urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Euskaraldia eta hegemoniaren borroka

2018ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Euskaltzaleontzat aspaldiko asterik zirraragarrienetakoa hasiko da bihar. Zirrara handiena euskaltzaletasunaren erdigunetik urrunxeago ibili diren jendeengan sumatzen dut. Horien ohituretan eragitea izango da Euskaraldiaren arrakasta handiena, BERRIAko irakurleentzat eta gutxi asko euskaraz bizitzeko hautua egin dutenentzat baino.

Zer da «euskara hutsez» bizitzea, baina? Ez da gauza bera «aquí se habla español» Bilbon edo Puerto Ricon esatea, «on parle français» Baigorrin edo Quebecen esatea ez den legez. Ez da gauza bera Dresdenen iheslari kurdu bati alemanez eginaraztea edo Alsazian frantses asimilazioari aurre egitea. Indiako unibertsitate batean Speak English irakurri nuen, lelo kolonial bera ohikoa ei da Filipinetan eta Ugandan ere. AEBetan eta Ingalaterran, berriz, nazionalismo xenofoboaren leloa da; Costa Ricako Karibeko afro-amerikarrek, ostera, barnealdeko kriolloen olatu hispanikoari aurre egiteko darabilte etxeko jamaikar ingelesa.

Euskara aurkezpenetarako soilik erabiltzean gaindituta behar lukeen rol sinbolikoa hartzen du Donostian, baina Tuterako jaietako pregoian ekintza iraultzailea da. Helsinkiko zinemetan suedieraz eta finlandierazko azpidatzi bikoitzak dituzte, Tallinnen errusieraz eta estonieraz, Bruselan frantsesez eta nederlanderaz. Portugalen, kultuko telesailetatik gazte estatubatuar hormonatuen reality-etara, dena azpidazten dute, merke-merke. Euskaltelek euskaraz iragartzen digu bere programazioa, baina espainolez baino ez daude edukiak. Euskaraldiko lehen asteburuan, umeentzat eta espainolez emango dute Disneyren azken filma, herri sarreran Euskaraz bizi gara dioen Uemako udalerri batean. Amaitu berri den Zinebik diru publikoko 140 mila euro eman ditu, «film guztiak gaztelaniaz azpidazteko, eta euskaraz eta ingelesez festibalak eskatzen dizkionak». «Hizkuntza komuna» esaten diote Katalunian, hemen, «hegemonia».

BERRIAk egunotan Euskaraldia dela-eta egindako erreportajeetan, Lutxo Egiak Bilbon hilabetez «euskara hutsez» bizitzeko egindako performance-a zuen hizpide, euskalgintzaren aro berria irudikatu nahi duen olatu handi honen abiapuntu legez. Gerora Lasarten eta hainbat lekutan hala egin badute ere, Egiak ez zuen «euskara hutsezko» hautua egin, hizkuntza hegemonikoari egin zion uko. Horren erosoa zaigun makulurik gabe ibiltzeko apustua egin zuen, tarteka ingelesak lagunduta. Hori da normalizazioa: zeure hizkuntzan hegemoniko, eta hutsuneak nazioarteko zubi-hizkuntzarekin bete.

40 urtetik beherako estoniarrek errusieraz baino hobeto egiten dute ingelesez. Oraindik ere errusiera pixka bat jakin behar dute Tallinngo hainbat saltokitan, baina beren kabuz sekula ez dute liburu bat errusieraz irakurriko. Estonieraz itzulita ez badago, nahiago ingeles itzulpena. Groenlandiako Gobernuak ere iragarri du groenlandieraren ostean ingelesa nahi duela eskolako bigarren hizkuntza, eta atzetik daniera. Islandian ere hala egin dute 1946an Danimarkarekiko independentzia lortu zutenetik. EHUn euskal adarrak sortzea garrantzitsua izan zen, baina orain ez bada laster izango da adar bakarrari heltzeko unea: unibertsitatea euskaldundu ahala espainolak indarra galdu beharko luke, nagusiki euskaraz ikasten den eta ingelesak leku garrantzitsua duen gune normalizatu bat bihurtzeko.

Islandian, Eslovenian zein Estonian itzelezko garrantzia dauka itzulpengintzak, ezinbesteko lotura baitzaie mundurako. Guk ere itzultzen dugu, noski, baina ez zaigu ezinbesteko. Euskaraz ez daukaguna espainolez/frantsesez kontsumitzen dugu, eta alderantziz: espainolez kontsumitzen dugunez ez dugu behar beste euskaratzen. Estoniarrek badakite eurek egiten ez dutena ez diela inork egingo. Guk ez diogu espainolaren makuluari uko egin nahi: herrenka ibilarazten gaitu, baina makulurik gabe jausteko beldur gara. Postre goxo bat zaigu euskal itzulpena, delicatessen bat, ez bizitzeko beharrezko elikagaia.

Euskaraldia euskaldunok ahalduntzeko tresna eta esperientzia historikoa izatea espero dut. Baina euskaraz bizi nahi badugu, ezinbesteko dugu feminismotik ikasitako mikromatxismoen eredua gureratzea. Euskaraz bizitzeko oztopo nagusia ez dago kalean, saltokietan edo medikuarenean daukagun solasaldian, etxe barruko aisialdian baino. Euskaltzale elebidunak etengabeko kontraesana bizi du hirugarren hizkuntzarik jakin ezean, behin eta berriz mehatxu egiten dion hizkuntza horren aldeko hautua egin behar baitu.

Pribilegioez desikasteko ariketa egiteak mugikorra espainolez konfiguratuta dugula ohartzea dakar. Eta jabetzea zenbat denbora ematen dugun espainolez telebista aurrean zein eguneroko prentsan, zer salatzen duten gure apaletako liburuek eta sare sozialetako gure jardunak. Ea ordu horietatik zenbat eman litezkeen euskaraz. Ezin denean (filmak, liburuak edo aplikazioak ez daudelako euskaratuta, adibidez), errealitate gordinaren kontzientzia hartzea lehendabizi, euskaratu beharra, espainierak ezin duelako izan munduratzeko zubi. Ondorioa: beste hizkuntzaren batean ere trebatzea, euskaraz ezin dugun denbora hori ez dadin izan gure hizkuntza ordezkatzeko mehatxu den mintzaira hegemonikoa indartzeko. Eta espainiera, gozatzeko erabili, Calle 13 entzuteko edo Narcos ikusteko edo Garcia Marquez edo Borges irakurtzeko. Baina ez mundurako makulu gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.