BERRIA Txapelketa

Pagazpe, betiko bidetik

Usurbilgo taldeak 2-1 irabazi dio Orozkokoari, eta LAPKEren aurka ariko da final-laurdenetan

Albeniz II.a Pagazpeko kadete aurrelaria, sakea egiteko zorian, Olgetanen aurkako iragan igandeko partidan. JON URBE / FOKU.
jon eskudero
2018ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Ezohiko jardunaldia igaro du XV. Berria Txapelketak joan den asteburuan, kanporaketa bakarra jokatu baita. Besteak beste, seikoterik osatzen ez zuela eta, Iparraldeko selekzioak uko egin behar izan zion lehiaketari, eta Lazkaoko LAPKE pilota elkarteak zuzenean eskuratu du final-laurdenetarako sailkapena. Hamabost urtean estreinako aldiz gertatu zaio halako zerbait Iparralderi. Bada, lazkaotarrek Usurbilgo Pagazperen aurka neurtu beharko dituzte indarrak hurrengo fasean, usurbildarrek 2-1 irabazi baitzioten Orozkoko Olgetan elkarteari, igande goizean, Hernanin.

Jaialdiari askoz hasiera hobea eman zion Olgetanek, kadeteetako puntua erraz lortu baitzuen (5-22). Olaizola eta Arandia bizkaitarrak indartsu kantxaratu ziren, eta Albeniz II.a eta Lasa gipuzkoarrek ezin izan zuten ezer egin. Alde nabarmena zegoen bi bikoteen artean. Arandia atzelariak bikain luzatu zuen pilota ezker-eskuin, eta Olaizolaren abiadurara moldatu ezinda jokatu zuten usurbildarrek. Saiatu ziren gogotik, baina alferrik. Maila horretan bikote ona osatzen dutela erakutsi zuten Olgetan elkartekoek.

Lehen puntuak hain erraz ihes eginda, hurrengo biak lortu beharrean zegoen Pagazpe azken urteetako estatusari eusteko. Gazte mailan, Galarraga eta Aranguren gipuzkoarrek 22-11 menderatu zituzten Orue eta Barbara bizkaitarrak. Azken horiek oso motibatuta jokatu zuten, eta ez zen gutxiagorako, datorren hilean Asegarcerekin debuta egingo baitu Arangurenek. Motibazio horren ondorio, hasiera orekatua izan zuen lehiak (10-10). Baina, orduan, saskira jo zuen Gipuzkoako taldeak, eta hortxe aldatu zen norgehiagoka. Pilota astunago batekin, agintzen eta ohiko maila erakusten hasi zen Aranguren, eta bigarren zatiak ez zuen kolorerik izan.

Horiek hala, nagusien partidak erabakiko zukeen guztia. Pagazpe zen faborito garbia, baina aurrelari postuan hutsune asko zituela eta, edozer gerta zitekeen. Gorrotxategi atzelariak Albeniz I.a gazte mailako pilotari batekin osatu zuen bikotea, eta irabazi egin zieten Pagazaurtundua anaiei (22-15). Gorrotxategi jaun eta jabe izan zen atzean, eta bizkaitarrek ezer gutxi egin ahal izan zuten. Gipuzkoarrak erabat aurretik izan ziren:8-2, 15-7 eta 22-15. Hori bai, hurrengo kanporaketan gehiagoren premia izango dute usurbildarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.