urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Urtebete Turkiako kolpetik

2017ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Duela urtebete Amedeko alde zahar txikituan ibili nintzen. Militarki hartutako hiria zen, tanke eta kontrolak alde zaharraren inguruan, uniformedun asko, eta uniformerik gabeko agenteak ez gutxi, kurduek berehala antzematen bazieten ere Anatolia erdialdetik etorritako gizon haiei. Autokritika ere bazegoen hil batzuk lehenago hirietan garatutako erresistentzia armatua txarto kalkulatu eta armadaren erantzun gupidagabea jaso zutelako: bonbardaketa masiboak, erabat birrindutako auzuneak eta milaka lagunen desplazamendua. Nazioartean egindako salaketak, Ankararen aurkako gaitzespenak eta zibilen aurkako erasoen eta sarraskien frogak asko dira, baina, oro har, estrategia kurdua galtzaile irten zen, bai militarki, bai politikoki. Kontuak kontu, baina, mugimendu kurdua indartsu zebilen, eta oso urrats sendoak egin zituzten beren buruak ahalduntzeko. Feminismotik abiatuta, hizkuntzaren eremuraino: kurduerazko eskolak ugaritu egin ziren urte pare baten, gurasoek euren emozioa azaldu zidaten berriz ere haurrak kurdueraz entzunda, estatuak aitortu gabeko irakaskuntza-sisteman izan arren; eta Ameden hizkuntza-ahalduntze bete-betean zen: afixak, errotuluak, Nik kurdueraz eta antzeko leloak, baita Euskal Herritik eramandako Kurdueraz bizi nahi dut lema ere. Eta Ameden hasitakoa beste hiri batzuetara zabaldu zen.

Istanbulen aspaldiko lagunekin hitzordua egin nuen; beti bezain txundigarria da kontinente bitan banatutako munduko hiri bakarra. Ramadanaren amaieran ere, Taksim ingurua eta Istiklal kalea jendez beteta, terrazetan Bosforoko arraina eta edalontzi bete raki. Recep Tayyip Erdoganek mugimendu garrantzitsuak egin berri zituen azken asteetan: Davutoglu lehen ministroa kendu, Israelekin harremanei heldu eta berdin Errusiarekin. Atentatu larri bi ere izan berri ziren, aireportukoak Andres adiskidea aztoratu zuen, emaztea gida turistikoa izanik han sarritan ibili ohi baitzen. «Hilero atentatu bateko erritmoa daramagu, eta maiatzean egon ez zenez, ekainean bi zetozela egin genuen txantxa. Eta hala gertatu».

Baku ederrean egon nintzen aurretik, Azerbaijango komunitate kurdu txikia bisitatzen Kaspio ertzean, eta han ere uztaileko arrats atseginaz gozatu nuen, buru-zapi gutxi eta plazetako mahaietako pitxerretan garagardoa ugari. Zaila zen irudikatzen handik 200 kilometrora Iranen menpeko Azerbaijan zegoela, eta haiek bezala horiek ere musulman xiita zirela, tradizioz behinik behin. Bakutik Kurdistanera, Amedetik Istanbulera, handik Madrilera eta Barajastik Euskal Herrira autobusa hartu nuen, sanferminetara zihoazen atzerritarrez beteta. Mundu aztoratu honetan, baziren etsipenari aurre egiteko motiboak.

Handik bost egunera, ostiralarekin astea amaitzear zela, Bosforoko zubiak itxita zeudela zioten teletipoak iritsi ziren. Lagunei hots egin, eta denak urduri, berbarako ia ere tarterik ez. Tankeak, tiroak, estatu-kolpe ilun bat eta Erdoganen milaka jarraitzaile hura geldiarazten. Konspirazio-bertsioak, nahi beste. CIAren esku luzea aipatu batek, auto-kolpea besteak. Ankaran eta Istanbulen sua, kostaldean eta Anatolian borrokak eta manifestazioak, eta Kurdistan inoiz baino bareago ageri zen. Sirnak hiria txikitu zuen militarra, kolpismoagatik atxilotu zuten lehenetakoa izan zen. Kolpea nork jo zuen ikertzeak sustrai luzeak utziko lituzke agerian, baina ziur kurduak ez zirela haien artean agertuko. «Eta, hala ere, uste baino bizkorrago, kurduen aurka joko dute», iragarri ziguten Ameden.

Abuzturako milaka atxilotu zeuden, milaka irakasle, abokatu eta funtzionario lanik gabe, eta, espero bezala, kurduen txanda iritsi zen. Azadiya Welat kurduerazko egunkari bakarra itxi zuten. Kurduerazko eskola libreak. Telebista kateak, orain umeentzakoa berriz emititzen bada ere. Eta, azkenik, udalak. Herritarrek demokratikoki babes itzelarekin hautatutako alkateak atxilotu zituzten. Hala idatzi du PEN Kurduko lagun on batek asteon gertatutakoa: «Ironikoa bezain tragikoa da, idazle eta poeten izenez, eskulturez eta are erreferentzia sinbolikoez hain beldurtuta dagoen gobernu bat ikustea. Turkiako erakundeek Ahmê Xanî filosofo, idazle eta poeta kurdu handiaren estatua erauzi dute Bazîd hirian. Literatur eta kultur institutu baten, Cegerxwîn poeta klasiko handiaren izena ere eraikinetik kendu eta bota egin dute».

Erdogan botere mugagabeko presidente bihurtu da iaztik hona, bere alderdi islamistarenaz gain Turkiako eskuin mutur arrazistaren babesa lortuta. Eta hala ere, urduri dabil, oso urduri, azeri zaharra. Haren patua neurri handi baten Siriari lotuta dago eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.