urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Printzea biluzik

2018ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Saudi Arabiak onartu du Jamal Khaxoggi Istanbulen daukan kontsuletxean hil zutela Riadetik bidalitako zerbitzu sekretuetako hamabost lagunek. Duela bi aste, Khaxoggi sartu zen legez irten zela esan zuen Riadek; atzoko bertsioan, «borrokaldi bat» izan zela eta bertan hil zela dio. «Goian bego». Zehazki, «bakean bego haren arima» dio komunikatuak. Baina, arima baino, gorpua non den azaldu behar du, eta ñabardura txiki hori ez du argitzen ohar ofizialak. Oharretik kanpo, xehetasun beltzak dakartza Turkiako prentsak: hil aurretik hasi ote ziren gorputz atalak mozten, horretarako zerra erabili ote zuten eta tresna zerabilen forentseari buruzko datuak —Erresuma Batuan ikasitakoa, hango prentsak kaleratu duenez—, eta gorpua zatikatuta desagerrarazi ote zuten.

«Nola kazetari baten heriotzak milaka yemendar hilek lortu ez zuten kontraerasoa ekarri zuen», zioen New York Times-ek. Azken batean, nork pentsa Riaden igarotzerik ez zuten marra gorriren bat zegoela —AEB edo Israel jotzeaz gain, bistan da—?. Yemenen sekulako hondamendia eragin dute Iranekin daukaten gatazkaren proxy-gerra bat eginda, NBEk ikusi gabeko gosete baten arriskuaz ohartarazi die, eta inork ezer ez esateaz gain, armak saltzen jarraitzen dute. Saad Hariri Libanoko lehen ministroa bera bahitzera iritsi ziren Saudi Arabiara egindako bisitan, eta dimititzera behartu, Frantziak auzian esku hartu zuen arte. Qatar zigortu eta isolatzera jo zutenean ere, besteak beste Al-Jazeera ixtea exijitzen zion hainbat puntuko gutun umiliagarri batean, inori axola ez, ezta printzeak herrialde hori «uharte» bihurtzeko lanak agindu zituenean ere, Saudi Arabia eta Qatar penintsula batzen dituen lur-zatia kenduta. Printzeak «irekiera» aroa iragarri zuen: emakumeei gidatzeko baimena ematen azken herrialdea izan zen. Eta Kanadatik kritika txikiena iritsi zitzaienean, erregimena espantuka hasi eta neurrigabeko erantzuna izan zuen. Baina orduan ere Washingtonek ezikusi, bere auzo eta aliatuaren aurkako oldarraren aurrean.

Horiek guztiak musu-truk eginda, inpunitate sentimendu horrekin, nork pentsa, urtero hainbeste lagun exekutatu, mutilatu eta desagerrarazten dituen erregimenean, kazetari disidente bat hiltzeagatik horrelakorik sor zitekeenik? Mohammed bin Salman printzeak uste hori zeukan, ez alferrik, Donald Trumpen beraren argi berdea zeukala nahieran jokatzeko. Exekuzioak bezainbat torturek agerian utzi dute zer gertatzen zaien erregimenari kritika txikiena egiten dietenei. Baina Istanbulgo operazio guztia baldarkeria itzela izan da, eta haren osteko azalpenen erreskada ere berdintsua da.

Ezin ahaztu Khaxoggi ez zela inongo lider iraultzailea, Saud familiako monarkiarekin oso harreman estua zeukan kazetaria baizik. Printze berria duela hamaika hil estatuko agintari nagusi bihurtzean, monarkiako eta estatuko hainbat goi kargudun luxuzko hotel bateko atxiloaldian izatea agindu zuenean, Estatu Batuetara jo zuen, eta Washington Post-eko artikulugile bihurtu zen. Era berean, lehen kritikatu ohi zituen Recen Tayyip Erdoganen eta Anaia Musulmanen ingurumarira hurbildu zen —Turkia, Qatar, Hamas, labur esanda eremu sunitan dagoen botere zatiketa gaur egun, besteak beste Riadek Egipton Mursiren aurkako estatu-kolpea bultzatzea eta Al Sisi babestea ekarri duena—, eta Hatice Cengiz emaztegaia ere Turkiako presidentearen aholkulari izana da. Erabat babestu zuen Erdogan, esaterako, Siriako Afrin kantoi kurduari eraso zionean. Riadekiko otzan diren estatu suniten ondoan —Egiptotik Arabiar Emirerri Batuetara edo Libanoko Haririrengana—, Turkiako sultana gozatu ederra ari da hartzen —barka fribolitatea pertsona baten hilketaren aurrean— tantaz tanta filtratzen ari den grabaketekin, denboraren erabateko kontrolean. Marka da, nor eta Erdogan, munduan kazetari gehien espetxean dituen presidentea, berriemaile baten hilketa salatzen.

Washingtonek erosgarri iritziko dion bertsioa moldatzen ari da Saudi Arabia, halakoren baten «tira, ondo daude azalpenak» esango dioten esperoan. Eta horrekin, firewall edo suebakitzailea armadan oso goian ezartzen, jeneraletara iritsi arte, Mohammed bin Salman printzea erre ez dadin. Mundu guztiak printzea biluzik ikusi arren, hiltzaile baten biluztasun osoan. Badaezpada printzearen anaia Saudi Arabian agertu da egunotan, eta Salman erregea azaldu da berriz agintari nagusi. Gero petrolioaren mehatxua dago, mundu osoko ekonomia desorekatzeko. BalitekeAEBetako diplomazialariak eta Ganberetako ordezkariak gogaituta egotea beren aliatu kuttunaren jokaldi itsusiekin. Besterik da Israelen alde eta Iranen aurka Ekialde Hurbilean daukaten pieza garrantzitsuena galtzeko prest dauden.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.