urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Belarribizi

2020ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Barack Obama idazle handia da. Ez da soilik liburua ez dela astuna hala espero eta, are, barka dakioke memoria-liburu handi bati, baizik eta ia etengabe irakurtzeko atsegina dela, esaldiz esaldi, prosa bikaina da hainbat lekutan eta detaileak zorrotzak eta biziak». Chimamanda Ngozi Adichie idazleak A promised land (Agindutako lurralde bat) liburuari egindako iruzkina da. 890.000 kopia saldu zituzten Ipar Amerikan asteon, argitaratu zen egunean bertan. Ez Ipar Amerikan soilik: Google-k diost Elkar dendan bertan eros dezakedala Una tierra prometida, eta ziur Baionakoan badutela Une terre promise ere. Bai, gure erdarak ere badaude liburuaren 24 itzulpenen artean (hiru milioi hiztuneko lituaniera tartean).

Ahobizi honi liburu hori interesatu bazaio, badu erosterik? Badu gaur arratsaldean Zarautzen edo Mungian Trolls2 ikustera haurrak eramaterik edo Tolosan Pequeño Gran lobo edo Arrasaten ShinChan en Australia edo Zumaian Como perros y gatos? The Crown telesailaren laugarren denboraldia Europa osoan bezala ikusterik bai, eta Ahobizi izaten segitu?

Besteekin Ahobizi/Belarriprest eta geure buruekin Belarribizi ez? Besteekiko harremanetan euskaraz egiteko konpromisoa hartu ostean, zelan ulertu gure hautuz gaztelaniazko aisialdia egitea, eta haurrak espainol hizkuntzan murgiltzera eramatea? Azken batean, zein da Euskaraldiaren zentzua distantzia fisikora behartu eta ahalik denbora gehien etxean eman behar dugun sasoian? Okindegiko bizpahiru esaldiak? Bideo-deien plataformetan deiak euskaraz egitea, nahiz eta ordenagailua, mugikorra eta beste gailu guztiak espainieraz konfiguratuta izan?

«Baina filma euskaraz ez badago, zer egingo dugu, bada?», esango du baten batek. Jarrera kontua ere bada, horratik. Herri euskaldunetan erraza da Ahobizi konpromisoa, eta herritik kanpo soilik ikustea arazoak. Norbera, bere horretan, euskaraz bizi dela sinesten duen ustea da, eta arazo eta oztopoak beti besteengandik datozela.

Faroe uharteetan egindako doktore-tesi bat arnasguneetako ideia horri heltzen dio: faroetarrek hizkuntza normalizatuta daukatela uste dute, faroeeraz bizi direla. 1970eko hamarkadan daniera mundurako begirada zela esaten zuten (ett fönster mot världen).XX. mendeko borrokek danieraren eremu asko bertakotu dituzte: hedabideetatik auzitegietako testuetara. Faroetarrei galdetuta, danierarik jakin gabe ederto bizi zaitezkeela diote. Baina denek dakite danieraz; helduentzako liburu gehienak, filmak, telesailak... danieraz jasotzen dituzte, egunkarietan tituluak faroeeraz jarri arren. Agindutako lurralde bat izenburua emanda Barack Obamaren liburuaz sortu dudan ilusio bera da: liburu hori ez da existitzen. Arnasguneko euskaldunak Una tierra prometida legez irakurriko du Faroeetakoak danierazko bertsioa.

1946an independentzia lortzeko zorian egon ziren.Erreferenduma ere irabazi arren, Kopenhageren menpe jarraitu zuten. Islandiak, aldiz, Danimarkatik bereiztea lortu zuen; egun islandieraz hartzen dute euren kultura, euren begiz begiratzen diote munduari.

Euskaraldiaren inspirazio-iturri nagusietako bat Lutxo Egiaren performancea izan zen. Interesgarria litzateke hark bezala egitea: ahaztu hamabost egunez zuen lekuko erdara, gaztelania Hegoaldekoek, frantsesa Iparraldekoek. Mintzatu euskaraz gain, nahi baduzue, ingelesa, edo frantsesa Hegoaldean zein espainola Iparraldean, alemana, arabiera... baina «zuen» erdara ahaztu, baita etxe barruan ere. Kontzientzia hartzeko lehen urratsa, horretarako lekuan egokitzea da. «Askotan esaten diet lagunei gazteleraz begietatik sartzen zaigun guztia txineraz balego, ohartuko ginatekeela zenbateraino dagoen sartuta gure bizitzetan gaztelera», zioen zorrotz Aitor Sarriegik berriki. Ez dugu onartzen inork erdara hori inposatzerik, baina hain ondo ulertzen dugu, ezinbesteko makulu zaigula. Euskaldun kontsekuenteak elebakar (egun ezinezko) edo eleanitz izan beharko luke «bere» erdararen makulutik libratzeko; elebidunak kontraesan etengabea du. Eta erdaldunekin, elebidun hartzaileekin, erakunde publikoekin eta abarrekin duen exijentzia maila beharko luke bere buruarekin ere.

Zorionez, gaur gauean Fargo telesailaren kapitulua euskaraz gozatzerik izango dugu. Zinebi-n ere euskaraz egon dira film guztiak lehen aldiz; zinemaldi gehienetan ez bezala (Donostiakoa barne). Obama ez, baina Margaret Atwooden Neskamearen Ipuina bai, Zigor Garro eta Txalapartari esker. Euskal Encodings-ek atzo Star Wars-en bederatzi filmak euskaraz zeudela iragarri zuen. Ziur aski Euskaraldiak asteburuan emandako albiste onena, ia inon ikusiko ez zenuena.

Xabi Payak argi esan du: «Disneyk euskaraz egitea baino zailago». Katalanez emititzen hasi direnez, ea euskaraz zer bota zion BERRIAk Jaurlaritzari eta honek erantzun: «Galdetu diegu baina Disneyk ez du interesik». Galdetu beharrik ere ez zuten, Generalitateko lagunek esango zieten zer-nolako borroka egin behar izan duten multinazionala behartzeko. Baina lortu dute, eta ez da Disneyren borondatez izan. Behartu egin behar da Disney, edo euskal botoak behar dituen Moncloako bizilaguna. Ikastolak sortu zituen herria izango da gai bere haurrek, gazteek zein helduek behar dituzten lanak sortzeko eta itzultzeko, udalerri euskaldunetan proiektatzeko, interesik ez omen duten konpainia handien arauetatik kanpo, ezta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.