Korsika 1. Euskal selekzioa 1

Zerbaiterako balio dezala

Euskal selekzioak penalti jaurtiketetan hartu du mendean Korsika, Ajaccion jokatutako partidan
Euskal selekzioko jokalariak, Korsikaren aurkako partida hasi aurretik, atzo, Ajaccioko Ange Casanova estadioan.
Euskal selekzioko jokalariak, Korsikaren aurkako partida hasi aurretik, atzo, Ajaccioko Ange Casanova estadioan. HARITZ GALLASTEGI

Julen Etxeberria -

2016ko maiatzak 28
Korsika. Jean-Louis Leca; Poggi, Bocognano, Modesto, Coulibaly, Lippini; Cabella, Pierazzi, Cahuzac, Cavalli; eta Santelli. Jokalari hauek ere aritu ziren: Vincensini, Aine, Cioni, Vincent, Marchetti, Vincent Leca, Romain, Benhaim eta Fogacci.

Euskal selekzioa. Iraizoz; Capa, Elustondo, Gurpegi, Garrido; Iturraspe, Rico; Xabi Prieto, Zurutuza, Yuri; eta Eraso. Jokalari hauek ere aritu ziren: Riesgo, Zaldua, Mikel Gonzalez, Ansotegi, Dani Garcia, Susaeta, Sabin Merino eta Markel.

Golak. 1-0: Santellik (20. min.). 1-1: Markelek (48. min.).

Epailea. William Lavis.

Bestelakoak. 3.000 ikusle inguru Ajaccioko Ange Casanova estadioan, tartean Euskal Herritik joandako hainbat jarraitzaile. Independentzia, Amnistia, Aitor eta Iñigo gogoan eta Korsika eta Euskal Herria Frantziaren kontra zioten pankartak izan ziren harmailan.

Hegazkinetik jaitsi berritan, burua udako oporretan zutela eta entrenamendu bakar bat ere egin gabe. Horrela ekin zioten euskal selekzioko jokalariek atzo Ajaccion Korsikaren aurka jokatu beharreko lagunarteko partidari. Ez zen inondik inora norgehiagoka bati behar bezala aurre egiteko modurik onena. Halere, bete egin zuten euren lana. Irabazi nahi zuten, eta irabazi egin zuten, penaltietan, arauzko denbora banakoarekin amaitu ondoren.

Mikel Etxarrik eta Jose Mari Amorrortuk prestatutako euskal selekzioak eutsi egiten dio emaitza bolada onari. Lau urte eta erdi daramatza partidarik galdu gabe, 2011ko Eguberrietan San Mamesen Tunisiaren kontra 0-2 galdu zuenetik. Ordutik bost partida jokatu ditu, eta ez du bakar bat ere galdu. Hiru irabazi ditu —6-1 Boliviari, 6-0 Peruri eta 0-1 Kataluniari— eta bi berdindu —bana Kataluniarekin eta Korsikarekin—. Bolada ona, ordea, ez da gaurko kontua. 2006ko maiatzean San Mamesen Galesen aurka 0-1 galdu zuenetik, Tunisia izan da euskal selekzioa mendean hartzeko gai izan den bakarra. Hamar urtean jokatutako 11 partidetatik zazpi irabazi ditu eta lau berdindu.

Estatistika onak dira, euskal selekzioak maila ona duenaren seinale. Hala ere, lagunartekoetan lortutako emaitzak dira horiek guztiak, zoritxarrez, lehiaketa ofizialetan parte hartu ezin duelako. Nolanahi ere, emaitza horiek guztiak baliagarriak dira aurkari izan daitezkeen selekzioen federazioen atea jotzerako orduan. Zenbat eta emaitza hobeak lortu, orduan eta ospe handiagoa izango du selekzioak, eta zenbat eta ospe handiagoa izan, orduan eta aukera gehiago egongo dira federazio garrantzitsuren batek aurkari izatea onar dezan. Ea atzoko neurketak horretarako balio duen.

Joko hobea bigarren zatian

Atzoko norgehiagokari dagokionez, denboraldi-aurreko partida baten tankera izan zuen, tentsiorik gabekoa. Hasieratik nabaritu zen jokalariak indarrez larri daudela. Hala ere, gogoa azaldu zuten. Hala, hasi eta berehala izan zuen euskal selekzioak lehen aukera, baina Xabi Prietok ez zuen asmatu Lecaren aurrean. Hain zuzen ere, Realeko erdilariak historia egin zuen atzo. Hamahirugarren aldiz jokatu zuen selekzioarekin, eta hortaz, norgehiagoka gehien jokatu duen jokalaria bilakatu zen, Igor Gabilondo eta Julen Guerrero atzean utzita.

Xabi Prietori falta izan zitzaion eraginkortasuna izan zuen Santellik 20. minutuan. Gorka Elustondori nagusitu zitzaion zelai erdian jauzi batean, eta bakarrik geratu zen Iraizozi begira. Korrika bizian hasi eta berehala iritsi zen areara, eta hor jaurtiketa neurtua egin zuen. Gola. Lehen aukeran asmatu egin zuten etxekoek. Ezin eraginkortasun gehiagorik erakutsi.

Golak indartu egin zuen bi selekzioen jokamoldea: euskal selekzioa baloiaren jabe egin zen, eta joko landua eginez saiatu zen arriskua sortzen; Korsikak, ordea, atzean sendo egon eta aukera zuenean kontraerasora ateratzearen alde egin zuen. Lehen zatia amaitzear zela, Capak aukera izan zuen berdinketa sartzeko, baina ez zen fin aritu errematean.

Susperraldia bilatuz, Etxarrik eta Amorrortuk talde erdia baino gehiago aldatu zuten atsedenalditik bueltan. Gurpegi aulkira joan zen, eta beraz, amaiera eman zion ia hogei urteko ibilbideari. Aldaketek laster eman zuten fruitua. Zurutuzak kornerra atera zuen, aldaratzea Susaetaren oinetara joan zen, eta hark erdiraketa ona egin zuen, Markelek buruz berdinketa egin zezan. 48. minutua zen. Euskal jokalarien poza, ordea, gutxi irautear izan zen, hiru minutu geroago Cabellak zutoinera bota baitzuen baloia.

Minutuek aurrera egin ahala, erritmoak behera egin zuen. Ez zen gol gehiago izan. Azkenean, penaltietan erabaki zen partidako irabazlea, eta 11 metroetatik euskal selekzioa nagusitu zen, hogei penalti jaurti ondoren (8-9).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna