Lutxo Egiak irabazi du Cafe Bar Bilbao antzerki gidoi laburren saria

'Identitarteak' lanarekin nagusitu da, euskarazko atalean. Chema Trujillok jaso du gaztelaniazkoa

Lutxo Egia idazlea, eta Mikel Martinez eta Chema Trujillo aktoreak, Cafe Bar Bilbaon, atzo. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2017ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Antzezlanen abiapuntua da gidoia. Gidoirik gabe ez dago obrarik; eta, ondorioz, ez dago taularatzeko lanik. Ideia horretan egin du indar Mikel Martinez aktore eta Tartean Teatro antzerki konpainiako kideak. «Sormenean eta antzezlanetan garrantzitsuena gidoiak izatea da». Produkzio horri bultzada emateko, antzerki laburren lehiaketa egiten du Tartean Teatro konpainiak Cafe Bar Bilbao tabernarekin elkarlanean. Atzo banatu zituzten aurtengosariak, Bilboko Plaza Barriko taberna horretan. Lutxo Egia idazleak irabazi du euskarazko saria, Identitarteak lanarekin. Gaztelaniazko atalean, berriz, Chema Trujillo izan da irabazlea, Elle n´est pas Liz Taylor lanari esker. 1.000 euro jasoko du egileetako bakoitzak sari gisa, eta bi idazlanak Bilboko Cafe Bar Bilbao tabernaren webgunean argitaratuko dituzte. Abiapuntua jarrita dago. Gidoiak norbaitek antzezteko zain daude jada.

Identitate hitza aipatu gabe identitateari buruzko jolasa sortu du Egiak. Horretarako, bi aktore gaiari buruz eztabaidatzen jarri ditu bere lanean. Zehazki, padel partida bat jokatzen kokatu ditu aktoreak; baina pilotak jaurti beharrean, argudioak jaurtitzen dituzte. Igor Elortza bertsolariak sortutako hitza ardatz hartuta sortu du gidoia: Identitarteak. Eta dioenez, gogoeta egin du, umorez, surrealismoz eta zentzugabekeriaz. «Identitatearen eta tartearen arteko hitza da identitartea. Gaur egungo gizarte likidoan identitatearen afera zertan den azaltzeko aukera ematen du hitzak». Mutur batetik bestera egiten du jauzi Egiaren testuak. «Identitate itxi eta esentzialistatik, identitateak eratzen dituzten praktika sozialetara eta identitateen ukaziora egiten du sortu dudan lanak».

Antzerki gidoi bat idazten duen lehen aldia izan da Egiarentzat. Azken urteetan hainbat testu idatzi ditu ikus-entzunezkoen eremuan: Euskara Jendea dokumental seriearen eta Zer diozu? fikziozko filmaren gidoigintzan aritu da, kasurako. Eta arte performancean ere buru-belarri aritu da. Antzerki saria jasota, Identitarteak agertokira eramatea du xede idazleak, eta enbidoa ere bota du. «Bi jokalari edo bi antzezle dira, eta nahiko erraza litzateke atrezzoa sortzea. Hortaz, aktoreak eta zuzendaria falta zaizkigu orain». Martinezek azaldu du, taularatzeaz gain, irakurketa egiteko ere aproposa dela Egiaren lana. «Ez da ekintza asko duen gidoi bat. Testuak du garrantzia, eta horrek beste aukera asko zabaltzen ditu».

Parte hartzea gora

Ana Blanco aktorearentzat beren-beregi idatzitako lana da Elle nést pas Liz Taylor gidoia, Trujilloren esanetan. «Laguna dut, eta beti izan du Taylor interpretatzeko gogo sutsua. Nuen zorra kitatu dut testu honekin». 1965eko festa batean kokatu du istorioa Trujillok. «Warholen margolan koloretsu baten aurrean topo egiten dute Marcel Duchamp margolariak eta Taylor aktoreak. Solasaldi batean murgilduko dira artea eta interpretazioa ardatz hartuta. Lasai abiatzen da hizketaldia, baina berehala korapilatuko da». Aktorea da Trujillo, eta hainbat antzezlanetan parte hartu du; tartean, Julio Cesar eta El sueño de una noche de verano lanak. Oholtza gainean egoteaz gain, gidoiak idazten ere aritu da azken urteetan. Saritutako testua taularatzeko asmoa duela azaldu du. «Sariak asko lagunduko digu horretan».

Euskal Herrian bizi diren herritarren gidoiak onartzen dituzte antzerki laburreko lehiaketa honetan. Guztira, 30 aurkeztu dituzte aurten: horietatik bost izan dira euskarazkoak, eta 25 gaztelaniaz egindakoak. Jaso dituzten gidoien kalitateak harrituta utzi du Tartean Teatro konpainiako kidea. Martinez: «Euskarazko testuei dagokienez, izugarria izan da maila. Harrituta utzi nau, eta oso pozik nago horrekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.