Neurgailurik onena

Imanolen aginduetara azkeneko hiru partidetan egindako hobekuntza berretsi nahi du gaur Realak, Anoetan, Atletico Madrilen aurka

Toño Ramirez eta Geronimo Rulli. Ikusteko dago gaur nork zainduko duen Realaren atea. JON URBE / FOKU.
jon eskudero
2018ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Imanol Alguacilek krisi hots artean hartu zuen Reala, duela hiru aste, baina erronkak handitzen ari zaizkio partidak igaro ahala. Taldeari zuzendu dizkion hiru partidetatik bi irabazi eta bestea berdindu ondoren, izan daitekeen neurgailurik egokiena izango du gaur aurrean: Atletico Madril. Aurkaririk zailena izango dute talde txuri-urdinak eta entrenatzaile oriotarrak, baina bere esku izango dute klubaren historian sartzea. Izan ere, Realak Atletico Madrili irabazten badio, entrenatzaile batek azken 25 urteetan egindako hasierarik onena berdinduko du. Raynald Donoueixek lehen lau partidetatik hiru irabazi zituen 2002an, eta bestea berdindu. Bada, oriotarra haren parera irits daiteke. «Erronka izugarria da Realaren aulkian egote hutsa, baina, umiltasunez, ahalik eta lanik onena egin nahi dut. Atletico Madrilen gisako talde bati aurre egitea ohorea da, baina beste edozein talderi adinako errespetua izango diot», adierazi zuen atzo.

Behetik gorako bidean da taldea, Realaren gidaritza hark hartu duenetik. Sendoagoa da, eta jokalari gehienek konfiantza berreskuratu dute. Guztiaren premia izango dute Diego Simeoneren taldea menderatzeko. Orain dela zazpi urte argentinarra Atletico Madrilen aulkian eseri zenetik, taldeari nortasun gogorra ezarri dio, eta garesti dago haiei golak sartzea. Soilik hiru partida galdu dituzte denboraldi honetan Espainiako ligan, eta hamabost gol jaso, 32 neurketa jokatuta. «Oso motibatuta gaude, asko baitugu irabazteko. Dena ondo egin beharko dugu, eta pozik izango naiz lan saioetako jarrera berari eusten badiogu», esan zuen atzo Imanolek. Izan ditzaketen aukerak ongi baliatzea izango da gakoa gaur. «Atletico Madril momentuak ondoen irakurtzen dituen taldea da, eta buru hotzarekin jokatu beharko dugu. Ea eraginkor aritzen garen».

Realak kontra du estatistika. Azken zazpi denboraldietan, hamahiru bider neurtu ditu indarrak Espainiako hiriburuko taldearen aurka, eta hirutan irabazi du soilik, eta zortzitan galdu eta bitan berdindu. Iragan sasoian, Eusebio Sacristanen esanetara, txuri-urdinak 2-0 nagusitu ziren Anoetan. «Presioan bikain jokatu zuen Realak, eta aurkaria ito egin zuen. Erritmo handiz aritzea komeni zaigu lehen minututik, baina ez da erraza izango, astebetean hiru partida baititugu». Irabaziz gero, Realari soilik bost puntura geratuko zaio zazpigarren postua, Europarako sailkatzea berma dezakeena. Distantzia horretara dago Sevilla.

Imanol: «Ez nago prest»

Europako kontuak aipatzeak ezinezkoa zirudien orain dela gutxi, baina Imanolen eskua aski nabaria ari da izaten Realean, taldea suspertu egin baita. Ondorioz, batek baino gehiagok iritzi dio datorren denboraldian oriotarrak jarraitu behar lukeela aulkian. Ordea, bera ez da prest sentitzen. «Egunen batean Realeko entrenatzailea izatea daukat buruan, baina oraindik ez da momentu hori iritsi. Guztiak prozesu bat izan behar du. Nire helburua ez zen lehen taldera igotzea; behartu egin ninduten, eta baiezkoa eman nuen klubagatik. Hurrengo denboraldian bigarren taldera itzuliko naiz, eta emaitzek ez dute erabaki aldaketarik ekarriko. Nik eta klubak oso garbi daukagu hori ».

REALA-ATLETICO MADRIL

Reala. Toño; Aritz Elustondo, Hector Moreno, Raul Navas, Kevin; Illarramendi, Zubeldia; Januzaj, Canales, Oiartzabal; eta Willian Jose.

Atletico Madril. Oblak; Juanfran, Savic, Godin, Vrsaljko; Correa, Saul, Thomas, Koke; Griezmann eta Gameiro.

Epailea. Alberola Rojas.

Lekua. Anoeta (25.000 ikusle).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.