urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

'Brexit'-a eta in(ter)dependentzia

2020ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
BERRIAren 34 urtetik gorako ia irakurle guztien antzera -lapurtar, baxenabartar eta zuberotarrak salbu-, EB Europako Batasunetik kanpo jaio nintzen. Hegoaldearen eta Iparraldearen artean ibiltzeko, pasaportea behar zen. Ezin ahaztu Euskaldunon Egunkaria-ren prezioa pezetatan eta liberatan etorri ohi zela.

Europako Batasuna Iberiar penintsulan hedatu zenean hamabi estatuko erakunde ekonomikoa bihurtu zen. Bederatzi urte geroago, Berlingo Harresia jausita eta Alemania batuta, mendebaldeko beste hiru estatu sartu ziren: Austria, Finlandia eta Suedia. Beste bederatzi urte, eta inoizko zabalkunde handienean, 25eko kideko klub bihurtu zen. Errumania, Bulgaria eta Kroaziarekin 28raino iritsi zen. Une hartako zalantza zen 29.a Balkanetako beste herrialderen bat izango zen ala krisiak oso gogor astindutako Islandiak Bruselaren abaroa bilatuko zuen.

Baina ez da 29garrenik izan. 27ra jaitsi zen EBko estatuen kopurua 2020ko urtarrilean Erresuma Batuak taldea utzi zuenean. Kanpoan da honezkero, baina EBko herrialdeekin izango duen harremana negoziatzen duen bitartean, oraindik barruan balego bezala dihardu eremu gehienetan. Hau da, EBren araudia indarrean da Erresuma Batuan. Hala izango da gutxienez beste hamar egunez. Urte berriarekin brexit-a erabat gauzatzea nahi du Boris Johnsonen gobernuak, Bruselarekin akordioa izan zein ez. Hala esan du azken hilotan guztietan, behinik behin.

Egiaren unea iritsi dela esan du Michel Barnier EBren negoziatzaileak: «Erresuma Batuak hamar egun barru merkatu bakarra eta aduana batasuna akordioarekin utziko duen ala akordiorik gabe, hori da auzia». Arrantza negoziazioak dira azken orduotan nabarmendu direnak, arantzatsuenak ei direnak. BPGaren oso zati txikia izanda ere, badira milaka langile, eta horren aurretik, lurrean bezala itsasoaren ere norberarena dena argi uztea dago: subiranotasun kontzeptua eremu kartografikora mugatzea, marra honetatik honaino dagoena zurea baino ez dela pentsatzea eta beste inork hor ezer egiterik edo esaterik ez duela. Duela astebete Sky News telebistan gogorarazi zuen Arancha Gonzalez Laya Espainiako Atzerri ministro tolosarrak, ordea: «Merkataritza itunak ez dira norbere subiranotasna eta independendentzia azpimarratzeko; jakina da herrialde subiranoa zarela, besteak beste herrialde subiranoek baino ez dituztelako egiten merkataritza akordioak. Baina xedea ez da, esan bezala, independentzia azpimarratzea, interdependentzia kudeatzea baizik».

Interdependentzia kontzeptu interesgarria da. Elkarren beharra dago erabat independente inor ez den eta besteekiko dependentzia beharra dagoen kontinente batean, baina ezin da menpekotasunetik ulertu, subiranotasunak ematen baitizu harreman horiek lantzeko gaitasuna. Hau da, teknikoki, badago duela 60 urte Enver Hoxharen Albaniaren antzera inguruko herrialde guztietatik bereizteko ahalegina, auzia ez da hori, horrelako zerbait nork eta zertarako egingo lukeen baizik. Bada, tory ingelesen gobernuaren irudia da hori baino ez duela buruan askotan.

Panorama horrekin, akordiorik ezean, inolako harremanik ez daukaten bi lurralderen arteko neurriak hartu beharko lirateke, batetik bestera doazen produktuekin. Ipar eta Hego Irlandaren artean ez litzateke horrelakorik gertatuko, Iparraldea ere merkatu bakarrean geratzekoa baita, eta Irlandako itsasoko mugari buruzko akordioa ere iragarri dute egunotan. Baina hori guztia, berriz ere, akordio orokorraren menpe dago.

Urte garrantzitsu baten atarian dago Irlanda. Ehun urte beteko dira 2021ean Eireko estatua sortu zela, mendeetako britainiar okupazioa amaituz. Dublinen bandera berde-zuri-laranja altxatu zuten Pazko altxamendutik bost urtera, hiri hura estatu independente bateko hiriburu zen. Izan da eztabaidarik urteurrenekiko ospakizunei buruz, independentziarekin batera partizioaren mendeurrena ere baita; uhartearen zatiketa ipar-ekialdeko sei konderrietan irlandar abertzaleak erabat baztertzen zituen erregimen baten sortrera izan zen. Sinn Feinek inoiz hurbilagotzat jotzen du Irlanda berriz batzeko aukera, brexit-ak behartuta.

Eskozian, berriz, hamazazpigarren inkesta jarraian ezagutu dugu asteon independentziaren alde, inoizko babesik handiena errepikatuz berriz ere: %58-42. «Ez da harritzekoa jendeak etorkizun hobea nahi izatea harropuzkeriaz eta lekuz kanpo dabilen eta Eskozia ahal duen guztietan baztertzen duen tory gobernuaren aurrean», esan du Keith Brown SNPko bigarrenak. «Gure borondatearen kontra ateratzen ari da Eskozia EBtik kanpo».

Pandemiaren kudeaketak ere hauspotu du independentismoa: etengabe hedabideetan zentzuzko babes mezuak eman ditu Nicola Sturgeonek, eta konparaketan Boris Johnson galtzaile nabarmena da mugaren alde bietan. Ikusi beharko da txertoaren kudeaketak balantzan alderik dakarren. Oraingoz, Etxe Zurian Johnson jasaten ez duen bizilagun berria sartzear da. Itsasoaren beste aldean, Donald Tusk Europar Kontseiluko buru ohiak esan zien argien independentistei: hemen (Europan) enpatia besterik ez duzue aurkituko. Alde ederra 2014ko jarreratik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.