, Amsterdamdik Kopenhageraino egindako bidaia batean, frisiarrei buruz pixka bat gehiago ikasi genuen. Ehun frisiera hiztunetatik 95 Herbehereetako Fryslan probintzian daude, baina handik ehunka kilometrora errepidez—gutxiago itsasoz— badira frisiar komunitateak ere. Sylt uhartea esaterako, Alemaniako jet set-aren oporlekua da aspalditik. 40 kilometroko hondartza luzea da Iparraldeko itsasora begira, kontinentera lotzen duen Hinderburgdamm diketik trenez irits liteke. Iparraldean Rømø uhartean du, eta, bi «ø» horiek salatzen dutenez, ez dago Alemanian, Danimarkan baino. Bizikletaz ibiltzeko paradisua da, aleman aberaskiloek Ferrariak hobetsi arren. Rømøra txalupa hartu genuen, beste dike batetik kontinentera, eta bidegorritik bizikletaz bueltan gentozela Poliziak geldiarazi gintuen; Europan mugarik ez zegoela uste guk. Schengenen ondoren ere, muga fisikorik egon ez arren kontrolak sarritan izan dira Jutlandia penintsulako hegoalde horretan. Gatazkagune garrantzitsua izan da eremua Europako historian, orain aleman nobleziaren menpeko orain danimarkarren eskutan. I. Mundu Gerra amaituta egin zen azken zatiketa: 1920an iparraldean Danimarkan geratzea bozkatu zuten, eta hegoaldean Alemaniarekin lotzea. Ipar Frisiako abertzaleak okerreko lekuan suertatu ziren, Jens Mungard poeta esaterako: Kopenhageren alde egin zuen, hark eskubideak hobeto errespetatuko zituelakoan, baina Ipar Frisiatik kanpoko Schleswig-Holsteinek Berlin bozkatu zuen. Weimarreko urteen ostean etorri zen hondamendia, eta Mungard Sachsenhausenera eraman zuten naziek. Sekula ez zen itzuli. Sylten monumentu txiki bat zuen herrian, Sachsenhausenen ezer ez nik bisitatu nuenean. Baina gerora bai, ezarri diote oroitarria. Memoria, desnazifikazioa luzaroan landu arren, etengabe egin beharreko lana baita, iparfrisiarren poeta nagusia Berlin iparraldean hil zela gogorarazten dute gaur.

Eta Schleswig-Holstein, bere lautada, kanal, behi, errota eta bizikleta-bide patxadatsuekin, Alemanian jatorrizko hizkuntza eta nazionalitate gehien biltzen dituen estatu federala da. Bizikidetza eredu hartu izan da, mugaren alde bietan badaude «beste» nazionalitateko komunitateak, eta haien eskubideak konstituzionalki babestuta daude (alemanaren ezagutza Danimarkan orokorragoa da danierarena Alemanian baino, bistan da). Hainbat gerraren ostean autodeterminazioaz muga ezarri eta gutxiengoen hizkuntza eskubideak konstituzioan dituzten eskualdean erraz irudika liteke zer pentsatzen duten erreferendum bat antolatzeagatik estraditatzeko eskatzen dieten Europa hegoaldeko estatu bati buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.