Poesia, musikaz eta irudiz josia

Beatriz Txibite eta Paddy Rekalde izango dira Donostiako Poesia Orduetan, irailaren 4an eta 5ean
Rekalde, Osoro, Azkarate eta Txibite atzo, Donostian, Poesia Orduen aurkezpenean.
Rekalde, Osoro, Azkarate eta Txibite atzo, Donostian, Poesia Orduen aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Maialen Unanue Irureta -

2017ko abuztuak 31
«Gure apustua beti izan da kalitatea». Hala adierazi du Jasone Osoro Euskal Idazleen Elkarteko (EIE) lehendakariak Donostiako Poesia Orduen aurkezpenean. EIEk eta Donostia Kulturak urtero antolatzen dute, euskal jaien harira: aurtengoa 11.a izango du. Irailaren 4an eta 5ean egingo dituzte, astelehen eta asteartearekin, Paddy Rekalderekin eta Beatriz Txibiterekin, hurrenez hurren. Bi errezitalak Viktoria Eugenia antzokiaren Club aretoan izango dira, 19:30ean; sarrera doakoa izango da, baina gonbidapenak eskuratu behar dira aurrez.

Ibilbide luzea du literaturan Rekaldek, eta hasiberria da Txibite. Hain zuzen, oreka hori lortzen saiatzen direla nabarmendu du Osorok: «Batzuetan, idazle ezagunak izaten dira, eta, beste batzuetan, idazle berriak, baina proiekzio handia dutenak. Eta, beti, kalitatea oinarri hartuta». Osororen esanetan, «urtero-urtero» betetzen da aretoa; jendea sartu ezinik ere gelditzen da «askotan», eta hori bera Poesia Orduek eskaintzen duten kalitatearen erakusgarri da. «Poesiak ere, kalitatezkoa denean, katigatu egiten du».

Jukebox EkaHitza du izena Rekaldek eskainiko duen errezitalak. Haren poesiaz gain, Arkaitz Cayado Itsua-ren musika eta Oier Flores bideogilearen irudiak uztartuko dituzte saioan. Rekaldek azaldu duenez, Itsuarekin duela gutxi argitaratutako binilo bat izango du oinarrian errezitalak. «Lau ataletan banatu dugu emanaldia: biniloan grabatu genituen lau poema, eta horietako bakoitzari beste batzuk gehituko dizkiegu». Azaldu duenez, Spray poema liburuan (Susa, 2011) argitaratutakoak izango dira saioko poema guztiak.

Udaberrian kaleratu zuen Txibitek bere lehenengo poema liburua, Pekineko kea (Pamiela). Lehenengo aldia izango da hasi eta buka liburu horretako poemak soilik erabiliko dituena. «Olerkiak duela sei urte idatzi nituen, Pekinen bizi nintzenean, eta hango irudiak eta esperientziak islatzen dituzte». Paula Olaz eta Javier Lopez Jasok ekitaldirako propio sortutako musika eta Mar Gonzalez Ruiz de Larramendiren bideoak izango dituzte lagun Txibiteren poemek.

Proposamen berrien alde

Azaldu duenez, zortzi atal izango ditu errezitalak: Nekane Iturrioz akordeoi jotzaileak egingo ditu lehena eta azkena. Gainontzeko sei atalak, berriz, gaika antolatu ditu Txibitek: natura, hiria, kutsadura, bakardadea, isilunea eta agurra. «Ez nire hitzak bakarrik, ekialdeko xumetasun hori ere islatu nahi nuen: oso minimalista eta oso lasaia izango da emanaldia». Olerki «xumeak» direla azaldu du idazleak, «ekialdeko oihartzuna» dutela: «Euskal Herriaren eta Txinaren arteko zerbait egiten saiatu gara: ez dakit lortuko dugun, baina polita izan daitekeela uste dut».

Belaunaldi desberdinetakoak izan arren, badituzte antzekotasunak bi poetek eskainiko dituzten saioek. Esaterako, biek ala biek josiko dituzte poemak musikarekin eta irudiekin. Eta, biek ala biek erabiliko dute, besteak beste, musika elektronikoa. «Nahiz eta antzeko formatuak izan, planeta desberdinetatik etorritakoak bezalakoak izango dira», azaldu du Rekaldek. Hori bera, gainera, publikoarentzat zein literaturarentzat interesgarria dela uste du, oraindik jorratu gabeko hainbat bide daudela, eta, horrez gain, «gauza berriak» planteatzeko gogoa badagoela ikusteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna