HILBERRIA. Rufino Iraola

Bertso artean ondutako kontalaria

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2019ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
«Bertso giroan murgildua etorri nintzen mundura», errepikatu ohi zuen Rufino Iraola Garmendiak (Zaldibia, Gipuzkoa, 1945). Bertsotara ekarria zuen pentsamendu hori: «Mutil koxkor bi katornaturik/

bere bi belaun gainetan,/ bertso kantari jarduten zuen/ karrerako eskaileretan;/ hi, Sebastian, ni bezalaxe/ oroituko haiz horretan…/ gu re horrelaxe haziak gara/ anaiaren besoetan». Patxi Iraola zen anaia hori. Apirilaren 27an hil zen, 86 urte zituela. Atzo, berriz, Rufino hil zen, 73rekin.

Umetatik bertsozale, hamarkada asko egin zituen bertsolaritzari lotua, bertsoak jartzen zein iruzkinak idazten. Bertso idatziekin irabazitako sarien zerrendan zituen: Lazkao Txiki (bost aldiz), Orixe (lau aldiz), Xalbador, Zapirain Anaiak eta Lekuona. Artikuluak eta iruzkinak, berriz, El Diario Vasco egunkarian eta Bertsolari aldizkarian argitaratu zituen batez ere, baina baita Euskaldunon Egunkaria, Hemen, Goierritarra, Txintxarri eta beste hainbatetan.

Epaimahaikide lanetan ere aritu zen. 1986ko eta 1989ko Euskal Herriko Txapelketetan, esaterako.

Lanbidez, doitzaile izan zen lehenik fabrikan; bulegaria gero; euskara irakasle 1983tik aurrera. 1994an hasi zuen ibilbide literarioa, Dena dago zatitxo baten baitan lanarekin Irun Hiria ipuin lehiaketa irabazi zuenean. Artxanberriren ziriak, Patxi Errotaren ugaritasuna, Jainkoaren ateraldiak (Sendoa, 1999) pasadizo liburua eman zuen segidan. Hurrengo urtea, 2000koa, oparoa izan zuen: Zaldiarangoak narrazio sorta, Biziaren bisutsak artikulu bilduma eta Abaraskak aforismo liburua eman zituen Hiria argitaletxearekin. Baita Franz Kafkaren Metamorfosia itzulpena ere.

Gero etorri ziren narrazioko Antonio Maria Labaien saria irabazi zuen Hire magalean (Alberdania, 2001), Ñañarriri begira (Sendoa, 2003) eta Bihotzaren zelaietan (2008) artikulu bilduma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.