Gemma Garcia Fabrega.
Kataluniako erreferenduma. ERREALITATEAREN ISPILUAK

Neurri bikoitza

2017ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Estatuaren errepresio estrategiak kalean bilatutako gizarte sostenguak atxikimendu minimoak lortzen ditu. Baina atxikimendu elokuenteak dira. Soilik eskuin muturraren hondarrak mobilizatzen dira. Gutxitan, eta gutxi. 300 pertsona eskas. Haiek dira, mobilizazio masiboetako lau egunotan, jazarpen biolentoak egiten agertu diren bakarrak, inongo fiskalek ezta ministrok ere ikusi ez dituzten jazarpenak. Herenegun bertan, ANC Biltzar Nazional Katalanaren egoitzaren atarian. Sinbologia faxistaz josita, inpunitatearen indarrez, kazetariak mehatxatu zituzten, herritar bati eraso egin, eta auto barruan zeuden adindu bikote bati listua bota, Viva España-ka ari ziren bitartean. Elastikoak —Arrazaren Gerra Saindua—, nazien sinbologia eta gurutzatu nazionalak; aurretik Guardia Zibilaren kuartelaren atarian elkarretaratu ziren, haiei aldeko oihuak botatzeko.

Estatuaren neurri bikoitza beti berdina izan da: ez dio berdin begiratzen sistema erreproduzitzen duenari eta hura aldatu nahi duenari. Buruargitasun jakintsuarekin azaltzen zuen Xavier Vinader kazetari eta lagunak: «Estatuak ez du sekula ikusi eskuin muturra arrisku gisa, kolaboratzaile gisa baizik».

Katalunian huts eginiko estatuari kiebra jotako kontakizun mediatikoa gehitzen zaizkio. TVEko albistegietako kazetariek erreferendumaren aldeko informazioen manipulazioa salatzen dute: lerraturiko tratamenduak, «gertatzen ari denaren zati bat ezkutatzen dutenak». La Sextak hordago faxistari, lasai ederrean, «Espainiako banderadun herritar» deitzen die, eta inolako agindu judizialik gabe poliziak CUPen egoitzari egindako oldarrari «liskarren eguna».

Bitartean, 1978ko erregimenaren paradoxak, polizia ohi frankista batek eramango du sedizio salaketa Euskal Herriarentzako horren memoria tristea duen Auzitegi Nazionalean. Eta Guardia Zibilaren koronel batek —Fuerza Nuevaren semea, tortura akusazioa jasotakoa eta Auzitegi Konstituzionaleko presidente ohiaren anaia— mossoen agintaritza hartu nahi du. Jendeak jada historiaren zaborrontzira bota duen erregimen baten paradoxak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.