urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Urte erdi Kaledonia Berriko erreferendumerako

2018ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Euskal Herrian historia hurbileko egun garrantzitsuenetakoa izan den datan, Kanbon estatuburu den pertsona urrun zen; ez Matignonen, ia haren antipoda den Kaledonia Berrian baizik. Emmanuel Macronek lehen bisita egin du presidente gisa Ozeaniara. Atzo berretsi zuen ez zuela zehazki botorik galdegingo azaroaren 4ko autodeterminazio-erreferendumean, baina azaleko jarrera horren beharrik ere ez da: denek dute gogoan hautagai zela nola argi eta garbi adierazi zuen Kaledonia Berriak Frantzian segitu behar zuela «bakeari eusteko». Itxurazko neutraltasuna politesse pixka batekin ezkutatzeko ahalegina baino ez dira bisita honetako hitzak. Zalantzarik balego, azken adierazpena: «Frantzia ez da gauza bera izango Kaledonia Berririk gabe».

Herenegun, milaka lagun ziren Noumeako karriketan, Marseillesa bolumen betean jotzen ari zela eta bandera zuri-gorri-urdinak airean. Frantsestasunaren aldarrikapen nazionalista, eta banderatxook astintzen, esku zuriak; hiriburuan eta uhartearen hegoaldean nagusi diren europar jatorriko caldoche-ak frantses segitzeko deialdia zen. «Non» hitza ere agerian zeramaten batek baino gehiagok. Ezetz esango diote «Nahi duzu Kaledonia Berriak subiranotasun osoa lortzea eta independente izatea?» galderari.

Manifestazioari kale bazterretik begira, Marseillesaren «aux armes les citoyens» esaldiari «Vive le Kanaky» erantzuten dio manifestari independentista batek. Kanak bandera darama. Aldamenean, beste manifestari batek Ouvean hildako militanteen argazkiak daramatza. 30 urte dira Gossanaheko haitzuloan armadak hemeretzi militante kanak hil zituenetik, bahituta zeuzkaten hamasei jendarme askatzeko Victoroperazioan (militarrek haietako bat exekutatuta hil izana ere salatu zuten). Handik hamar urtera, Noumeako akordioetan adostu zuten deskolonizazioa, eta aurtengo erreferenduma egitea. Macron 1988ko gertakari haiek gogorarazteko joan da artxipelagora, Australiara egindako bidaiaren ondotik. Aireportuan kanak bandera zegoen Frantziakoaren ondoan: 2010ean jaso zen lehen aldiz ofizialki, eta ordutik haren erabilera publikoa nolabait orokortu bada ere, Kaledonia Berrian inork ez darabiltza biak: ezetzaren aldeko manifestariek zuri, urdin eta gorria baino ez darabilte, bestearen ofizialtasuna gorabehera. Independentistek ere ez metropolikoa, bistan da.

Kontuak kontu, eta polarizazioa agerikoa izanda ere, ez da gutxi bataren eta bestearen aldeko manifestariek istilurik gabe euren aldarrikapenak egin izana egunotan (independentistek zenbait ekitaldi ezin egina salatu badute ere). Macronek Kaledonia Berriko erreferenduma bide eredugarria izango zela azpimarratu du egunotan. Oso bide interesgarria izango da hemendik azarora arte doazen sei hiletan (eta ezin ahaztu, inkestek diotenaren arabera ezetza gailentzen bada, beste bi erreferendum ere egin litezkeela hurrengo lau urteetan, Noumeako akordioen arabera).

Auzi politikoak iragan kolonial arrazista baten ondorena ezkutatzen du. Teknikoki lurralde aberatsa da; munduko nikel erreserbarik handienak ditu eta elementu horren prezioek behera egin arren, asko esportatzen dute Txinara. Ia Euskal Herria bezain handia eta hamar aldiz biztanle gutxiago ditu Kaledonia Berriak, BPGa biztanleko ia 30 mila eurokoa da, eta prezioak Eurogunean baino ehuneko 25 altuagoak dira. Baina desorekak ere itzelak dira: 600 eurotik behera irabazten dutenen pobrezia tasa metropoliaren bikoitza da, eta kanak biztanleei erasaten die batez ere: caldocheak bizi diren hegoaldean% 9koa da, iparraldean eta Loyalty uharteetan, berriz, ia erdiak dira. Zaila da, baldintza horietan, Paristik zuzenean datorren dirutzari uko egitea: garapen propioa eragozten duten sos horiek menpekotasun koloniala indartzen dute, baina ez da inoiz erraza haiei uko egingo dien ziurgabetasunezko egitasmo baten alde egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.