LEKU-LEKUTAN

Garbiketa etnikoa zuzenean

urtzirrutikoetxea
2019ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Gerra, sarraski anitz eta krimen ugari ikusi ditugu aspalditik mundu osoan. Irakurle bakoitzak izango du gaztaroan edo bizitzako uneren batean erasan zion gertakari historikoren bat: John F. Kennedy zein Che Guevararen hilketak, Derry (Ipar Irlanda), Txileko Santiago, El Mozote (El Salvador), Sabra eta Xatila (Libano), Soweto (Hegoafrika), Halabja (Irakeko Kurdistan), Ruanda, Srebrenica (Bosnia eta Herzegovina), Grozny (Txetxenia), Tamil Eelam (Sri Lanka)... Izugarrikerien erdian, badago hari nabarmen bat: gutxienez bi bertsio egotea, sarraskiaren ukazioa lehendabizi eta haren dimentsioa txikiagotzea gero, eta biktima gezurretan dabilela leporatzea, geroago.

Sirian ia ez dago horrelako bertsio bikoitzik ere. Sarraskiak lotsarik gabe aitortu, filmatu eta zabaldu egiten dituzte Turkiaren agindupeko jihadistek. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen menpeko prentsak Hevrin Khalaf politikaria autotik aterarazi eta odol hotzetan tiroz hiltzeari «eliminazio»deritzo, baita krimenaren bideoa zabaltzen denean ere.

Azken baten, operazioaren asmoa kurduen garbiketa etnikoa da, eta inork ez du ezkutatzen: kurduak Turkiako mugaldetik uxatu eta basamortuan barneratzea da helburua, Erdoganek behin eta berriz argi esan duen bezala. New Yorken egin zuen lehendabizi, iragan iraileko Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian, eta asteon egin du azkenekoz, ohiko mapa koloretsuak erabiliz, biztanleekiko inolako begirune edo gutxieneko sentiberatasunik gabe, ganadua bezala leku batetik bestera joan behar duten abelburuak balira legez esanez nork nora joan behar duen. Mapetan kolore soil diren horiek, baina, milaka lagun etxetik egoztea da, daukaten guztia galtzea bizirik segitzeko. Helburua aldaketa demografikoa da, eta hori garbiketa etnikoaren bidez baino ezin da lortu.

Turkiako presidentearen amets hezeak Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen metamorfosiak lagunduta zetozen: iaz arte babestu beharreko paregabeko laguna zenaz, halako batean, «ez dira hain zintzoak ere» esaten duzu, eta noski, segidan dator garbiketa etnikoari, gerra krimenari, argi berdea ematea: «30 kilometroko lerro bat daukazu, urte askoan Turkiak egiazko arazoa izan du hor, terroristak zituen, behar ez zen jende asko zeukan» —Trumpek atzo goizera arte babestu dituen eta jihadismoa garaitu dutenak, AEBek troparik gal ez dezaten—. Baina lotsagabeena hurrengoa da: «Lurralde hori garbitu beharra daukate»—clean out, ingelesez—. Zelan egiten den? «Bost eguneko su-etenean, kurduak eta beste jende batzuk hortik mugituko dira eta leku seguru batera joango dira, Turkiak nahi izan duen bezala». Etxetik kanporatzea eta beste norabait joatera behartzea gerra krimena da, eta garbiketa etnikoa izena dauka.

Duela astebete inguru, AEBetako konboia Serekaniye (Ras al-Ain arabieraz) uzten ari zela, kurduerazko seinale batetik pasatu ziren: «Jendeen arteko ahaidetasuna berreraikuntzaren oinarria da»; atzetik, herrian sartzear ziren jihadistak «Allahu akbar» oihuka ari ziren. Lasai asko grabatu eta hedatu dituzte krimenak; urteotan Ankarak asko ezkutatu gabe baina isilpean emandako babesa halako batean Erdoganen beraren bultzada bihurtu da, Trumpen hitzek hauspotuta.

Operazioa zelan gertatu den? Brett McGurk izan zen Estatu Islamikoaren aurkako koalizioaren burua, eta dimisioa eman zuen duela ia urtebete AEBetako presidenteak tropen irteera iragarri zuenean. Jim Jeffrey Irakerako enbaxadoreak hartu zuen lan hori, eta kurduek diotenez, aurreko berme berak eman izan zizkien Jeffreyk —ez konplizitate berarekin, horratik, McGurkek kurduei aitortu omen zien jihadistak garaitu ostean Siriako presidente Baxar al-Assadekin akordioren bat bilatu beharko zuketela, ordura arte irabazitakoari nolabait eutsi nahi bazioten—.

Arma kimikoen gaiaren antzera, armok izatea erasorako aitzakia ala erasorik eragozteko disuasio-elementu ote diren, horratx kurduek, eskala txikiagoan zuten auzia: Turkiaren inbasio baterako balizko aitzakiarik ez egoteko, turkiarrekin batera lan egin behar zutela esan ei zien McGurkek kurduei; hau da, argi utzi ez zirela inongo mehatxu eta segurtasun beharrak betetzen zituztela. Beren posizio-defentsak ezabatzea, alegia, tunelak, armak eta borrokalariak mugaldetik erretiratzea. Zirt edo zart egin behar horretan inozoegi jokatu duten? Defentsa-lerrorik irmoenarekin ere, gehienez, NATOko bigarren armada zertxobait atzeratuko duzu, baina nekez geldiarazi erabat.

Horretan diplomazia eta geopolitikaren taktikek lagundu beharko dute. Moskutik Washingtonera, Ankaratik Teheranera, eta horien menpeko bihurtu den Damaskora. Duela mende bateko inperio kolonialen antzera banatu dute Siria iparraldea Errusiako presidente Vladimir Putinek eta Erdoganek. Trumpen gezurrak ere agerian zeuden ordurako, soldaduak ez zihoazen etxera, Irakera baizik, eta Errusiaren eraginaren aurrean militar batzuk Sirian ere geratzea hobetsi zuten, kurduak ez baina petrolio-putzuak babesteko. Nazka itzela ematen du guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.