urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Hizkuntzak ahalduntzen

2022ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
PEN Internationaleko Itzulpen eta Hizkuntza Eskubideen Batzordeko bilera izan dugu asteon. Hilabetetako lana izan da, mundu osoko idazle eta kazetariengana jo eta lekuan lekuko errealitateak aztertzeko; zeintzuk diren lurralde bakoitzeko hizkuntza txiki, gutxitu, baztertuetan diharduten sortzaileen kezkak eta arrangurak.

Aurten hasi eta 2032ra arte irautera izendatu duten Hizkuntza indigenen hamarkadaren berri eman ziguten Unescoko Mexikoko ordezkariek. Chiapasko egileek hango hizkuntzetan egindako sorkuntza aipatu zuten. Europako Legebiltzarrean aritu eta Baionara Seaskako lagunei elkartasuna adieraztera joan aurretik —biba zuek!—, Paul Bilbaok tartea hartu zuen Hizkuntza Eskubideekin lan egin behar duten nazioarteko beharginentzat prestatutako txostena aurkezteko. Tresna baliagarria izatea espero dugu.

Bileraren bigarren eguna oso mahai-inguru interesgarriarekin hasi genuen: Afrikako hizkuntzetan idaztearen garrantzia. Iazko irailean harremana egin nuen Nairobin diharduen Ituika plataformarekin. Ngugi Wa Thiong'o idazleak bultzatutako ideien atzetik, oso ekimen garrantzitsua daukate kiswahiliera, kikuyuaeta Kenyatik kanpoko hizkuntzak ere bultzatu eta haietan egindako literatura hauspotzeko.

Yorubak milioi hiztun izanda ere, Nigeriako hiri nagusietan atzerantz doala esan ziguten hango PEN taldekoek, transmisioa ere eten dela hainbat familiatan, ingelesa hobetsita. PEN Zambia eta Malawiko lagunek, berriz, oztopoak oztopo, haurrentzako ipuinak, nazioarteko lanen itzulpenak eta helduentzako obrak argitaratzen dihardute, sarritan argitaratzeko, banatzeko eta, zelan ez, saltzeko, arazoak izanda ere.

Lagun kitxuak, samiak, Balkanetako aromuniarrak eta Asiako uigurren txanda izan zen segidan. Nork beretik zekartzan arrangurak, zelan ez, Balkanetan zehar hedatutako aromuniera hizkuntza latinoak esaterako, Ipar Mazedonian baino ez du aitortzarik, eta Europako Batasuneko Grezia eta Errumaniak dute jarrera gogorrena. «Asimilazio prozesu hori batzuetan malguagoa da —etekin material edo profesionalekin limurtuz—, beste batzuetan bide bortitzagoak darabiltzate. Gure lagun Sotiris Bletsas espetxeratu egin zuten, eta epaiketa ez da amaitu», salatu zuen Lila Cona ordezkariak Greziaren jarrera. Arrangura guztiak txiki geratzen dira, bistan da, Txinak uigur herriaren aurka daraman politikarekin alderatuta, ia milioi bi uigur lagun kontzentrazio-esparruetan sartu baitituzte.

Azken mahai-inguruak «Errusiar kultur inperialismoari aurre egiten» zuen izena. Katlin Kaldmaa idazleak gidatuta, Letonia, Bielorrusia eta Ukrainako idazleekin batera, Errusiako herritartasuna duen Ipar Kaukasoko irakasle bat ere izan zen, zirkasiarra bera. Bielorrusiako egoera Nafarroako arduradun askoren auto-gorrotaren antzeko bihurtu da, errusiera jaun eta jabe da eta bielorrusierazko ekimenak, argitalpenak, artikuluak, estatuaren aurkako ekintzatzat hartzen ditu Lukaxenkaren erregimenak.

Ipar Kaukasotik Siberiaraino Errusiaren baitan jarraitzen duten dozenaka herrirentzat, berriz, estatuak formalki aitortzen dien errepubliketan bizi eta hizkuntzaren ofizialtasuna egon arren, egoerak nabarmen egin du okerrera azken bost urteotan. Vladimir Putinek aldarrikatu zuen ez zela zilegi errusiar etnikoek beste hizkuntza bat ikasi beharra, eta Dumak berehala onartu zuen errusierazko irakaskuntza nagusi bihurtzen zuen legea, baita Udmurtia, Tatarstan eta gainerako errepubliketan ere.

Eta ez, ez dago alde handirik Putinen aurkako oposizio «liberalarekin» ere: estatua eta hizkuntzaren defentsan, Putin bezain xenofobo dihardute Mosku eta San Petersburgoko begirada supremazistatik. Beharrezko dituzte begi arraildudun herritar musulman, pagano edo budistak armadan sartu eta Errusia kristau ortodoxoaren alde borrokatu eta hil daitezen, eta era berean oposizio liberaletik herri «basatiei» leporatzen diete Putinen indarra, errusiar herriaren gehiengo handia, oposizioa barne, jarrera arrazista horiekin bat ez baletor legez.

Egiari zor, SESB ohiko errepublika gehienetan errusierarekiko morrontza da nagusi, Asia Erdialdetik Moldaviaraino. Herrialde baltikoak —eta neurri batean, Georgia— izan dira ahalduntze ariketa handiena egin dutenak -paradoxikoki, hizkuntza txikienak dituztenak, hiztun kopuruari erreparatuta, eta egun ere Rigan errusiera ohiko hizkuntza da. Inga Gaile poeta letoniarrak, bere hizkuntzan idatzita ere, aitortzen zuen oso ondo zekiela errusieraz; «nire autore kuttunetako bat Dostoievski da, nire mundu ikuskeran eragin du, asko irakurri dut errusieraz».

Horregatik ere, errusiera bazter uztearen garrantzia nabarmendu zuen: emanaldi askotan aipatzen ditut emakumeak, emakumeen aurkako krimenak, eta inoiz badago baten bat galdetzen, «eta gizonak zer?». Ba ez, ez dugu gizonei buruz hitz egingo, geure burua ahalduntzen ari gara, ez dugu errusierari buruz hitz egingo. Urteetan asimilatzen saiatuta ere gaur egunera iritsi garen herrion ordua da. Errusieraren bazterketaz mintzatzea, «gizonak zer?» esatea, Katalunian espainola zokoratzen dela aldarrikatzea edo mediku ona ala euskalduna nahi duzun galdetzea bezala da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.