LEKU-LEKUTAN

Udaberriko kontuak

Urtzi Urrutikoetxea -

2018ko martxoak 25
Udaberriko lehen artikulua duzu hau. Honezkero badakizu, astearte iluntzetik bedatsean gaude planetaren iparraldeko hemisferioan. Eguna dagoeneko gaua baino luzeagoa da, eta mendebaldeko herrialdeetan erlojuari ordubete ostu diogu gaur ilunabarra beranduago izan dadin. Geroz eta iparrerago, nabariagoa da aldaketa; samientzat hil eta erdi da doi-doi eguzkia ostertzean jaikitzen ikusi zutela, ia bi hileko iluntasunaren ostean, eta aste gutxi barru gauerdiko eguzkiarekin egongo dira. Tropikotik hurbilago, berriz, ia ez da ordutegi aldaketarik nabari, baina maiek asmatu zuten planetaren mugimenduak eta eguzkiarekiko kokapena marrazten. Chichen Itzako piramidean udaberriko eta udagoieneko ekinokzioko itzalarekin sugea irudikatzen da.

Batzuetan zail da sinesten, baina Yucatango penintsulako eremu handi bat guztiz independente izan zen hamarkada askoan XIX. mendea amaitu eta XX.a ere hasita. Hiriburua oso urrun zegoen, eta kasten gerran espainiarrek mendeetan ukatutako askatasuna eskuratu zuten maiek; gero bat-batean dena galtzeko, egoera egonkortuta zeukatela. Kanpotik begiratuta, eta nahi besteko aldearekin, katalan independentistek egin dutena ulertzeko dagoen zailtasuna gogorarazten dit. Erreferendumaren arrakasta eta urriko tentsioa lehendabizi, «bai baina ez» independentzia-aldarrikapena gero, herritarrei bizkarra eman eta batzuk erbestera eta beste batzuk espetxera eraman zituena. Segidan, abenduko hauteskundeetako garaipen handia, eta ordutik joan diren hiru hilotan emandako irudi negargarria. ERCren errezelo eta beldurrek gidatuta, ulertzen oso zaila den bidean sartu dira urtarril amaieran Puigdemont lehendakari egiteari uko egin ziotenetik. Eta asteon ikuskizunik tristeena iritsi da, ezer negoziatu gabe CUPen babesa lortu gura izan dutenean Jordi Turull presidente autonomiko izendatzeko (eta, halaber, zeinen irudi zurruna CUPek horren une gogorretan). Lehen akatsaren ostean gutxitan izaten da bigarren aukerarik, eta azken hauteskundeetan hain karta onak eskuratuta, zaila da hain txarto jokatzea.

Handik ekialdera, Mediterraneoaren bestaldean, Newroz ospatu dute kurduek eta Asia erdialdeko dozenaka herrik. Udaberriaren iritsiera eguzkia gurtzeko erabiltzen dute teorian musulmanak diren baina islamaren aurreko tradizio sinkretiko askori eusten dieten herri irandar eta turkiarrek.

Baina udaberria urduritasunen unea ere bada historikoki: neguan elurrak gerra handirik piztea eragotzi ohi zuen, eta mendateak eta pasabideak garbitu ahala, gerra berrien zurrumurrua hedatu ohi zen. Biltegiak ere ahitzen joan ohi ziren; udaberria matxinaden aroa izaten zen, Iñigo Aranbarrik Apirila nobelan nabarmendu zuen legez.

Katalanen partida baldarraren kontrakoa gertatu zaie kurduei: kartarik zailenak ahalik ondoen jokatu dituzte azken urteotan, tirano hiltzailearen eta jihadista kriminalen erdian, Teheran, Mosku, Washington, Tel Aviv eta Brusela/Londres/Paris/Berlin/Erroma nahasten dituen munduko gerran. Hirietako gerrek itota, Assadek utzitako hutsunea baliatu zuten euren eremua askatzeko, Moskun bulegoa ireki zuten Genevako elkarrizketetan betoa zeukatenean, eta AEBak aliatu eraginkorrenak izan zitezkeela jabetu ziren. Eredu multietniko, laiko eta feministak munduaren lilura ekarri zien. Raqqa askatuta, saldukeria iritsi da, horratik. Turkiak armada eta aliatu jihadistekin mendebalderen, Mediterraneotik hurbilen dagoen kantoiari eraso zion, aurretik Vladimir Putinen kolaborazioa adostuta. Gero, Europaren dei galduak, Washingtonen isiltasuna, eta Damaskoren kexu zinikoa. Herenegun aipatzen zuen Karlos Zurutuza kazetariak: Hafez Al Asaden panarabismo amets arrazistan kurduak sobera zituen; zentsutik milaka kanporatu zituen eta Arabiar Gerrikoa (Arabic Belt) eratzen saiatu zen, hegoaldeko milaka beduino iparraldeko lur emankorretara gonbidatuta, Kobani gainontzeko lurraldeetatik bakartuta gelditzeraino. Afrin menditsuagoa izaki, arabiartzeaz libratu zen; urteetako lan errepresiboarekin lortu ez zutena, aste gutxian erdietsi du Turkiak. Erdoganek, gangartuta eta harro, Irakeko Sinjarren ziren gerrillariei ere mehatxu egin die. ISISengandik yezidiak salbatu zituzten gerrillari haiei, bai. Borrokalariek badoazela iragarri zuten herenegun, yezidiek urteotan beren burua ahaldundu dutela eta armatu direla aintzat hartuta. Sinjar eta Kobaniko heroiak abandonatu egin dituzte Afrinen. Eta inork ez du hatzik altxa begien aurrean gertatu den garbiketa etnikoaren aurrean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna