urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

'Brexit'-aren E eguna joan da

2019ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Martxoak 31 ditu gaur, 82 urte dira Francoren aldeko italiar faxistek Durango bonbardatu eta sarraskia egin zutela, eta, honezkero, 24 ordu bete beharko zituzkeen Erresuma Batuak Europako Batasunetik kanpo; ondorioz, atzo gauerditik 27 estatuk osatutako kluba behar luke EBk. Baina ez da halakorik gertatu. Britainiarrak EBko herritar dira, eta, bihar zer gertatuko den asmatzea zaila bada ere, baliteke maiatz amaierarako Europako hauteskundeetan ere parte hartzea.

Artikulu hau idazten hasi naizenean, Londresko parlamentuko bozketarekin batera, EBn zegoen Erresuma Batua. Larunbatean amaitu dudanez, gaiaren azken orduak eta erreakzioak ikusita, brexit-a gauzatuta behar zuen, 2016ko udatik esaten ibili garenez. Ez ba.

Hirugarrenez esan dio ezetz parlamentuak Theresa Mayri, Bruselan negoziatutako akordioari. Paradoxa asko batzen dira honetan guztian: akordiorik gabeko brexit-ari ere ezetz esan zion Westminsterrek duela aste pare bat, baina hori bera da akordioari ezetz esatearen ondorioa, brexit-a gauzatuko bada: akordiorik gabe irtetea EBtik. Ez herenegun, martxoaren 29an, apirilaren 12ra arteko luzapen la burra baitago, baina hori da dena. Beste paradoxa bat: herenegun arte, teknikoki Londresek egoeraren kontrola zeukan, 50. artikulua aktibatzeko eta Batasunetik irteteko, edo brexit-aren erabakia bertan behera uzteko. Baina epea iraganda, hemendik aurrerakoak Bruselaren onarpenaren arabera izango dira. Tira, egia da Martin Selmayr Europako Batzordeko idazkari nagusiak «apirilaren 12a martxoaren 29 berria da» txiokatu duela, baina parlamentuak bozkatutako eta bi aldeek adostutako eguna herenegun zen. Beste bi ostiral atzeratuko da orain agonia gutxienez. Kezka bakarra da, esango nuke, ordurako May Downing Streeten egongo ote den oraindik. Akordioa hilda dago, eta ez dago berpizterik. Game Over.

Lau hilez tematu da May brexiteer gogorrak limurtzen, bere alderdi barruan, eta Ipar Irlandako DUPeko unionisten artean. Ikasi du, modurik gogorrenean, eskuin muturra nekez goxa daitekeela, indartu baino ez duzula egiten harengana hurbilduta. DUP azken batean, erresistentzia orangistan hazitako alderdia da. Newryn eta Irlandako mugaldeko beste hainbat lekutan protesta jendetsuak egin zituzten atzo. Apirilaren 12ko hondamendiak eurei erasango die lehendabizi, erarik argienean, baina ez eurei soilik, udaberriko oporretan Calaisera, Kanarietara, Mediterraneora doan edozein britainiarrek pasaportea hartu eta Europatik kanpokoen lerrotik joan behar izatea gerta liteke. Irlandako mugako arazoa parez pare izanda ere, DUPi garrantzitsuago zaio Britainia Handiko edozein lurralderen estatus bera izango duela bermatzea. Ehun urte baino gehiago daramatzate obsesio kolonial horrekin.

Lehen ere azaldu dugu hemen erreserba brexit-ari buruzko bigarren erreferendumari buruz—ez horratik, Eskoziaren independentziari buruz, hura gertatu zireneko baldintzak goitik behera aldatzen dituelako brexit-ak berak—: herritarren hitzari errespetua zor zaio, nahi genukeena ez denean ere.

Bihar itzuliko dira parlamentarioak lanera Westminsterren. Honezkero ezin asma 50. artikulua atzera botako duten, beste erreferendum baterako lanketari ekingo dioten (EBn gelditu, brexit gogorra edo Norvegiar estiloa, esaterako, azken horretan aduana-batasuna eta merkatu bakarra onartuta). Esanguratsua da tory-ek laugarren bozketa baten aukera filtratu izana, eta euren diputatuen erdiek baino gehiagok (eta hamar ministrok, The Sun-ek dakarrenez) brexit-aren atzerapen luze baten aurka sinatu izana, baita horren ondorioa akordiorik ez egotea bada ere. Mayk hiru porrot jasan ditu jada, baina euretako bakoitzean aldea txikituz joan denez, laugarrenean (edo bosgarrenean, edo seigarrenean?) azkenean akordioa gailenduko den ustea ei dute. Marka da erreferenduma berriz egiteari ezetz esatea, baina parlamentuak behin eta berriz ezetz esan dion testuari buruz atzera ere bozkatu gura izatea, halakoren baten aurrera egingo duelakoan.

Nazionalismo ingelesa eta haren medioak «traizioa» salatzen ari dira azken orduotan, eta ezin uka jendetza elkartu zutela herenegun parlamentu aurrean. Union Jackean bilduta, doinu loialistak jotzen ibili dira parlamentuaren aurrean txistulari bandak. Ez dirudi Eskozia eta Irlanda limurtzeko erarik egokiena. Hartu krispetak, bihar folletoiaren beste kapitulu bat dator eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.