urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Urteurrena Kurdistanen

2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Estatu kolpearen urteurrena gogorarazi dute egunotan Katalunian. Vicent Partal Vilaweb-eko zuzendariak lehen egunetik halaxe deitu zion, estatu kolpe, Guardia Zibilak Ogasunaren eta Kataluniako Generalitatearen aurka egin zuen operazioari: aurretik Kataluniako autonomia erabat mugatuta zeukan Espainiako Gobernuak bere finantzen kontrolaren bidez, eta, egun hartan, hilabete beranduago iritsi zen 155. artikuluaren adibide argia izan zen. Francoren heriotzaren ostean eratutako sistema berria agortuta zegoela aspaldi gelditu zen argi, baina haren oinarri ziren autonomia estatuen aurka horren gordin jotzea frogarik nabarmenena zen. Zer diren gauzak, ordu hartan independentismoak salatzen zuen kolpea; urtebete geroago, espainiar nazionalismoak darabil batez ere kolpismoaren argudioa, independentisten aurka, noski.

Konbinazio bitxi horietako bat gertatu zen duela urtebete. Berriki aipatzen genuen, zeinen ezohikoa den urte politiko honetan, azarotik ekainera, hiru independentzia-erreferendum egotea deituta, hirurak urrun (Ozeanian), hirurak kasuistika desberdinekin (deskolonizazioa, federazio bateko gatazka politikoa edo gatazka armatu baten akordioa), baina hirurak ere estatu berri baten sorreran amai dezaketenak. Bada, duela urtebete, antzeko erreferendum bi izan ziren munduan astebeteko epean. Berriz ere oso kasuistika desberdinekin, oso jarrera desberdinak zituztela galdeketaren deitzaileek eta jatorrizko estatuetako agintariek, baina bi galdeketa. Katalunia zen bat; bigarrena, egiaz. Lehena, Hegoaldeko —Iraken menpeko— Kurdistango galdeketa izan zen. Bihar beteko du urtea Masud Barzani lehendakariak antolatu eta herrialdera hondamendia ekarri zuen erreferendumetik.

Kataluniakoa behetik gorakoa izan zen artean, herri mugimenduak hauspotu eta bultzatuta eta alderdiak independentismora lerratzera behartuta, goitik beherakoa izan zen Hegoaldeko Kurdistanen: herritarrek aspaldi utzi zuten agerian independentzia-egarria —galdeketa ez-ofiziala ere egin zuten 2005ean Irakeko konstituzio berriaren erreferenduma egin zenean, hauteslekuetatik kanpo ezarritako boto kutxetan, eta ia ehuneko ehunek independentziaren alde egin zuten—, baina Barzanik bere kabuz abiarazitako proposamen hura ustelkeriak eta herritar askoren haserreak setiatutako presidente baten jokaldia zen gehiago, eta hala gelditu zen agerian Barzani klanak eta PDK alderdiak kontrolatzen ez zituen lurraldeetan, Suleymaniyan eta Kirkuken, esaterako, edo Sinjar inguruko yezidien artean: ez zuten ahazten Barzaniren pexmergek abandonatu egin zituztela jihadistak iritsi zirenean, eta Siriatik etorritako eta PKKrekin trebatutako gerrillariek baino ez zutela lortu genozidioa geldiarazi eta pasabidea eratzea. Barzanik 2015ean utzi behar zuen boterea, baina Estatu Islamikoaren aurkako gerraren aitzakian hari heldu zion, eta hauteskundeetara deitzeko orduan, erreferenduma antolatu zuen, alderdikeriak alderdikeria, edozein kurdurentzat independentziari ezetz esatea oso zaila zelakoan.

Katalunian ez bezala, hauteskunde egunean ez zen istilurik izan duela urtebete Kurdistango erreferendum egunean: edozein sezesiok gailentzeko behar duen ezinbesteko baldintza baitzeukan: lurraldearen kontrola, alegia. Irakeko estatua ia desagertu egin zen jihadistek Mosul hartu eta hurrengo hiletan, eta kurduek ordura arteko hiru probintziez gain, kurduak bizi ziren gainontzeko lurraldeen kontrola hartu zuten, Kirkukena besteak beste —Sinjarren, berriz, gatazka zegoen, hango yezidi askok ez baitzuten onartzen barzanitarren kontrola—. Erreferendumaren aitzakian, judo-jokaldia egin zuen Bagdadek, nazioarteak babesten ez zuen neurri horretan indarra hartu eta azken hiru urteetan galdutako lurraldeak bereganatu zituen. Teknikoki arabiera eta kurduera estatu-hizkuntza ofizial diren estatu federala izan arren, biharamunean irudi esanguratsua aireratu zen Kirkukeko gobernu ordezkaritzan: kurdueraz ekin zion arduradunari galarazi egin zioten.

Yezidiek pozarren ospatu zuten Barzaniren pexmergek beren eskualdetik alde egitea, horrek Bagdaden menpe geratzea ekarri arren. Jihadistak kanporatu zituztenetik, beren lurraldearen autogobernua aldarrikatzen ari ziren, Siriako kantoi kurduetako antolakuntzaren antzera. Egiaz, Sinjarrek hondatuta jarraitzen du, arabiar sunitak kanporatu egin zituzten jihadistekin izandako kolaborazioagatik, eta askatasuna berreskuratu duten yezidiek ere ez dute gehiago bertan egon nahi. Dena dago hondatuta, eta segurtasunik ere ez dute nabari. Mendebaldean urtuko da ehunka urteko ondarea. Urteurren mingarriak dira datozen asteotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.